Hamarkada: 1950

  • 1959-12-14. Kristina enparantzatxoan zen udal arrandegi eraikina egoera larrian zen, eta hondamen osoan zela deklaratzea erabaki zuten. Horregatik, inguruan zen sutegian lana egiten zuen Antonio Gurrutxagari erabakiaren berri eman eta ondoren tokia utzi beharko zuela adierazi zioten, eta eraikina botatzeko beharrezko neurriak hartu zituzten.
  • 1959-11-30. Luis Lopetegi 'Agerre I.a'-k 194 kilo zituen Aizarnabalgo harri famatua hamabi segundotan altxatu zuen.
  • 1959-11-11. Sebastian Errasti 'Xaxurre' musikaria hil zen.
  • 1959-9-29. Joxe Gurrutxaga 'Txokolo' txistularia hil zen.
  • 1959-6-15. Herriko bariantearen proiektua onartu zuten.
  • 1959-5-25. Musika Bandari diru laguntza kentzea erabaki zuten. Horrela, idazkaritzak hartu zituen bandak zeuzkan udal instrumentuak eta materiala jasotzeko eta entseguak egiten erabiltzen zituen lokaleko giltzak.
  • 1959-5-6. Hilaren 24an Anai Maristen Arte eta Ofizio Eskolan irakasle lanean urteak egin zituen Manuel Ferrer hil ondoren, haren omenaldiarekin bat egitea erabaki zuen Udalak. Lan bikaina eskertuz domina eskaini zion.
  • 1959-4-24. Anaia Maristen Ikastetxean ikasle izandakoen batzordeak, Perdillegi inguruan lurraldea erosi eta ikastetxe berria egiteko akordioak hartzea eskatu zuen. Udala, ordea, gaiari buruz erabakirik hartu gabe gelditu zen.
  • 1959-3-8. Ehun eta berrogeita hamar metroko abantaila zuela neurtu zen Ramon Azpeitia 8.000 metrotan korrika Leon Albenizekin. Albenizek bere lana 27 minutu eta 55 segundoko denboran egin zuen; Azpeitiak, 7.850 metro 28 minutu eta 4 segundoan.
  • 1959-3-3. Zezen-plazan idi demak jokatu zituzten.
  • 1959-2-1. Juan Ibarguren Manterola eta Joakin Atxega neurtu ziren 152 kiloko harri kubikoarekin, Atxegak bederatzi altxaldiren aldea zuela. Manterolak 215 eta 82 bider altxatu zuen, eta Atxegak abantailaz zituen bederatzi eta 72 bider hasieran eta 82 bider bigarrenean. Biek ere 15 minutuko bi saioetan egin zituzten altxaldiak.
  • 1959-1-19. Helduen lehen danborrada kaleratu zuten Azpeitian.
  • 1958-11-16. Zeledonio Alzibar eta Felipe Uranga zezen-plazan neurtu ziren 8.000 metrotan. Lehenak irabazi zuen, 36.06.3/5ean. Bigarrenak 36.18.4/5 behar izan zuen.
  • 1958-11-2. Manterola eta Soarte 150 kiloko harri zilindrikoarekin neurtu ziren. Manterolak hiru jasoaldiko aldea zeukan, eta berak irabazi zuen, hamar minutuko hiru saiotan ehun aldiz altxatuz; Soartek 96 bider jaso zuen.
  • 1958-7-3. Juan Antonio Larrañaga futbolaria jaio zen. Realean jokatu zuen.
  • 1958-6-2. Suteak erretako Erdi kaleko 8. zenbakia zuen etxearen tokian beste bat altxatzeko baimena eman zioten Luis Lizasori.
  • 1958-6-1. Udalaren laguntzaz Oargi taldeak antolatutako Txistu Eskola martxan jarri zuten.
  • 1958-5-11. Miguel Aldaz eta Frantzisko Irizar 12.000 metrotan lehiatu ziren, zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen 39.08.3/5ekin, bigarrenak 39.18.1/5 behar izan zituen.
  • 1958-1-20. Haurren bigarren danborrada izan zen Azpeitian.
  • 1958-1-20. Xebastian Lizaso bertsolaria jaio zen.
  • 1958-1-13. Udalak erabaki zuen Oargi taldeari 2.500 pezetako laguntza ematea, errege magoen kabalgatak sortutako gastuei aurre egiteko.
  • 1957-7-27. Oargi elkartearen barneko antzerki taldea aurkeztu zen Soreasu antzokian, 'Damuba garaiz' obrarekin.
  • 1957-6-3. Oargi taldeak aurkeztutako egitaraua onartu zuten; horrela, herri jaietan Euskal Festa antolatuko zen. Herriko programan bere berri emango zuten, baina gerorako utzi zuten diru laguntza eman zitekeen ala ez erabakitzea.
  • 1957-3-28. Diru laguntza ematen zion Musika Banda partikularraren arautegiko 33. artikulua aldatu zuen Udalak, bere emanaldiak seinalatuz.
  • 1957-3-8. Herriak Lagun Onak Futbol Taldeari enparantza nagusian lokala eman zion, eta bien artean egindako kontratua jakitera eman zuten. Lokala denboraldi baterako eman zuen Udalak, bertan zabalduko zuten taberna izaera publikokoduna izateko baldintzarekin.
  • 1957-1-28. Mila pezetako laguntza eman zion Udalak Accion Catolica gaztedi taldeari, San Sebastian egun bezperan -lehen haurren danborradan- desfilea antolatu zutelako.
  • 1957-1-19. Haurren lehen danborrada egin zuten herrian; arratsalde erdian kaleratu zuten.
  • 1957-1-14. Errege egun bezperako kabalgatarako Oargi taldeak aurkeztu zuen 1.800 pezetako aurrekontua ontzat hartu zuen Udalak.
  • 1957-1-13. Miguel Aldaz eta Pedro Albeniz 'Iruntxiberri' neurtu ziren lasterka zezen-plazan, 8.000 metro egiteko, baina Iruntxiberrik 90 metroko aldea zuela. Aldazek irabazi zuen 26' 57'' eginik. Bestea erretiratu egin zen -7.900 metro egiteko 27' 06'' behar izaten zituen-.
  • 1956-10-7. Julen Urbieta eta J. Mari Iriondo neurtu ziren lasterkan zezen-plazan, 8.000 metrotan. Urbietak irabazi zuen, 30 minutu eta zortzi segundotan; bigarrenak 30 minutu hamazazpi segundo eta erdi behar izan zituen.
  • 1956-9-30. Ramon Azpeitia eta Joxe Bengoetxea neurtu ziren lasterkan, zezen-plazan, bigarrenak berrehun metroko abantaila zuela. Azpeitiak 6.200 metro 23 minutu eta hamasei segundotan egin zituen. Bengoetxea erretiratu egin zen, 4.400 metro egitean.
  • 1956-9-19. Mariaren Sierbetako zuzendariaren eskaerari erantzunez eta Bixente Gibert arkitektuak eginiko proiektua ikusirik, nobiziagoa handitzeko baimena eman zioten.
  • 1956-9-19. Lagun Onak Mendi Bazkunak Izarraitz gailurrean altxatutako San Inazioren monumentua egiten izandako gastuen agiriak aurkeztu zituen, eta Udalak bost mila pezeta ematea erabaki zuen.
  • 1956-8-21. Arana auzoan 48 etxebizitza egiteko lurraldea prestatzeko baimena eskatu zuen Karlos Muñoz Guinea kontratistak, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1956-8-15. Joxe Bengoetxea eta 'Aiako Txikia' 8.000 metrotan neurtu ziren zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen 33.33.1/5ean, eta bigarrena erretiratu egin zen 1.700 metro egindakoan.
  • 1956-7-15. San Inazioren irudia inauguratu zuten Xoxote gailurrean.
  • 1956-6-18. Julian Barrenetxea Odriozolak diru laguntza eskaera egin zuen, berak zuzentzen zuen Tiple Eskolaniak parte har zezan Edinburgoko (Eskozia) Nazioarteko Musika Jaialdian.
  • 1956-4-27. Institutu Laborala egiteko obrak adjudikatu zirela jakinarazi zuen zuzendari nagusiak.
  • 1956-3-12. Diputazioaren gutun batez jabetu zen herria. Gipuzkoako monumentu deklaratu ziren: Basazabal etxea, Antxieta, Enparan, Madalena, Altuna, Errekarte, Loiola, Elizkalean den platerezko erako etxea eta Amue zubia.
  • 1956-3-11. Erlora apustua jokatu zuten Gregorio Alzibar eta Inazio Iturgainek. Iturgainek irabazi zuen, 48 minutu eta 11 segundo eginik; Alzibarrek 48 minutu eta 13 segundo behar izan zuen.
  • 1956-2-15. Ministerioak herrian Institutu Laborala eraikitzea onartu zuela jakinarazi zuten.
  • 1956-2-15. Urrestillan eskola bat etxe etxebizitzak egiteko lurraldeak erosteko gestioan egitea erabaki zuten.
  • 1956-1-22. Joxe Elorza Kortaberri eta Joxe Mari Oteiza aizkolariak neurtu ziren; zortzi enbor 45'' eta beste bi 72'' zituzten lanerako. Kortaberrik irabazi zuen 30'18'' denborarekin. Oteiza erretiratu egin zen zortzigarren enborrean, 29' 07'' denbora eginda.
  • 1956-1-8. Angel Albizu Soarte eta Jose Lopetegi 'Agerre II.a' neurtu ziren 125 kiloko harri zilindrikoarekin, Soartek 86 bider altxatu zuen 14 minututan eta Agerre II.ak 76 bider 16 minututan.
  • 1955-12-9. Agintariek Institutu Laborala inauguratu zutenez geroztik lehen ikastaroa hasteak sorrarazten zien poza aktan idaztea erabaki zuten.
  • 1955-11-24. Institutu Laborala inauguratu zuten, udaletxe zaharrean.
  • 1955-8-12. Gregorio Ansoalderi Foru Pasealekuan Zelaitxo zinema zabaltzeko baimena eman zioten. Aurrez herri eskubideak ordaindu zituen.
  • 1955-8-1. Inazio Perez Arregi hil zen, Donostian.
  • 1955-6-7. Alkateak esan zuen Perdillegi lurraldeak Udalaren esku gelditu zirela desjabetzearen bidez. Udalak erabaki zuen lurralde horiek Espainiako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren eskuetan jartzea, Institutu Laborala sor zezan.
  • 1955-6-5. Mikel Aldaz eta Ramon Azpeitia zezen-plazan neurtu ziren 8.000 metrotan. Aldazek 300 metroko abantaila zuen. Aldazek irabazi zuen, Azpeitia erretiratu egin zen-eta.
  • 1955-5-3. Institutu Laboraleko irakasleentzat etxebizitzak egiteko lurraldea eskaini zuen herriak, Perdillegin.
  • 1955-4-4. Institutu Laborala eraikitzeko zegoen eta, Espainiako Ministerioaren albiste bat jasorik, aurrez herriak hartutako erabakia onartu zuten: Perdillegiko lurrak eskaintzea Institutu Laborala egiteko.
  • 1955-3-13. Bengoetxea eta Uranga neurtu ziren 5.000 metrotan, zezen-plazan, eta Bengoetxeak irabazi zuen (20 minutu eta 40 segundo). Urangak 22 minutu eta 29 segundo behar izan zituen.
  • 1955-2-2. Aratz-Erreka auzoan eskola bat eta Urrestillan bi eraikitzeko -bata mutikoentzat eta bestea neskentzat- eskaera egitea erabaki zuten.
  • 1954-9-9. Joxe Soraluze Korta aizkolaria hil zen.
  • 1954-8-22. Juan Ibarguren Manterola eta Florian Olaizola 'Txikerra' neurtu ziren hamarreko kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan, lehenenak lau jasoaldiko abantaila zuela. Batak eta besteak 99 jasoaldi egin zituzten.
  • 1954-6-18. Luminor Zinema botatzeko baimena eman zioten Gregorio Ansoalderi. Haren aldetik Zelaitxo Zinema egiteko proiektua jaso zuten.
  • 1954-6-8. Gobernadoreak Perdillegiko lurraldeen desjabetzari buruzko onartutako prezioaren erabakiaren berri eman zuten.
  • 1954-5-14. Perdillegi baserriaren ingurutik Loiolara bitarteko bidea egokitzea erabaki zuten.
  • 1954-5-9. Joxe Agirre, Segurola eta Arrizabalagaren aurka zeurtu zen, 36''ko sei enbor ebakitzeko. Lana bukatzeko 9'12'' behar izan zituen Agirrek; bikoteak, 10'19''.
  • 1954-4-20. Aurrez Sarrondo aizkolariak ebaki gabeko altzifrea ebakitzea amaitu zuen Joxe Antonio Segurolak. 1.31.25.4/5 denbora behar izan zuten, lana bukatzeko bi orduko denbora bazuen ere.
  • 1954-4-13. Matximentako Joxe Antonio Rezola Sarrondo Lasao auzoan lurreratutako alzifre bat (sei metroko zirkunferentzia eta 4.092 kilokoa) mozten ahalegindu zen. Hamabi orduko epea zuen ebakitzeko. 06:30ean hasi zen, baina eguerdi aldera eskuak odoldurik zituen. Arratsaldean, bederatzi ordu eta hamar minutuko saioa egin ondoren, lanari utzi zion. Hamahiru aizkora erabili zituen, eta laguntzaile 'Keixeta' izan zuen.
  • 1953-12-10. Perdillegi baserria eta honen lurrak berriro tasatzeko Tolosako Kandido Muñagorri izendatu zuten baserriaren nagusiek, eta alkateari eskatu zioten berak ere peritu egokia aukeratzeko tasatze lanerako.
  • 1953-12-10. Zestoako alkatearen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzean, uholdeetan izandako ezbeharrean hil zirenak gogoratzeko egin nahi zuten monumentuari buruz ari zen. Gutunari erantzutea erabaki zuten, monumentuari buruzko xehetasunak jakiteko eta Urola aldeko alkateen bilera egiteko proposatuz. Batzar horretan alkateek aurrekontuaren berri jakin zezaketen, udaletxean azaltzeko ideia horren nondik norakoak.
  • 1953-10-9. Infantadoko duke Joakin Arteagaren ordezkariak eta administrazioko perituak eginiko balorazioak ikusi ondoren, Perdillegi baserriaren lurraldeei buruz honoko erabakiak hartu zituzten: 1. Joakin Arteagaren ordezkariari eta ondorengoei adieraztea administrazioa prest egon zitekeela orube guztia erosteko, Joxe Laskibar perituak azken irailaren 25ean sinatutako agiriak zioen bezala, 434.314 pezeta ordainduta. 2. Eskaintza ez bazen ontzat hartzen, aurrera jarraitu beharko zuela desjabetzaren espedienteak.
  • 1953-9-26. Xabier Azkargorta jaio zen. Futbol munduan da ezaguna, batez ere, entrenatzaile bezala.
  • 1953-6-18. Gaztañadizabalko iturburuko urak erabiltzeko kontratua onartu zuen Udalak.
  • 1953-6-18. Peruko presidente Odria jenerala herriko seme kuttun gisa izendatzea erabaki zuten.
  • 1953-6-18. Infantadoko Dukearekin harremanetan jarri zela adierazi zuen alkateak. Dukeak Perdillegi baserria eta bere lurraldeak erosteko gogoa agertu zuen.
  • 1953-6-6. Herrian Institutu Laborala sortu nahi zuten eta horren inguruan Udalak erantzuna eman zion Espainiako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioari. Bertan urteko aurrekontuaren 74.500 pezeta irakasleentzat eta etxebizitzentzat izango zirela zehaztu zuten, institutuko eraikin berria egin bitartean.
  • 1953-4-22. Loiolako etorbidearen proiektuak eta aurrekontuak onartu zituzten, eta kostuaren erdia Lurralde Hondapen Zuzendaritza Nagusira eskatzea erabaki zuten.
  • 1953-4-22. Ramon Martiarena arkitektuari Perdillegi baserriko lurraldean 60 etxebizitza babestu egiteko proiektua eskatzea erabaki zuten.
  • 1953-4-22. Alkateari ahalmena eman zioten Institutu Laborala sortzeko eskaera egiteko eta horretarako lurrak eskaintzeko.
  • 1953-3-30. Herrian Nekazari eta Abeltzain Institutua zabaltzeko eskaera eginik zela esan zuen alkateak.
  • 1953-2-17. Felix Etxeberria eta Joxe Urbistondo neurtu ziren sei enbor 54'' eta lau 45'' zituztela lanerako. Etxeberriak irabazi zuen 36' 26'' 1/5 denborarekin. Urbistondok bere lana 36' 52'' denboran amaitu zuen.
  • 1952-12-21. Eusebio Alberdi eta Anastasio Orbegozo neurtu ziren, 36 ontzako sei enbor eta 45eko lau ebakitzeko. Alberdik irabazi zuen, lana 13.59an eginez. Orbegozok 14.16.4/5ean egin zuen.
  • 1952-11-11. Pedro Iriondo eta Joan Etxeberria zezen-plazan 8.000 metrotan neurtu ziren. Lehenenak lana 30.04.2/5ean egin zuen, bigarrenak 32.10.1/5ean.
  • 1952-11-9. Luis Lopetegi 'Agerre I.a' eta Joxe Odriozola 'Garatxabal' 152 kiloko harri kubikoarekin neurtu ziren. Lehenenak 30 minututan 78 aldiz altxatu zuen harria, eta bigarrenak 66 aldiz denbora berean.
  • 1952-10-26. Mariano Garate eta Felix Badiola neurtu ziren zezen-plazan, 63 ontzako lau enbor eta 45eko beste lau aizkoraz ebakitzeko saioan. Lehenak irabazi zuen 19.18.4/5ean eginez lana. Bigarrenak 22.33.4/5ean bukatu zuen.
  • 1952-10-11. 'Agerre I.a' eta Garatxabal harri-jasotzaileak neurtu ziren zezen-plazan.
  • 1952-9-21. Olazko Andre Mariaren koroatzea ospatu zuten.
  • 1952-7-13. Kandido Txurruka eta Juan Goli neurtu ziren, hamabi enbor kana erdikoekin. Lehenenak lana 36.56.3/5ean amaitu zuen eta bigarrenak 37.21.2/5 behar izan zituen.
  • 1952-5-16. Abitaingo urtea zen lurraldearen erosketa eskritura sinatu zuela adierazi zuen alkateak.
  • 1952-2-28. Inazio Perez Arregi hil zen, Donostian.
  • 1951-12-23. Joxe Epelde eta Frantzisko Landa neurtu ziren zezen-plazan 8.000 metrotan, Epeldek 36.36.1/5ean denbora egin zuen, eta Landa 4.200 metro egin eta erretiratu egin zen.
  • 1951-11-29. Alkateak jakinarazi zuen Probintziaren Batzordeko zerbitzu teknikoak ez zuela ontzat hartu Martzelo Gibert arkitektuak Azoka plaza handitzeko proiektua -lehen zen tokian egitea, behintzat-, eta Udalak erantzutea erabaki zuen, tokirik egokiena hori zela esanez.
  • 1951-4-6. Ramon Martiarena arkitektuari proiektu batzuk egitea eskatu zioten: maisuentzat etxebizitzak izango zituzten eskolak eta Institutu Laboral bat sortzeko proiektua, gimnasio bat, igerileku publiko bat, etxebizitzak, suhiltzaileentzako tokia eta abar.
  • 1951-3-9. 'Acción Catolica' deituriko gaztediaren buruari Udalak erantzun zion pozgarria egiten zitzaiola jakitea dantza talde bat osatu zela, eta orduan diru laguntzarik emateko aukerarik ez bazuen ere -aurrekontuan kontuan izan ez zelako-, laguntza luzatuko zuela dantzari taldeak parte hartzen zuen jaialdietan.
  • 1951-2-17. Urolako trena martxan jarri zeneko 25. urtea beteta zen, eta Julian Elorzari eta Inazio Perez Arregiri esker ona berritzea eta herriaren lehen urrezko dominak ematea erabaki zuten.
  • 1951-2-7. Abitain iturburua zen lurraldea erostea erabaki zuen herriak.
  • 1951-1-29. Kale garbitzaileentzat uniformeak erostea erabaki zuten.
  • 1951-1-29. Luzio Martinez zoriontzea erabaki zuen Udalak, herriko erretoretzarako izendatua izan baitzen.
  • 1951-1-29. Erdi Heziketa eta Profesional Ikasketarako Zuzendaritza Nagusiari herrian Nekazari eta Hazkuntza Ikastetxea zabaltzeko eskaria egitea erabaki zuten, konpromisoa hartuz beharrezko ziren lurrak Espainiako Estatuari emateko Eskuztan edo beste toki batean.
  • 1950-10-15. Angel Albizu 'Soarte' eta Santos Iriarte 'Errekartetxo' neurtu ziren 125 kiloko harri kubikoarekin. Soartek 90 bider altxatu zuen 30 minututan, eta Errekartetxo erretiratu egin zen 45 bider altxatuta.
  • 1950-10-15. Ramon Iurrebaso eta Joxe Elorza Kortaberri ere neurtu ziren, 45 ontzako sei enbor ebaki nahian. Iurrebasok irabazi zuen, hamazazpi minutu eta bost segundotan; bigarrenak 28 minutu eta segundo bat behar izan zituen.
  • 1950-7-18. Urrestillako parrokiko organoa inauguratu zuten. Manuel Aizpuru herritarrak donatutakoa zen.
  • 1950-6-11. Nuarbeko eliza inauguratu zuten, erreforma handiak egin ondoren.
  • 1950-6-4. Miguel Ibarmia Mendiola errezildarra eta Inazio Iriarte Igartza urrestildarra neurtu ziren, bi enbor 75 ontza eta erdikoak eta 14 30ak zituztela. Lehenenak 66.20.3/5ean amaitu zuen lana, eta bigarrena erretiratu egin zen, 34.02 egin ondoren.
  • 1950-5-14. Arruizko Txikia eta Lino Aldalur 9.000 metrotan neurtu ziren, zezen-plazan. Bigarrenak 50 metroko abantaila izan zuen. Lehenenak irabazi zuen, 33' 4'' 2/5ean; bigarrena 5.000 metro egindakoan erretiratu egin zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan