2019-10-8. IƱaki Alberdi bandako klarinete-jotzailea hil zen, 84 urterekin.
2010-10-8. Imanol Elias Odriozola herriko ohorezko kronista izendatu zuen Udalak.
2008-10-8. Gotzon Garate (Elgoibar, 1934) idazle, filologo, euskaltzale eta jesulaguna hil zen. Azpeitiarekin loturarik eduki zuen Garatek, euskara hemen berreskuratu zuelako, berak aitortu bezala.
2004-10-8. Xabi Bordak bere lehen liburua aurkeztu zuen: 'Birika zatiak'. Poesia liburua zen, Susa argitaletxeak argitaratuta. Donostiako liburutegian aurkeztu zuen.
1989-10-8. Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Gipuzkoako Ardi Latxaren Elkarteak antolaturik, Artzain Eguna ospatu zuten herrian.
1894-10-8. Joxe Inazio Etxeberria bertsolaria jaio zen, Urrestillan.
1874-10-8. Batzar berezia ospatu zuten, hilaren 6an Malkorra bolbora fabrikan gertatutako ezbeharrean hildakoen sendien egoera larriari buruz hitz egiteko, eta herrian diru bilketa egitea erabaki zuten. Diputazioak gogoa agertu zuenez, probintzian gauza bera egitea erabaki zuten. Hori egiteko batzordea izendatzea erabaki zuten eta, batzorde hori herriko kaleetako etxebizitza guztietara joan zedin, zerrenda osatu zuten. Auzoetarako ere beste batzorde bat edo gehiago izendatu zituzten baserrietara joateko, dirua edo fruituak eman zitzaten laguntza horretarako. Hilaren 18tik, igandetik, parrokietako sarreratan ere eskaera egitea erabaki zuten.
1815-10-8. Diputazioak bidalitako ofizio baten berri eman zuten: Cadizko (Espainia) itsasontzi batean sartu zutela San Inazioren zilarrezko irudia, Donostiara bidean zela, eta Cadizen zeuden euskal herritarrek eginiko gastuak 4.800 errealekoak zirela -Donostian jarri beharko zuen diru kopurua Azpeitiko Udalak, baita jesuitentzat eginiko diru bilketatik hartu behar bazuen ere-. Hari erantzutea erabaki zuten, agintari nagusiek emandako aginduari erantzunez, esanez herriak bidali zuela dirua, eta irudia herriratzean egingo zituztela beharrezko elizkizunak.
1811-10-8. Garai hartan behar eta larritasun handiak izanik herrian, bertan zen tropari hurrengo egunean aleak emateko bilketa bat egitea erabaki zuten, hasieran agintariekin hasita, eta ondoren herritar denekin -batez ere, berezienak eta apaizak horrela jokatzera bultzatu zituzten, gutun adierazgarria igorriz, eta lehen unean dirua izatean herriak ordainduko ziela jakinaraziz-. Denaren berri probintziko kontseiluari ematea erabaki zuten, agertuz, aurretik egin bezala, zer egoera larrian zen herria.
1757-10-8. Fernando VI.a erregeak Gipuzkoako Foruak onartu zituen.
1686-10-8. Alkateak jakinarazi zuen, albistea eman zuen arren, ez zutela Izarraizko izoztegian lana egiten jarraitu Matea Etxanizek eta Pedro Odiolak, eta neurriak hartzea egokia izango zela. Herriko fidelari agindu zioten jasotako guztia haiei eskatzeko.
1666-10-8. Pregoiak egiten zituen Vicente Ferrer aragoiarra (Espainia) udaletxera deitu zuten, eta bi urtean herriari zerbitzua eskaintzeko eskritura egitea erabaki zuten, herriaren aldetik urtean 300 erreal ordainduta -pregoiak ematean jaso zitzakeen beste zenbait txanponekin batera-. Janzki bat egingo zioten, gainera, Ferrerrek berak eskatzean.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago