2017-12-27. Iraurgi Saskibaloi Taldeak oroigarria jaso zuen kirol kazetarien Gipuzkoako Kirolari Onenaren ekitaldian.
2016-12-27. Tartean Altuna y Uria zegoen enpresa taldeari adjudikatu zizkion GHK-k Zubietan erraustegia eraikitzeko lanak.
2007-12-27. Udalak aho batez onartu zuen Euskal Herriko kirol selekzioaren aldeko mozioa.
2002-12-27. Joseba Albizu txirrindulariak jaso zuen Azpeitiko 2002ko kirolari onenaren saria.
1939-12-27. Bustinzuriko enparantzatxoari izena aldatu zioten, eta plaka berria jarri zuten, 'Olazko Amaren plaza' izenarekin. Harzubiko errebalari, berriz, 'Felix Ortiz eta San Pelayo' izena ipini zioten. Urbano Azkue alkatearen tenienteak agertu zuen izen berriaren plaka Harzubian. Espainiako ereserkia jo zuen Musika Bandak, eta Ramon Etxaniz apaizak Ortiz goratu zuen.
1934-12-27. Lazareto eraikinean, tuberkulosiaren aurkako eritegia jartzea erabaki zuten. Errukietxean toki bat prestatuko zuten bitarterako.
1922-12-27. Lehiaketa baten bidez udal iturgin bat izendatzeko baldintzak onartu zituzten.
1916-12-27. Enparantza Nagusian egindako kioskoaren lanen zuzendari Ramon Kortazarren kontuak ikusi ondoren, Frantzisko LarraƱaga kontratistari 2.500 pezeta ordaintzea erabaki zuten.
1858-12-27. Errukietxea zabaltzeko obrak egitean sortutako batzordeak adierazi zuen lanak amaituta zeudela eta eginiko gastuen berri aurkeztuko zuela. Udalak onartu egin zituen.
1858-12-27. Juan Amezua organo-egileak gutun baten bidez adierazi zuen parrokiko organoa amaituta zuela eta prest zela herriaren eskuetan uzteko. Konforme zela esan zuen herriak izendatutako maisuarekin ikusteko. Aurrez izendatuta zituen herriak Joxe Inazio Aldalur eta Bixente Arregi apaizak, eta horien iritzia eskatzea erabaki zuten, ondoren organoa aztertuko zuen norbait izendatzeko asmoz.
1777-12-27. Pregonariaren bidez jakinaraztea erabaki zuten datorren urtearen hasieratik askatasun osoz egin ahal izango zela bakailo eta koipearen salmenta, bai herri barruan, bai Urrestillan. Horrela egin nahi zutenek hiru egunen buruan adieraziko zioten euren gogoa herriko eskribauari. Kanpotar edonork herriratu zezakeen generoa saltzeko, baina herriko fidelari erakusten zioten nolako generoa zeukaten.
1760-12-27. Azkeneko aldiz egin zuten egun horretan agintari aukeraketa. 1761etik aurrera urtarrilaren 1ean egin zuten.
1756-12-27. Alkatetzarako Granada eta Egako Dukea aukeratu zuten, baina hura gero ez zen sekula agertu bilera batera.
1753-12-27. Azken ordenantzak agindu bezala egin zuten herriko agintarien aukeraketa. Alkatetzarako Joseph Joakin Enparan izendatu zuten.
1711-12-27. Herri Batzar nagusian, Olatz eta Elormendiko San Pedro ermitetako serorak eginiko eskaerak jakin eta egin beharreko obren berri jakitea erabaki zuten. Haien doteetatik ordainduko zituzten lanak.
1568-12-27. Esatean parrokiaren patronatuari buruzko auzia galdu egin zuela herriak, aurreko urtean agintaritzan izandakoei deitu zieten zerbait gehiago jakin nahian. Haiek jakinarazi zuten horrela gertatu zela, nahiz eta Navarro Azpilgoeta doktorearen iritziak aurrera eraman nahi izan. Martin Perez Barrenola aukeratu zuten berriro auzi berari heltzeko.
1565-12-27. Jabeturik herrian taberna asko izateak sortzen zituen iruzurrak eta ziri handiak -behar bezalako zerbitzua eskaini gabe egon ziren, eta zail egiten zen, gainera, beraietan saltzen zen edariaren berri jakitea-, bi kale desberdinetan bi taberna besterik ez izatea erabaki zuten. Haietako batean Nafarroako ardoa salduko zuten, eta bestean zuria eta beltza. Errematea egiteko baldintzak onartu zituen Udalak; hala, ardoaren salmenta herriak hartu zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago