2010-8-29. Landetako egur enpresa batek su hartu zuen. Ez zen inor zauritu.
1900-8-29. Azken urriaren 2an sortutako batzordea suspertzea erabaki zuten, zezen-plaza herri barrutik beste nonbaitera aldatzeko ahalik eta azkarren iritzia agertzeko.
1900-8-29. Martzial Uzinek Foruen Pasealekuan eraikin bat altxatzeko baimena eskatu zuen, beheko lokalean denda jartzeko, eta baiezkoa eman zioten.
1870-8-29. Bizi zen egoera politikoa kontuan izanda eta herriari tokatzen zitzaizkion beharreko zerbitzuak eskaini nahirik, derrigorrezkoa ikusi zuten agintari guztiak udaletxean izatea aginduak emateko, eta horrela egitea erabaki zuten.
1870-8-29. Herriko gazte karlisten altxamendua izan zen.
1830-8-29. Errukietxeko juntak lanak egiteko eskaera egin zuen, bertan ziren behartsu guztientzat derrigorrezkoa zela ikusita. Udalak Mariano Joxe Laskurain arkitektua lanak aurrera eramateko izendatzea erabaki zuen.
1810-8-29. Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioak hilaren 24an idatzitako ofizio baten berri eman zuten. Bertan, erregearen agindua jaso ondoren, Udalak Aita Jesuitek aurrez zituzten ikastetxeetara itzultzeko errege nahiaz zeukaten iritzia azaltzeko eskatzen zuten. Herritar guztientzat egokia zela erantzutea erabaki zuten, baita diru bilketa egingo zela ere. Diru bilketa guztien artean egingo zuten, herrian ez ezik baita auzo guztietan ere, eta horretarako arduradunak izendatu zituzten. Gainera, Udalak lau mila erreal eskaini zituen.
1795-8-29. Aramendi erregidoreari urte hasieran parrokiko hilobietan, mojen komentuan eta beste zenbait lekutan gorpuak desegiteko egindako bi karobiren gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1782-8-29. Alkateak adierazi zuen herritik kanpo irten behar izan zuen hiru alditan Frantzisko Xabier Altube tenienteari, honek alkatetza har zezan, makila eta berria bidali ziola. Baina etxean zuen arren, Altubek ez zuen makila jaso nahi izan eta, beraz, herria, batez ere Andre Mariaren Jasokunde egunean eta San Roke eta ondorengo egunean -azken egun horretan egin beharreko enkantea egin gabe gelditu zen-, alkate gabe izan zen. Azkenik, gertatu zena ikusita konponbidea topatzea eskatuko zuen baina, erabakia hartzea ezinezkoa irudituta, gertatzen zenaren berri eman eta herritarrei lehen iganderako deitzea erabaki zuten.
1773-8-29. Herri Batzar nagusian erabaki zuten Gramatikako katedra ahalik eta azkarren martxan jartzea, itxuraz Loiolako Ikastetxe Errealeko ondasunetatik behartuta baitziren. Sei hilabeteren buruan horrela egitea ezinezkoa bazen, aurrez herriak lortuta zuen Erreal Kontseiluaren baimenarekin agintariei herriak martxan jartzeko baimena ematea erabaki zuten.
1773-8-29. Agintariei ahalmena eman zieten herrian eta Urrestillan izan beharreko okindegiak izendatzeko eta jabeekin eskriturak sinatzeko.
1707-8-29. Diputazioak erreginak seme bat izan zuela jakinarazi zuen, eta parrokiko kanpaiak jotzea erabaki zuten. Komentuei ere gauza bera egiteko eskatu zieten, eta gauean herria argitu eta dantzak antolatu zituzten.
1707-8-29. Zaldua maisuak bataioko kaperan egindako lanak entregatu nahi zituela-eta, Lazaro Lanzeira maisua aukeratu zuten lanak ikusi eta iritzia agertzeko.
1654-8-29. Zelaiaran parrokiko erretorearekin sortutako eztabaida nolabait moztu nahirik eta herritarren artean bakea izan zedin, Udalak Andre Mariaren Natibitate eguneko elizkizuna San Agustin komentuko elizan ospatzea erabaki zuen.
1575-8-29. Beste zerbait agindu bitartean, ura nahastutako sagardoa saltzea debekatu zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago