Eguna: 8-4

  • 1902-8-4. Azkoititik Zumaiara bitarteko tranbiari buruz Gipuzkoako Obra Publikoen ingeniariburuak egindako idatzia irakurri ondoren, Udalak proiektua onartzea erabaki zuen, baina ezarritako baldintza batzuk bete beharko zituen. Horrela, tranbiak kalearen ezker aldetik joan beharko zuen, bera eta etxebizitzen artean 0'75 metroko tartea utzita. Tranbiaren martxa abiadak herria igarotzean, berriz, pertsonaren pausokoa izan beharko zuen. Azkenik, etenik gabe kanpaitxoa joko zuen bide guztian, eta alanbrea eta errailak jartzeko lanak eta kalean egin zitezkeen kalteak kontzesionariak ordaindu beharko zituen.
  • 1902-8-4. Alkateak, Alberdik eta Urangak osatutako batzordea izendatu zuten, herriz kanpo zezen-plaza egiteko lurraldea erosi eta aurre gestio guztiak egiteko.
  • 1897-8-4. Gurasoei semeak eskolara bidaltzeko zuten beharra gogoraztea erabaki zuten. Izan ere, sei urtetik hamahirura bitarteko umeak eskolaratu egiten ziren, eta eskolan hasi aurretik txertoa jartzen zieten. Alkateari eskatu zioten gai horri buruz ahalegin guztia egitea.
  • 1897-8-4. Muguruzak San Inazio eguneko bezpera elizkizunera Udala joan gabe gelditu zelako bere protesta adierazi zuen. Eta abuztuaren lehen eguneko prozesiorako lurraldeko diputatu probintzialari egindako gonbitea ez zitzaiola egokia iruditu ere azaldu zuen.
  • 1815-8-4. Diputazioaren ofizioa eta Espainiako Gobernuko Epai Ministerioak emandako agindu erreala irakurri zituzten. Aurrez zeuzkaten ikastetxeetara berriro jesuitak itzultzeko eskaera egitera bultzatu zuten herria. Herriko erretoreari ez ezik, Urrestillakoari eta Matxinbentakoari diru laguntza eskatzeko gogo bera euren elizetan eliztarren artean susper zezaten eskatzea erabaki zuten.
  • 1801-8-4. Agintariek, herritar bereziekin bilduta, lantegi berria jarri zen Bustinzuri etxea alokatzea erabaki zuten, herriarentzat egokia izango zela irudituta.
  • 1794-8-4. Frantziskanen komentuko lekaimeek herritik alde egin zuten. Altzolara joan ziren.
  • 1631-8-4. Frantzisko Saez Aranburu kapitainak adierazi zuen gezurra zela herritarrek ostatua emateko aurreko egunean bere soldaduen artean txartelak banatu zituenik. Bide batez, herriari laguntza eskatu zion, bera ordaintzeko prest zela esanez.
  • 1592-8-4. Martin Perez Zabala Lasaoko jaunak ez zuen nahi herrian agindutako arma erakusketa egitea eta auzia jarri zioten. Arma erakusketa egitera kondenatua izan zen, eta 11 pika, hamabi alkabuz eta sei moskete azaldu zituen.
  • 1573-8-4. Gauean etxetik kanpo inor ez ibiltzeko ordenantza berri bat onartu zuten. Ondorioz, egun horretatik aurrera, San Miguel egunera bitartean hamarretatik aurrera kalean ibiltzea debekatu zuten, eta San Miguel egunetik maiatzeko bazko eguna bitartean, berriz, bederatzietatik aurrera ibiltzea debekatu. Norbaitek emandako agindua ez betez, hiru errealeko isuna eta lau eguneko kartzela jasoko zuen eta, gainera, etxe, baratza, sagasti edo soroetan egin zezakeen kaltea ordaindu beharko zuen.
  • 1556-8-4. Herri barruko eta kanpoko biztanleek aginduta, lau gizonezko basoan ibili ziren zenbat ezkur zegoen jakiteko. Udalbatzarrean 310 txerrirentzat adina ezkur bazela adierazi zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan