Hamarkada: 1720

  • 1729-11-25. Sagardoa salgai jartzeko zozketa egin zuten, eta txandak izendatu zituzten.
  • 1729-11-25. Antonio Kortak, Legorretako etxean konponketa lanak egiteko, egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1729-11-11. Antonio Odriari egurra ebakitzeko baimena eman zioten, Arizpe bere etxea egokitzeko, hondamenean zelako.
  • 1729-11-4. Jakinean izanik nolako prezioa zuten behi eta ahari haragiek inguruko herrietan, agintariek hurrengo lehen larunbatetik aurrera batarena eta bestearena zerbait altxatzea erabaki zuten, eta pregonariaren bidez zabaldu zuten albistea. Eskribauari, berriz, agindu zioten haragiaren hornikuntza egiten zuenari -Joan Larralderi- esatea herriarekin eginik zeukan eskritura osorik bete beharko zuela, zigorrik jaso nahi ez bazuen, hil behar zituen idiak sokarekin loturik enparantzara ateraz.
  • 1729-11-4. Kalteak sortzen zirela kontuan izanik, pregonariaren bidez zabaldu zuten herri barruko inork, aurrez herriko agintarien baimenik lortu gabe, ezingo zuela txerririk erosi hazteko asmoz.
  • 1729-10-30. Nafarroako ardoaren urtebeterako hornikuntza egiteko eskritura sinatu zuten Juan Lizarraga, Martin Peruzurgin, Juan Guillen, Baltasar Gorritxo eta Miguel Lizarraga nafarrekin eta herriko Domingo Goenagarekin, guztiak bat eginik eta hutsunerik gabe herriaren beharrak bete zitzaten.
  • 1729-10-21. Herriak 1723an idatzitako gutunari erantzunez, Diego Alzajak Liman aurreko urteko urriaren 20an sinatutako gutuna irakurri zuten, esanez parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko egindako diru eskaintza berekin izango zuela berehala. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1729-10-21. Herriko etxe batzuk hondamenean zeudenez -arriskuan, gainera-, Inazio Segurola zurginari eta Joseph Lizardi harginari eskatu zieten txostena aurkezteko, herriaren aldetik neurriak har zitezen.
  • 1728-9-7. Sevillan (Espainia) ziren Elolaren juroak, erreal zedula baten bidez Granadako Gatzagara aldatu zituzten.
  • 1727-4-28. Joxe de Ripa maisuak Antonio Balzategik parrokirako egindako organoa ikusi zuen, eta horri buruzko txostenaren berri eman zuten.
  • 1725-1-8. Frantzisko Ibero jaio zen. Haren aita Inazioren ofizioari jarraitu zion, arkitektu bezala. Loiolan egin zituen urte batzuk eta, Ventura Rodriguez arkitektuak proposatu moduan, herriko parrokiko ataria egiten aritu zen. Harenak ziren Elgoibar, Usurbil, Hondarribia eta Andoaingo dorreak, baita Donostiako Santa Maria parrokiko ataria ere. Tolosako Santa Maria elizan eta Azkoitiko parrokian ere egin zituen lanak, beste zenbait tokitan bezala. Azpeitian hil zen, 1795ean.
  • 1720-7-19. Alkateak Simon Elgorriaga Donostiara erregearen galeratara eramateko ordaindutako gastuak aurkeztu zituen. Simon Elgorriaga Baionako komandantearengana eraman zuten ondoren, sei urteko zigorra ezarri baitzitzaion.
  • 1720-5-8. Parrokiko erretorearekin bat eginik, bertako organojolearen falta adierazi zuten. Unean Madrilen zegoen Joakin Korta herritarra izendatu zuten organojole kargurako, apaizaren aldetik. Herriari ezinezkoa egiten zitzaion hari ordainketa egiteko apezpikuaren baimena lortzea, zati bat AlcaƱicesko Markesak eskaintzen ez bazuen behintzat. Herriak udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen gaiari buruz erabakia hartzeko.
  • 1720-3-2. Parrokiaren atzean zen hezur tokian eginiko obrak onartu zituzten, toki berean margotutako Andre Mariaren irudi bat jarri zela esanez, bere marko eta guzti.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan