2019-12-19. Bascotecnia-LagunArtea enpresa erosi zuen Sarralle Taldeak.
2015-12-19. Ilunpe Pilota Elkarteak jaso zuen 2015eko Azpeitiko Kirolaria Saria.
2014-12-19. Lapatx zabortegiaren itxiera 2015eko udazkenera atzeratuko zutela iragarri zuten Diputazioak, GHK-k eta Urola Erdiko Mankomunitateak; otsailean, urte berean baina apirilean itxiko zutela esan zuten.
2007-12-19. Gipuzkoako Kirol Elkarte Aipagarrienaren Saria jaso zuen Iraurgi Saskibaloi Taldeak, Donostian.
1935-12-19. Euskaltzaleak Elkarteko Probintziko zuzendari juntaren izenean, Ildefonso Gurrutxagak herriko Udalari idatzi zion, elkartearen proiektua agertuz euskal kultura indartzeko, eta otsailean Bertsolari Eguna ospatuko zela esanez Donostian, aurrez antolatzen zirela zenbait herritan bertsolarien arteko kanporaketak, eta horietako bat Azpeitian izango zela -lurraldeko bertsolarien arteko lehiaketa urtarrilaren 1ean, meza nagusiaren ondoren-. Bide batez, Azoka plaza horretarako erabiltzeko eskatu zuen, eta bertsolari eta epaileentzako oholtza. Sarrera txiki bat kobratzeko baimena eman zioten. Udalak oholtza jartzea erabaki zuen, eta jaialdiei ezartzen zieten zerga ez kobratzea.
1933-12-19. Marzial Uzinek Foruen pasealekuan zeukan lantegiaren gainean etxebizitza egiteko baimena eskatu zuen. Udalak kontu hori Osasun inspektorearen eskuetan uztea erabaki zuen, honen iritzia jakin ahal izateko.
1910-12-19. Gortean lurraldeko diputatu Manuel Senantek bidalitako gutunaren eta horrekin batera bidalitako Fermin Kalbeton Espainiako Gobernuko ministroaren beste gutun baten berri eman zuten. Gutunetan Zumarragatik Zumaiarako trenaren espedientea sinatu zela adierazi zuten.
1892-12-19. Gobernadoreak garai batean udaletxe zaharra eta ondoren lurraldeko kartzela izandako eraikina saltzeko baimena eman zion herriari. Baimena lortuta, salmenta indarrean zeuden legeak jarraituz egitea erabaki zuten.
1812-12-19. Azken egunetan herrian izan zen Domoustier jenerala eta, hark adierazitako idatziaren osagarri, Cafareli kondeari eta intendente nagusiari bidaltzeko asmoan, herriak bere aldetik prestatu zuenaren berri adierazi zuten. Bertan, Frantziako indarrak Azpeitian izan zirenean herriak nolako egoera ezagutu zuen adierazi zuten. Dumoustier jeneralaren tropak herrian eman zituen zortzi egunetan, herritarrek hainbat astakeri jasan behar izan zituzten: lapurretak, zigorrak... Hainbat herritar ezer gabe eta aurrera egiteko inolako itxaropenik gabe utzi zituzten. Herriak Domustier jeneralari berak ezarritako isuna bertan behera uzteko eskatu zion, nahiko sakrifizio pairatu baitzuen tropak herrian izan ziren bitartean. Gainera, nahiko lan izango zuen herriak hondamen hura gainditu ahal izateko. Gutuna Inazio Genaro Jauregi, Miguel Zuazola, Frantzisko Enparan, Joxe Ramon Elorza, Inazio Miguel Agote, Domingo Etxeberria, Manuel Ibero, Frantzisko Etxeberria, Antonio Etxaleku eta Joxe Inazio Abarrategik sinatu zuten.
1793-12-19. Xabier Zuazolak bidalitako gutunean zioen beronek zuzentzen zuen konpainiak erregeak emandako ogia baino ez zeukala, ez zuela inola ere erregeak eta probintziak agindutako eguneroko soldata jaso eta bazuela Azpeitiko herriak laguntza emango zion itxaropena. Hori jakinda, Azpeitiko Udalak eskribauari agindu zion diruzainari esateko hirurehun pesuko balea presta zezala Zuazolari igortzeko.
1742-12-19. Manuel Inazio Altunak Napolesen (Italia) azaroaren 6an sinatu zuen gutunaren berri eman zuten. Gutuna, herriak irailaren 29an alkatetzarako aukeratua izan zela adieraziz idatzitakoaren erantzuna zen. Bertan eskerrak eman zizkion herriari alkate aukeratuta beragan jarritako konfiantzagatik.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago