2021-1-14. 'Sotoan gordeak' aurkeztu zuen Miren Gorrotxategik, bere bigarren eleberria, 2019ko (H)ilbeltza bekari esker ondua.
2016-1-14. Miren Garatek Tene Mujika saria irabazi zuen, 'Ekaitzaren zipriztinak' proiektuarekin.
2010-1-14. Emakumeen Mahaiak Jabetze Eskola jarri zuen abian.
2006-1-14. Iraurgi Saskibaloi Taldeko kadete mailako Caldereria Zaher taldekoek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten, Cafes Aitonaren kontra.
2004-1-14. Iraurgi Saskibaloi Taldeak Azkoitia eta Azpeitirako kirol proiektu ekonomikoa aurkeztu zuen, Soreasun.
2003-1-14. Azkoitiko eta Bergarako herriek antolatu ohi zuten Organo Erromantikoen Nazioarteko Ziklora batu zen Azpeitia, eta horrela zikloaren IV. edizioan bi kontzertu eskaini zituzten Basilikan. Kontzertuak Willibald Guggenmosek, Municheko Katedraleko organista nagusiak eta Esteban Elizondo Donostiako Kontsebatorioko Organo Katedradunak eskaini zituzten.
2000-1-14. Segabathor musika taldeak Baionako Gazte Leiho Maketa Lehiaketako hirugarren saria irabazi zuen.
1957-1-14. Errege egun bezperako kabalgatarako Oargi taldeak aurkeztu zuen 1.800 pezetako aurrekontua ontzat hartu zuen Udalak.
1895-1-14. Idi dema apustuetarako orduan zegoen harria baino txikiagoa inguratzeko agindu zioten alkateari.
1855-1-14. Ohiko jaialdiak enparantzan egiteko -karnabaletan, zezenketak eta abar-, batzorde bat izendatu zuten.
1846-1-14. Alkateak, Santo Domingo komentuan Guardia Zibilari tokia prestatzeko eginiko lanak jakinarazi zituen.
1777-1-14. Olioa, lihoa, xaboi, almendra eta alondegian sartzen ziren antzeko generoak erostea debekatu zieten bersaltzaileei, bakoitzaren bandoa eman eta lau ordu igaro bitartean. Ondoren ere fidelaren baimena beharko zuten edo, bestela, zigorra jasoko zuten.
1742-1-14. Juanelarro deituriko tokitik hasi eta Loiolako Etxe Santuraren aurrera bitartean bide egoki, zabal eta eder bat egitea erabaki zuten.
1682-1-14. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, lehen iganderako 18 urtetik 60 urte bitarteko herritarrei eta biztanleei deitzea erabaki zuten. Arma eta munizioak zituztenak, haiekin agertu beharko zuten herriko enparantzan Sebastian donearen egunez, 500 maraiko isuna jaso nahi ez bazuten behintzat.
1682-1-14. Diputazioaren deialdi bat jaso ostean frantziarren aurka joatea ere erabaki zuten. 300 soldaduko taldeak irten zuen herritik, beharrezko ofizialekin, eta horien artean Juan Antonio Agirre kapitain (Inazio Agirre Ibarluze zahartuta zegoelako) eta Martin Eleizalde teniente izendatu zituzten. Sarjentuak ere izendatu zituzten, Sebastian donearen egunean 300 laguneko taldea osatzeko aukeraketa egingo zutela adieraziz.
1678-1-14. Martin Garatetxea maisuari albistea pasatzea erabaki zuten, koruko ganga margotzea kobraturik zuela-eta lana egiteko eskatzeko.
1678-1-14. Eskuztako zelaian zuhaitz gazteak landatzea ez ezik, zeharkatzen zuen paretak egokitu eta iturri bat jartzea erabaki zuten.
1678-1-14. Parrokiko atarirako egindako eserlekuak ordaintzea erabaki zuten.
1674-1-14. Apirilean Gipuzkoako Batzar Nagusia herrian izango zenez, denak txukun irten zezan agintariak erabakiak hartzen saiatu ziren.
1667-1-14. Herriak izendatutako batzordeak bere iritziz zuhaitz landaketak zeinek egin zitzaketen ezagutzera eman zuen: Gorostortzuko maizterrak 4.000 oinkada; Arangurenekoak 4.000; Etxenagusikoak 4.000; Otzaka-handikoak 2.000; Gomuntzokoak Erdoizta aldean 4.000; Largaratekoak 4.000. Guztira, 22.000 oinkada.
1667-1-14. Orduan fidela zen Frantzisko Latenta, bere etxean preso zegoen alkatearen aginduz. Herriak, gertatzen zena aztertzeko Sebastian donearen egunez, arratsaldean, udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen, Latentak bere egoera nolabait eteteko herriaren laguntza eskatu baitzuen. Era guztietako iritziak sortu ziren agintarien artean, baina azkenean aipaturiko egun horretan batzar nagusia egitea onartu zuten, gehiengo baten iritzia hori izan baitzen.
1592-1-14. Prozesio nagusietan herriko Soresuko Sebastian donearen parrokira etortzeko zuten betebeharra gogoraztea erabaki zieten urrestildarrei.
1568-1-14. Adreilua jartzen ari ziren Elolaren kaperan eta, erretaula nahiko hondatuta zegoenez, ahalik eta azkarren egokitzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago