Eguna: 1-6

  • 2016-1-6. Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan zuloak aurkitu zituztela jakin zen.
  • 2000-1-6. Miguel Arregi 'Iturbide' panderojolea eta mendizalea hil zen.
  • 1947-1-6. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra' hil zen; deitura bereko txistularien lehena izan zen. Gazterik sentitu zuen musikarako gogoa, hurbiletik ezagutuz, batez ere, txistua eta dultzaina. Ondoren, berezkoak zituen dohainak askatzen joan zen, baina beste zenbait musika instrumentu ere jotzen zituen: flautina, rekintoa, baxua, kontrabaxua, akordeoia, organoa eta abar. Baina, batez ere, txistulariaren irudia gelditu da gogoan. Asko dira hark sortutako lanak eta beraien artean 'Minuetoa', 'Kontrapas luzea', 'Goizeko izarra', 'Eguberri', 'Arin-Arin', 'Zortziko txikia' eta beste zenbait kontrapas, fandango, zortziko, vals eta abar. Hari jarraitu zioten txistulari bezala Juan Gurrutxagak (txistu lehena), Joxe Gurrutxagak (atabala) eta Antonio Gurrutxagak (txistu bigarrena); gainera, hirurak batera kaleratu ziren urte batzuetan.
  • 1901-1-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' aizkolaria jaio zen. Deitura bereko aizkolari handien hasiera izan zen.
  • 1884-1-6. Loiolako obrak jarraitzeko baimenaren Agindu Erreala eman zuten.
  • 1830-1-6. Aurrez pilotalekua izandako tokian pasealeku txiki bat egitea erabaki zuten, gaur egun Iturritxiki bezala ezagutzen den inguruan seguruenik.
  • 1783-1-6. Emakume arrain saltzaile denek, salgai jarri behar zuten arrain guztia arrandegian aurkeztea ezinbestekoa zutela agindu zuten -etxean gorderik ezertxo ere utzi gabe-. Salaketaren bat izaten bazen, etxean aurkitu zitekeen arraina galdu eta lau maraiko isuna eta egun bateko kartzela ezarriko zieten. Aurkitu zitekeen arraina, errukietxerako izango zen.
  • 1646-1-6. Garizumako ostiraletan, urte batzuk aurreragotik galdu zen ohitura bat gogoratu zuten udalbatzarrean: Konpletak abestu eta sermoia, eta ondoren Miserere kantatzen zuten Vera Cruz deituriko kofradiaren aldarean. Galdutako ohitura berritu nahian, parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zen, haiei elizkizunak indartzea erregutuz, batez ere orduan igarotzen ari ziren une garratzak gogoan izanik.
  • 1645-1-6. Gutxienez 300 libra bolbora erostea erabaki zuten, eta Domingo Tolosari erosketa egitera Donostiara joateko agindu zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan