2019-10-25. Caja Rural-Seguros RGA taldeak Oier Ibarguren txirrindularia fitxatu zuen.
2012-10-25. Betharrameko eraikineko aretoa berritu zuten eta Udalak herritarrei eskura jarri zien erakusketak egin ahal izateko.
2008-10-25. Azpeitiko I. Surf Txapelketa ospatu zuten Zarautzen, 'Kanala' izenez ezagutzen den inguruan. 29 lagunek hartu zuten parte.
1922-10-25. Aho batez erabaki zuten Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteari telegrama bidaltzea, 1839ko urriaren 25eko legea indarrean zelako protesta eginez, Euskal Herriak zituen eskubideen aurkakoa zelako. Udaletxeko balkoian bandera erdizka zintzilikatzea erabaki zuten.
1886-10-25. Garaiko ganaduak zeukan prezioak haragiaren prezioa zerbait jaisteko bidea ematen zuenez, azaroaren 1etik herriko harategian kilo bakoitza pezeta batean saltzea erabaki zuten.
1869-10-25. Hilaren 20an Madrilen sinatutako gutun baten bidez, herriko ordezkariek zioten berehala egingo zela kontratu berria Azpeitiko errukietxera joango ziren Karitateko bost Alaben nahia betetzeko, haien Institutuko zuzendariaren eskuetan jarririk zirelako agiria osatzeko datu guztiak.
1848-10-25. Krispin Beobide jaio zen, frantziskotar euskal idazlea.
1823-10-25. Agustin Iturriagak jakinarazi zuen Joan Bautista Altube eta biak Granadako dukearekin egon zirela, Bergarako Seminarioa edo Irakaskuntza Loiolako Ikastetxe Errealera aldatzeko eskatuz, eta eskerrak emanez, bide batez, aurretik herriaren alde egin zituen lanengatik. Gestioak egitekotan gelditu zen dukea. Manuel Igartua agenteri idaztea erabaki zuten, gestioak egiteko herriaren ordezkari izendatzeko, Espainiako errege Fernando VII.arekin bat egin izan zuelako betidanik.
1806-10-25. Baserrien errentamenduei buruzko erret zedula eman zuten.
1735-10-25. Loiolako kupula txikiko gurutzea eta haize-orratza jarri zituzten, amaitutzat emanez hargin lanak.
1697-10-25. Joan Apaeztegik idatzi baten bidez adierazi zuen bere anaia Mateo Apaeztegik -Peruko Casamarca probintziko kapitain jenerala eta epaile nagusia zen-, ordena militar baten ekandua merezi izan zuela eta, azpeitiarra izanik, haren esanetara jartzen zela laguntza eskaintzeko. Zoriontzea eta eskerrak ematea erabaki zuten.
1676-10-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Agustin Eizagirre izendatu zituen herriak parrokiko etxezain Antonio Azkuerekin batera parrokian egindako obrak aztertzeko. Juan Abalia maisua haiekin izanik, txostena pasatu behar zieten agintariei.
1676-10-25. Tomas Bikendik bere gain hartu zuen herriko kaleen eta plazen harriztatzea, beheko sarreratik goikora bitartean eta Bustinzuriko gurutzera arte. Sei urtean egoki zaindu beharko zituen, eta herriak nahiko harri eta lur eman zituen Eliz kalea behingoz egokitzeko. Herriaren aldetik hogei dukat ordainduko zizkioten urtean.
1675-10-25. Urte hartan sagar gutxi jaso zenez, saltzeko sagardoa egin nahi zutenei agindu zieten erdia urik gabe egiteko eta beste erdia ura nahasturik.
1642-10-25. Kontuan izanik nahiko ardo gutxi ekartzen zutela herrira, sagardoa zutenek ez zituztela salgai jartzen prezioa altxatuko zela pentsatuz, eta ordu arte sagardo ona hamabi maraiko prezioan saldu zela jabetuz, prezio berean saltzeko agintzea erabaki zuten. Zoketa egin eta txandak ezarri zituzten.
1568-10-25. Parrokian egin behar zen obrarako urrezko mila dukat ematea erabaki zuen herriak, eta amaitu bitartean urtean beste laurehun dukat.
1559-10-25. Lorentza Garagarzak dotean emandako Usanditzaga etxea saltzeko baimena eskatu zuten Frantziskanetako lekaimeek.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago