2020-9-7. Anbulatorio ondo zubiaren irisgarritasuna hoetzeko lanekin hasi zen Azpeitiko Udala.
2020-9-7. Azpeitiko lau ikastetxeetako ikasleek ikasturte berriari ekin zioten sei hilabete eta gero, osasun neurriak hartuta.
2014-9-7. Nikolas Segurola omendu zuten Gipuzkoako Artzain Egunean, Legazpin.
2008-9-7. Karidadeko mojek herria utzi zuten, 139 urteren ondoren.
1967-9-7. Herriko zenbait elkarteren izenean, hilaren 18tik 25era Euskal Kultur Astea ospatzeko baimena eskatu zuen Jesus Arrizabalagak. Aurrez, irailaren 11tik 17ra ospatzeko baimena emana zuen Azpeitiko Udalak, eta sortuko ziren gastuei aurre egiteko Azoka plaza uzteko eskatu zuten -berbena bat egiteko- eta zezen-plaza hilaren 25erako -folklore jaialdi bat ospatzeko-. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
1931-9-7. Herria egiten ari zen obretan lana herritar langileei bakarrik ematea erabaki zuten, asko zirelako langabezian une hartan.
1931-9-7. Musika Bandaren arautegian aldaketa batzuk egitea erabaki zuten, eta horretarako batzordea izendatu zuten.
1931-9-7. Kale, enparantza eta herri eraikin guztietan euskarazko deiturak jartzea erabaki zuten, eta horretarako Olaizola eta Otamendi zinegotziak izendatu zituzten.
1873-9-7. Carlos VII.a Espainiako erregea iritsi zen Loiolara.
1851-9-7. Probintzian Espainiako Estatuaren Orubeak administratzen zituen Gregorio Manterolak eta hari idaztea erabaki zuten, esanez azken urtarrilaren 21etik herriaren eskuetan zela Santo Domingo komentua izandako eraikina, eta bertan maiztertzan zirenei bakean uzteko aipaturiko egun horretatik aurrera, errentarik eskatu gabe.
1849-9-7. Joan Bautista Altubek 1821etik 1823ra bitartean herriaren lurraldeak saltzeko eginiko agiriak aurkeztu zituen. Inazio Genaro Jauregirekin bat eginik bete zuen langintza. Batzordea izendatzea erabaki zuten, agiri guztiak aztertzeko eta jatorrizkoak ziren jakiteko.
1834-9-7. Joxe Inazio Arrizabalagak zalantza adierazi zuen alkatetza txandari buruz, Joan Fermin Agirrezabalagak ez zekielako irakurtzen eta idazten. Era guztietako iritziak agertu zirenez, bozketa egin zuten azkenik, baina bozketa egitean batzarra utzi zuen Joxe Antonio Zabaliak, hari jarraitu Joan Fermin Agirrezabalagak, eta bertan behera utzi zen batzarra. Deiari ez zioten agintari guztiek erantzun, eta agertu ez zirenen berri Ordiziako Arma komandanteari ematea erabaki zuten; bide batez, herria orduan bizitzen ari zen une larria agertu zioten.
1780-9-7. Ohiko gauetan komentuak argitzeari buruz San Agustin eta Santo Domingo komentuetako prioreek eginiko gutunak irakurri eta batari eta besteari herriaren aldetik erantzutea erabaki zuten.
1766-9-7. Kontuan izanik kaltegarria izan zitekeela herritarrentzat urarekin nahastutako sagardoa saltzen uztea, bando baten bidez debekatzea erabaki zuten, probintziko foruen isunpean. Bandoan erantsi zuten sagardo garbia saldu nahi zuen guztiak herriko fielari erakustaldi bat eman beharko ziola, ura zuen edo ez erabakitzeko.
1763-9-7. Landetako kalbario ondoan berriro egiten ari ziren ermitari buruz hitz egitean, horretan jarraitzea erabaki zuten, Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako era berean.
1734-9-7. Lehorte handia izanik, eta kaltegarria fruituarentzat, hiru eguneko errogatiba egitea erabaki zuten, baserritarren eskaerari erantzunez. Kaleetan prozesioak egin zituzten Sokorruko Andre Mariaren irudiarekin, aurretik parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
1728-9-7. Sevillan (Espainia) ziren Elolaren juroak, erreal zedula baten bidez Granadako Gatzagara aldatu zituzten.
1701-9-7. Miguel Esnaolak korurako eskailerarako egindako barandari buruz hitz egin zuten, Martin Zaldua maisuak ikusi eta adierazi zuelako akats batzuk zituela, eta Esnaolari halaxe adierazi zioten. Alkateari gaiari buruz erabakia hartzeko ahalmena eman zioten azkenean.
1674-9-7. Bi parrokietatik deialdia egitea erabaki zuten: elizan egin nahi zituzten obrei buruz zerbait adierazi nahi zuten guztiak herriko agintariengana ager zitezela, zortzi egun barru, ostiralean.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago