2019-11-29. 'Bigarren sexua(z). Collage' izeneko film laburra aurkeztu zuen Nora Alberdik, Iratxe Fresnedarekin batera.
2019-11-29. Iñaki Elorza 'Txapas'-ek Ohorezko Aipamena jaso zuen Rikardo Arregi Sarietan.
2003-11-29. Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Baite Euskara Elkarteak bat egiteko erabakia hartu zuten bi elkarteetako bazkideek, batzarrean, Azpeitiak euskalgintzako eta kulturgintzako erakunde indartsua edukitzeko asmoz.
1997-11-29. II. Aerobic Maratoia egin zuten kiroldegian.
1973-11-29. San Miguel Patronatua sortzeko, herriak lurraldea Donostiako Kutxa Munizipalari eskaini zion, inolako ordainketarik gabe.
1973-11-29. 12 eta 23 poligonoetan sortu zituzten hiru kale berriei, 'Juan Joxe Ezeiza 'Mardura'', 'Joxe Alzuru' eta 'German Alberdi' deiturak jartzea erabaki zuten, haiek herriaren alde eginiko lana nolabait eskertuz.
1951-11-29. Alkateak jakinarazi zuen Probintziaren Batzordeko zerbitzu teknikoak ez zuela ontzat hartu Martzelo Gibert arkitektuak Azoka plaza handitzeko proiektua -lehen zen tokian egitea, behintzat-, eta Udalak erantzutea erabaki zuen, tokirik egokiena hori zela esanez.
1934-11-29. Probintziko Guardia Zibilaren komandantziako zuzendariak esan zuen herrian zeukaten kuartelak ez zuela behar bezalako erosotasunik ofizial bat eta zazpi guardia bizitzeko, eta kontuan izanik beste herri askotatik euren kuartela zabaltzeko eskaera egiten ziotela, herriari neurriak hartzea erregutu zion. Alkateak gaiari buruz harremanak izan zituen Guipuzkoano eta Donostiako banketxeekin, baita Oiarzabal eta Landa lantegiko jabeekin ere, eraikina nerosteko asmoz, eta Udalak batzorde baten bidez gestioak egiten jarraitzea erabaki zuen.
1924-11-29. Bikuña etxea botatzean plaza handi bat zabaldu zutela jakinarazi zuen alkateak, eta Urola ibaia igarotzeko zubia egin eta trenaren geltokira bidea egitean pasealeku egokia sortuko zela. Bata eta besteari 'Inazio Perez Arregi' eta 'Julian Elorza' deiturak jartzea proposatu zuen, bi haiek izan zirelako Urola trenaren bultzatzaileak. Horrela egitea erabaki zuten.
1886-11-29. Herrian marrazki linealaren gau eskola zabaldu zuten, Teodoro Erentxunen zuzendaritzapean. Hilean 40 pezeta ordaindu zizkioten.
1874-11-29. Herritar bereziekin Joxe Inazio Galdos erretoreak San Agustin elizari buruz idatzitakoa aztertu zuten, ondoren erabakiak hartzeko. Beharrezkoak ziren obrak ikusi eta aurrekontua egitea onartu zuten eta, denbora galdu gabe, ahal zen azkarren gauzak aurrera eman nahirik batzordea izendatu zuten; Joxe Bixente Elorza, Pedro Inazio Odria, Bixente Arregi, Inazio Ibero, Atanasio Mari Larraar eta Lukas Etxeberriak osatu zuten.
1769-11-29. Joseph Joakin Enparanek eta Miguel Alzagak -aurreko urtean parrokiko obrak egiteko izendatu zituzten-, adierazi zuten harria ateratzeko harrobietan langile talde bat lanean jartzen ahalegindu zela. Haien iritziz, zaila zen behar hainbat harri ateratzea harria lantzen zuten ofizialek etenik gabe jarraitzeko lanean. Eskaera egin ondoren, ordea, Loiola Ikastetxe Errealerako ateratako harria hartzeko baimena lortu zutela jakinarazi zuten, baldin eta maisu baten bidez guztiaren berri jasotzen bazen. Herriak horretarako Frantzisko Ibero izendatzea erabaki zuen.
1669-11-29. Aurreko urtean agintaritzan izan zirenei eta aurtengoei, ordenantzek adierazten zuten bezala, lehen ostiralerako herriko artxiboaren jabetza orduko agintarien eskuetara pasatzea agindu zieten eta, hori ez bazuten egiten, mila maraiko isuna ezarriko zieten.
1575-11-29. Herrian txerriak inolako ordenarik gabe hazten zituzten etxe barruetan eta ukuiluan -bai herri barruan eta bai errebaletan-, eta horrek eragina izan zezakeen denen osasunean. Hori zela-eta, guztiei agindu zieten abenduaren 8a baino lehen txerri guztiak hiltzeko. Denek hala ez eginez gero, hil egingo zituztela esan zuten, bakoitzaren jabeari lau errealeko isuna jarrita.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago