2019-9-11. Hitzaren Eskolarekin ireki zituen ateak Dinamoa sormen guneak.
2012-9-11. Auzo alkateak izendatu eta aurkeztu zituzten.
2011-9-11. 33 urte eta gero, Pako Aristik Urrestillako parrokiko organo-jotzaile izateari utzi zion.
2010-9-11. Inazio Urrestilla herriko azken gizonezko jostunak erretiroa hartu zuen.
2008-9-11. Ekain kobazuloaren erreplika inauguratu zuten Zestoan: Ekainberri. Haitzuloa Andoni Albizuri 'Katxo' eta Rafael Rezabal azpeitiarrek aurkitu zuten, 1969an, Zestoan. Aurkikuntza historikoa izan zen, marrazki esanguratsuak daudelako Ekainen.
1995-9-11. Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatibako hemezortzi irakaslek euren postuak utzi zituzten eta Ikasberri Kooperatibara pasatu ziren. Izarraizpetik egotziak izan ziren.
1933-9-11. Domingo Lizarralderen lantegiko pabilioietan sutea gertatu zen.
1912-9-11. Zinegotzi batek azaldu zuen Enparan eta Harzubiko zubien artean igarotzen ziren zama handiko gurdiek errepidea erabat galtzen zutela. Udalak era horretako gurdiei errepide horretan ibiltzea debekatzea erabaki zuen, bi zubien arteko etxe edo dendetarako zerbait eraman beharrik ez bazuten behintzat.
1899-9-11. Uranga zinegotziak herriaren eraikinetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko azaldutako mozioaz adierazi zuen Udalaren eginkizuna zela herriko eraikin publikoetan plaka horiek jarri edo ez erabakitzea. Alberdi plakak jartzearen kontra azaldu zen, ekintza politikoa zela adieraziz, eta alkateak gauza bera zioen. Arozena, aldiz, "Azpeitiko herria katolikoa, apostolikoa eta erromatarra" zela-eta plakak jartzearen alde azaldu zen, plaka batzuk jartzeak inolako ondoriorik ekar zezakeenik ez baitzuen uste. Era guztietako iritziak agertzen zirenez, bozketa egin zuten Urangak azaldutako mozioa onartzeko edo ez, eta baiezkoak irabazi zuen -zortzi alde eta bi kontra agertu ziren-, baina alkateak erabakia ezerezean utzi zuen.
1899-9-11. Sor Lorentza Sierbetako lekaimeak idatzi zuen, esanez berehala herriratzekotan zela. Alkatea eta lehen tenientea Sor Lorentzarekin bildu ziren, eta Udalak erabaki zuen herrian gelditzeko zer behar zuen jakitea.
1899-9-11. Egurtza baserrian sutea izan zenean lanean aritu zirenei emandako ardoa, ogia eta pattarra ordaintzea erabaki zuen Udalak.
1796-9-11. Jakinean izanik norbaitzuek ibaia erre nahi izan zutela bertara karea botaz Amuko presaren inguruan, arrainak galtzeko asmoz seguruenik, errudunak aurkitu eta zigortzea erabaki zuten.
1707-9-11. Frantzisko Leturiondok idatzi zuen Madrildik, esanez herriarentzat lortu zuela hamar urtean zehar pitxar ardoari zortzi maraiko zerga ezartzeko baimena, eta bere gestioa 40 dobloi kostatu zela. Leturiondori eskerrak ematea erabaki zuten, eta ordainketa egitea -horretarako dirua bildu zuten-.
1707-9-11. Espainian beste printze bat jaio zela jakitean, prozesioa eta meza santua igandean ospatzea erabaki zuten -'Te Deum' abestea ere bai-, eta hurrengo egunean zezenketa egitea Nafarroako zezenekin.
1634-9-11. Pagaola inguruan 720 ikatz zama saldu zizkion herriak Martin Egurzari, 80 maraiko prezioan.
1589-9-11. Dionisio Melgarrek Tolentinoko San Nikolas monastegia lurrera bota zuen, eta orduan korrejidoreak eskaintzen zion laguntzarekin berea zen lurra saldu nahi zuen, gastuak ordaintzeko. Haren aurka egitea erabaki zuen herriak.
1559-9-11. Azketako iturriko lanak ordaintzea erabaki zuten.
1559-9-11. Odria auzoko basoetan sua izan zen ilunabarrean, eta gauean hura zaintzen egon ziren lau gizonezkori lana ordaindu zieten.
1525-9-11. Pedro Elorriaga fraidearen gorpua Sasiolara eraman zuten hamalau gizonezkori lana ordaindu zien herriak.
1525-9-11. Donibane Lohitzunen izandako altxamendura 38 herritar joan zirela adierazi zuten. Haietako bat Lope Garcia Loiola zen; alferiz bezala joan zen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago