2019-6-7. Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri 'Katxo' zena omendu zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, bi azpeitiarrek Ekain kobazuloa aurkituko zuteneko 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian.
2016-6-7. Mikel Labaka Realaren gizonezkoen talde nagusiko hirugarren entrenatzaile izendatu zuten.
2013-6-7. Errezeta elektronikoa iritsi zen Azpeitira. Osakidetzaren txartelak paperezko errezetak ordezkatu zituen, salbuespenezko kasu jakinetan izan ezik.
1991-6-7. Herrian aurkeztu zuten San Inazioren V. mendeurreneko seilua. Loiola'91 Batzordeak bultzatu zuen.
1988-6-7. Esklaben elizan aurkeztu zen Juan Antxieta Musika Eskolako Antxieta Gazteak abesbatza.
1962-6-7. Umeentzako parke bat egokitzea erabaki zuten Santiago kaleko alderdi batean. Horretarako Diputazioari laguntza eskatu zioten.
1955-6-7. Alkateak esan zuen Perdillegi lurraldeak Udalaren esku gelditu zirela desjabetzearen bidez. Udalak erabaki zuen lurralde horiek Espainiako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren eskuetan jartzea, Institutu Laborala sor zezan.
1931-6-7. Bitor Zabala Arteondo eta Juan Kortajarena Ondartza neurtu ziren zortziko zilindroarekin, hamar minutuko hiru ekitalditan. Arteondok 151 jasoaldi egin zituen eta Ondartzak 140.
1911-6-7. Fruktuoso Elorza alkatearen mozioa ontzat hartu zuten. Bertan diputatuen Kongresura idatzia bidaltzea erabaki zuten. Idatzi horrek kalteak ekarriko zituela jakinarazi zuten, erlijio erakundeak ezerezean utziko zituelako legearen bidez.
1886-6-7. Felix Ortiz San Pelaiok Sinfonia Baskongada estreinatu zuen Buenos Aires hirian.
1858-6-7. Herritar behartsuentzat eta lurraldeko herrikoentzat Miserikordian obrak egitea erabaki zuten. Bertako kapera argi gutxirekin geldituko zela eta, gainera, nahiko txikia zelako, kapera berria egiteko proiektua onartu zuten. Horretarako apezpikuaren baimena lortzea erabaki zuten.
1858-6-7. Lorentzo Egigurenek eta beste hamabost familiak eskaria egin zuten Eskuzta zelaiko iturria berriro martxan jartzeko. Urik ez izateko zer gertatzen zen jakitea erabaki zuten.
1852-6-7. Artetxe erregidoreak jakinarazi zuen herriko neskameei ez zietela uzten euren arropa garbiak zabaltzen Elormendiko San Pedro zelaian. Iturriagatxoko maizterrari agindu zioten bere baserrian zegoenari hori jakinaraztea, zelai hura herriarena zelako eta bera ez zelako inor debekatzeko.
1823-6-7. Diputazioak bidali zuen gutuna erantzutea erabaki zuten, honakoa esanez: herria betidanik erregearen zerbitzari zintzoa izan zela, baina une horretan herria defenditzeko inolako armarik gabe zeudela, eta probintziak egoera aldatzeko neurriak hartuko zitueneko itxaropena zutela.
1797-6-7. Herrian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako udaltzainei jantzi berriak egitea erabaki zuten.
1795-6-7. Urdapilleta alkateak adierazi zuen bere emaztearen Gorostiola etxean frantziar soldaduak sartu zirela eta zoru, ate, leiho eta eskailerako egur guztiak eta apaingarri guztiak erre zizkiotela. Kalteak tasatu ondoren, zortzi mila errealeko kalteak sortu zizkioten. Derrama osokoa zenez, Enparan inguruan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
1793-6-7. Diputazioak bidalitako albiste batean, Frantziarekin merkataritza egitea debekatu zuten, unean zegoen gerra kontuan hartuta.
1743-6-7. Getariko gutun bat jaso ostean, hurrengo egunean konpainia bertaratzeko prest egotea erabaki zuten.
1595-6-7. Jesusen Lagundiko Aita Alonso Ramirez agertu zen. Hark Loiolako Inaziori buruz zerbait jakin nahi zuen, aita santuaren aldetik kanonizatua izan zedin. Horretarako, Udalari laguntza eskatu zion. Herriaren ongarria izanda, Juan Martinez Zandategi eta Azkune lizentziatua izendatu zituzten jesuitari laguntzeko. Herriak gai horretan nolako zerikusia zuen jakiteko, ordenako Probintzialari eta OƱatiko monastegiko erretoreari idatzi zioten.
1577-6-7. Fernando Loiola parrokiko erretorea hil zen. Haren postua betetzeko egokia iruditu zitzaien Pedro Zuola batxilerra, eta berau Juan Borjari eskatzea erabaki zuten. Martin Garzia Loiola izendatu zuten gestioak egiteko.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago