2020-12-26. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatu zuen Julen Egiguren pilotariak. 22-5 galdu zuen, Elordiren kontra, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan.
2020-12-26. 'Zerotik hasi' diskoa plazaratu zuen Espartzu taldeak.
2003-12-26. Jokin Uranga bertsolariak, Fredi Paiarekin eta Xabier Silveirarekin, 'Zaharrak Berri Tour' aurkeztu zuen, Zestoan.
1973-12-26. Eguerdiko hamabietan eta batzar berezian bildurik, alkateak adierazi zuen gai bakarra Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidenteak izandako atentatua gaitzestea zela. Aho batez Espainiako presidenteari dolumina agertzea erabaki zuten.
1965-12-26. Karmelo Etxegarairen omenezko monumentua inauguratu zuten. Joxe Lopetegik eginiko irudia zen.
1933-12-26. Tadeo Aztiria osasun inspektoreak emandako iritzia kontuan izanik, Martzial Uzini etxebizitza egiteko baimena eman zioten. Raimundo Alberdi arkitektuak eginiko planoan agertzen zen eran egin beharko zuen.
1903-12-26. Joxe Martin Goenaga 'Atxumarriaga' eta Pedro Mari OtaƱo 'Santa Ageda' aizkolariak neurtu ziren herriko plazan. Atxumarriagak irabazi zuen.
1852-12-26. San Inazioren zilarrezko irudia eraman zuten Loiolako eliza nagusira. Prozesioan partaide, agintariak, parrokiko apaizak eta herritarrak izan ziren. Beharreko akta jaso ondoren, Antonio Morey Loiolako erretorearen eskuetara pasatu zuten hura gordetzeko ahalmena. Inolako aldaketarik egin gabe, jabetasuna herriarena izaten jarraituko zuen.
1845-12-26. Azkoitiko herriaren idatzi baten berri eman zuten, adieraziz gaixotasun handi bat izan zela bertan. 120 biztanle zeuden kutsatuta, egunetik egunera gehitzen ari zen kopurua, eta ezinezkoa egiten zen, ahalegin guztiak egin arren, herritar guztiei laguntza eskaintzea. Derrigorrezkoa egin zitzaien sendagile eta zirujauen laguntza; batez ere, herritik bide luzera zeuden baserrietara iristeko. Azken batean, Azpeitiak sendagilea eskatu zuen, ordu batzuz bazen ere bertan lana egin zezan. Joxe Ramon Sagastume sendagilearekin hitz egitea erabaki zuten gaiari buruz, eta eskatu zioten bertan aritzeko -ahal izanik, behintzat-, baina gaua igarotzera herriratu zen, eta horixe bera Azkoitiko herriari adieraziko zioten. Mediku hari galdetzea erabaki zuten nolako gaixotasuna zen bertan eta neurriak hartzea beharrezkoa al zen Azpeitian.
1765-12-26. Guillermo de la Prada herriko dorreko ordulariaren arduradunari -bertan kokatu ondoren-, bigarren zatiko ehun dukat ordaintzeari buruz hitz egin zuten, ez zuelako orduan herriak dirurik. Alkateak adierazi zuen berak aurreratuko zituela, lehen zatia ordaintzean bezala, eta onartu egin zuten. Joseph Abalia zurginak jaso beharko zituen berrehun dukat. 163 erreal, berriz, berari ordaintzea erabaki zuten, hurrengo urtean basoak saltzean herriak jasoko zuenetik, eta unean bale bat emango zioten horrela adieraziz.
1754-12-26. Azken bost urtean herriak izandako sarrera eta gastuen berri emanez erantzun zion herriak korrejidoreak eginiko eskaera bati, esanez bereak zituela bi udaletxeak, alondegia eta dorrean zen eraikina (guztiak enparantzan kokaturik), partea izanik Enparan eta Soreasu errotak zituzten irabazietan ere, eta Gurpide errotan, berriz, hamarreko zati bat. Irabazirik handienak jaso zituen herriak bere baso eta mendietako egurra saldu zuenean, baina alde handiak izanik urte batzuetatik besteetara. Xehetasun gehien adierazten ahalegindu zen herria bere idatzian.
1753-12-26. Kontuan izanik herriko agintariak aukeratzeko eguna aldatu eta hurrengo egunean egin beharko zutela azken ordenantza betez, aurrez izan ohi zen Izpiritu Santuaren mezaren ordua izendatu nahian parrokiko apaizei idatzi baten bidez galdetzea erabaki zuten.
1696-12-26. Herriaren kontsultari buruz Juan Larreta lizentziatuak emandako iritzia aurkeztu zuten, eta erabaki zuten agintzea. Herritar guztiak derrigortuta zeuden euren aleak Enparan eta Soreasu errotetara ehotzeko eramatera, errotariek guztia prest izaten zutelako egun bat igarotzerako. Horrela, euren lana beteko ez balute, aukera lukete herritarrek beste errota batera aleak eramateko.
1600-12-26. Enkantean hartu zuen Frantzisko Ugartek herriko alondegia, 258 dukat ordainduta, irabaziak eskuratzekotan dudarik gabe.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago