Eguna: 8-14

  • 2020-8-14. Koronabirusaren agerraldia zela eta, abuztuaren 7tik 9ra Alde Zaharrean ibili ziren herritarrei PCR proba egiteko eskatu zien Osakidetzak.
  • 1992-8-14. Joxe Apalantza lasterkalariak Xoxote gailurrerako joan-etorria hobetu zuen. 45. 09.075 behar izan zituen. Gailurrera 30.12an iritsi zen eta behera 15.58an.
  • 1934-8-14. Ziriako Agirre lehen tenienteak jakinarazi zuen gobernadorearen aginduz atzo berak hartu zuela alkatetza, Joxe Antonio Oiarzabal bere postutik kenduta baitzen. Aho batez Oiarzabal alkatearekin bat egitea erabaki zuten, Kontzertu Ekonomikoa eta Herrien Autonomia defendituz egoki eta indartsu jokatu baitzuen hilaren 12an egindako hauteskundeetan. Udaletxea indar publikoek hartu zuten, Oiarzabal alkatetzara ahalik eta azkarren itzultzeko eskatzeko.
  • 1934-8-14. Urrestillako plazari 'Aita Antxieta' izena jartzea erabaki zuten.
  • 1882-8-14. Inazio Ibero alkate zela, hamazazpi puntuz osatutako bandoa onartu zuten, eta ondoren herritarren jakinerako zabaldu.
  • 1865-8-14. Juan Amezuak eskatu zuen parrokiko organoa eman zuenetik lau urte igaro zirenez, orain artean izandako erantzun beharra ezerezean uzteko. Ondorengo batzarrerako Amezuarekin egindako eskrituraren berri jakitea erabaki zuten.
  • 1820-8-14. Jesuitak egotzi egin zituztela adierazi zuen dekretu berria eman zuten.
  • 1814-8-14. Herri Batzarrean adierazi zuten Espainiako erregeak foruak berretsi zituela.
  • 1733-8-14. Harzubitik Loiolarako bidea Inazio Ibero maisuak emandako ideiaren arabera egiteko eta, batez ere, altxatu behar ziren hormak altxatzeko, Sebastian Legarda, Joxe Aragana, Tomas Bikendi eta Domingo Errazti maisuak batzarrera deitu zituzten. Horiek berehala lanean hasteko konforme azaldu ziren.
  • 1718-8-14. Joxepa OƱatibia, herriko fidela eta bere semeari erosi zieten lurraldean, teilari berria egiteko etxe berri bat eraikitzea erabaki zuten, ahalik eta gastu txikiena egin nahi baitzen. Eta herritarrei materialak garraiatzen laguntzeko erregutu zieten, herriaren onerako izango baitzen.
  • 1711-8-14. Sei edo zazpi hilabeteko haur utzi bat azaldu zen Enparan inguruko bide berrian. Ibarzabal baserriko Antonia Zendaoiari eman zioten hazteko, ezinezkoa baitzen norena izan zitekeen jakitea.
  • 1687-8-14. Elurraren hornikuntza egiten zuen Joseph Abarrategik adierazi zuen izoztegia teilatu gabe zela oraindik eta, ura sartzen zenez, elurra alferrik galtzen zela. Hamabost egunetan bertan ziren maisuei lana amaitzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1683-8-14. Madalenako ermita konponketa beharrean zen eta Teresa Elordi bertako serorak eskainitako dotearekin gastuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1629-8-14. Pedro Mandiolazak parrokiko elizako dorrea amaituta zuenez, lanak ikusteko maisu bat izendatzea eskatu zuen. Herriak Domingo Eizmendi maisu hargina izendatua zuen.
  • 1590-8-14. Iraileko Andre Mariaren eguna alardea eta arma erakusketa egiteko izendatu zuten. Bertara armekin azaldu behar zen, eta hala egin ezean 600 maraiko isuna eta lau eguneko kartzela ezarri zuten. Harria eta txinpartarekin erabiltzen ziren alkabuzak ez aurkezteko agindu zuten.
  • 1577-8-14. Akemendi lizentziatuak adierazi zuen herriko biztanlegoa gehitzen ari zela, eta oraindik ere gehiago handitzeko derrigorrezkoa zela eraikin publikoak, batez ere burdinolak eta errotak bultzatzea. Beraz, berak egin bezala, horrelakoak jartzeko askatasuna ematea eskatu zuen, horiek jartzeak kalteren bat egiten bazuten ere. Akamendi lizentziatuak herriaren baimenarekin errota jarri zuen martxan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan