Eguna: 12-30

  • 2017-12-30. Joxean Etxeberria zigarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak aizkora eta korrika uztartutako apustua jokatu zuten zezen plazan. Aise nagusitu zen Etxeberria.
  • 2017-12-30. Mikel Orbeak Euskadiko Ziklokros Txapelketa irabazi zuen, junior mailan.
  • 2014-12-30. Patxi Azkargortari eskainitako liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarriak, Aintzane Larrañagak idatzia.
  • 2007-12-30. Mireia Epelde txirrindularia izendatu zuten 2007ko Azpeitiko Kirolaria.
  • 1991-12-30. Loiola'91 ekintzak laguntza eman zien Espainiako ACB mailako Askatuak eta Iraurgi Azpeitiko-Azkoitiko saskibaloi klubei. Biek herriko kiroldegi berria inauguratu zuten.
  • 1986-12-30. Josu Bereziartua eta Pako Iriarte Aconcaguako (6.959 metro) gailurrera iritsi ziren.
  • 1982-12-30. Guardia Zibilaren kuartela izandako eraikinean obrak egitea erabaki zuten, Joxe Mari Arregi arkitektuaren proiektuarekin. Iñaki Urkiak hartu zituen lanak bere gain. Bertan prestatuko zituzten lokalak, herriko zenbait kultur taldek erabiltzeko izango ziren.
  • 1921-12-30. Rikardo Beobide Zendoia salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea hil zen.
  • 1912-12-30. Anaia Maristen Ikastetxean ez zela behar bezala erakusten eta ikasleak zigortu egiten zituztela adierazi zuenez Esteban Elzaurdik, gaiari buruz gestioak egiteko izendatutako batzordeak zioen ez zela horrelakorik gertatzen eta Elurzaundiri horixe adieraztea erabaki zuen Udalak.
  • 1901-12-30. Azoka plaza estaliaren obren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuten, lanen zuzendariak aurkeztutako likidazioa onartu ondoren.
  • 1896-12-30. Santo Domingo komentuaren lur zati batzuk saldu zituen Udalak, baimenik gabe. Probintziko Ondare administrariak xehetasunak eskatu zituen, Espainiako Estatuaren aldeko abokatuak iritzia agertu aurretik hori egitea derrigorrezkoa iruditzen zitzaielako.
  • 1867-12-30. Zuhaitz landaketak egiteko urteko garairik onena zenez eta, Zelai Luzen horretarako beharra bazegoela ikusirik, halaxe egitea pentsatu zuten. Baina 1761ko urtarrilaren 25ean Frantziskanetako lekaimeek herriari emandako zelai horretan zuhaitzik ez sartzea erabaki zenez, altuera txikikoak landatzea onartu zuten. Lekaimeen buru egiten zuenarekin eta Enparan etxearen jabearekin harremanetan jarri ziren aurretik.
  • 1786-12-30. Parrokiko obrak jarraitzea pentsa zitekeela agertzea erabaki zuten agintari berriei. Horrela, lan egokia iruditu zitzaien behar zen harria harrobietan ateratzen hastea.
  • 1596-12-30. Bezperako gauean beste alkatea herriko konpainiaren kapitain izendatu zutela jakinarazi zuen Domingo Lopez Arandia alkateak. Baina kapitain kargua berari zegokiola zioen, San Miguel egunean alkateen aukeraketa egindakoan zozketa bidez lehen ateratakoa bera izan zelako. Kapitain aukeraketa ordenantzek agindu bezala egin zela esan zuten gainontzeko agintariek eta, Arandiak gogor protestatu bazuen ere, ez zuen lortu nahi zuena. Domingo Larraar sarjentu izendatu zuten gero.
  • 1572-12-30. Elolaren Gramatika katedrako Vazquez irakasleak lana utzi zuen eta Juan Ibargoenek postua hartzeko gogoa erakutsi zuen. Azterketa egin ondoren hura izendatu zuten.
  • 1565-12-30. Samaot jaunak bere gain hartu zuen herriaren ardo hornikuntza, 75 dukat ordainduz.
  • 1561-12-30. Urrestillako parrokia egiteak sortuko zituen mesedeak jakinarazi zituzten lekukoek, adierazpen bidez.
  • 1558-12-30. Sebastian Altuna udaltzainari sendiarekin herri barrura bizitzera etortzeko jakinarazi arren horrela ez zuenez egin, postutik bidali egin zuten. Baltasar Egurza izendatu zuten haren ordez.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan