2014-12-7. Jabi Agirre Sevilla II espetxetik atera zen. ETAko talde bati laguntzea egotzita, 2003tik zegoen kartzelan.
2012-12-7. Azcue y Cia enpresak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu eta urtea bukatzean enpresa itxiko zuela iragarri zuen.
1868-12-7. Antonio Lekuona margolariak adierazi zuen gau eskolarako eman zizkioten gauzak herriari bueltatu nahi zizkiola. Horretarako Etxaniz erregidorearekin harremanetan jartzeko eskatu zioten.
1822-12-7. Udalak deituta Miguel Pizarro, Joxe Antonio Altube, Agustin Iturriaga, Bernardo Urrutia eta Juan Bautista Altube bildu ziren arratsaldean. Izan ere, altxatuta ziren taldeek egindako eskarien inguruan neurriak hartu nahi zituzten, aurreko egunean bertan ezezkoa eman eta udaletxean mehatxua jaso baitzuen. Iturriagak, ordea, bildutako batzordea erabakia hartzeko ez zela inor adierazi zuen, eta bertan behera gelditu zen bilera.
1822-12-7. Miguel Soroa kapitainari idaztea erabaki zuten, indar bat herriratu zezala eskatuz, unean Zestoan zen hogei bat laguneko taldea gauean Azpeitira hurbilduko zen beldur.
1822-12-7. Hurrengo egunean, meza nagusiaren ondoren, herritar guztiekin biltzea erabaki zuten, Udalari ezinezkoa zitzaiolako erabakirik hartzea orduko larrialdi egoera hartan.
1803-12-7. Inazio Bixente Erraztik Olazko ermitan egin beharreko obren zerrenda aurkeztu zuen. Zerrenda horretan aurkeztutako obrak egitea erabaki zuten.
1793-12-7. Aspaldian baratza eta soroetan -batez ere, gauez- izandako lapurretak zirela-eta bandoa ateratzea erabaki zuten. Bandoan gauez herritik kanpo ateratzea debekatu zieten biztanle guztiei, ezinbesteko zerbaitetarako ez bazen. Agindua betetzen ez zuenari eta lapurretaren bat izango balitz, haren erantzukizuna egotziko zioten.
1740-12-7. 1736ko irailaren 4an erregeak emandako baimenari esker herrian saltzen zuten ardo pitxer bakoitzeko zortzi maraiko zerga jasotzen zuen Udalak, herriaren beharrei erantzun ahal izateko. Baimena hogei hilabeteren buruan bukatuko zenez eta herriak hala iritzitakoan neurria bertan behera uzteko edota abian jartzeko ahalmena zuenez, 1741eko urtarrilaren 4tik aurrera zerga bertan behera uztea erabaki zuten.
1640-12-7. Lezora irten behar zuen konpainiaren kapitain gisa Mateo Larretxe alkatea izendatu zuten. Alferez moduan Domingo Kortaberria, sarjentu Julian Roteta eta diruzain Bautista Eizagirre.
1640-12-7. Hurrengo egunean, Sortzez Garbiaren egunean, parrokien bidez jakinarazi zieten herritarrei euren armak eskuetan prest egon behar zutela guztiek, eta hurrengo egunetik aurrera egingo zutela konpainiari laguntza emateko diru bilketa.
1640-12-7. Pazko hirugarrenean soldaduen zerrenda osatuko zutenez, zerrendako herritarrei armak hartuta agertzeko eskatu zieten. Agertzen ez zenak mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra izango zituen.
1640-12-7. Abenduaren 3an Mandiolatza inguruan aurkitutako haur utzia herriaren kontura haztea erabaki zuten.
1638-12-7. Azpeitian zen Pedro Real sarjentu nagusiak herriari bere troparentzat ogia eskatu zion, erregearengandik duela hilabete baino gehiago laguntzarik jaso ez zuela azalduz. Kontuan izanik azaroaren 4az geroztik antzeko eskariak egin zituela sarjentuak herriak inolako laguntzarik eman gabe eta jakinik aleak zirela Tolosan, beharreko hornikuntza Tolosara eskatzeko esanez idaztea erabaki zuten.
1635-12-7. Zorionak emanez idatzitako gutunari erantzunez, urte horretako maiatzaren 11n Napolesko erreinuko estatu idazkari Gaspar Rosales 'Egurza'-k bidalitako gutuna irakuri zuen Azpeitiko Udalak. Herriari laguntza eskaini zion hark.
1630-12-7. Aurreko bi urteetan egin bezala, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna frantziskotarren monasterioan antolatzeko agindu zieten herriko fidelari eta eskribauari.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago