Eguna: 10-22

  • 2017-10-22. IƱaki Aiertzak irabazi zuen autoen Urrakiko XXXV. Igoera. Urrakin txapela jantzi zuen lehen azpeitiarra izan zen.
  • 2016-10-22. Lehen Txisteratik Egun Magikoa ospatu zen herrian.
  • 2014-10-22. Alberdineko etxea botatzen hasi ziren.
  • 2013-10-22. Xabier Azkargorta futbol entrenatzailea 'Doctor Honoris Causa' izendatu zuen Boliviako Cumbre Unibertsitateak.
  • 2010-10-22. Gazteleku berria zabaldu zuten Izarraitz pilotalekuaren lehenengo solairuan.
  • 2009-10-22. Loiola Irratiaren 2.200 grabazio dokumentu erosi zituen Foru Aldundiak.
  • 1997-10-22. Akilino Amezuaren omenez, Joxe Inazio Alberdik eta Esteban Elizondok hitzaldia eskaini zuten udaletxean.
  • 1992-10-22. Joxe Apalanzak, herriko enparantzatik irtenda, ordubete, 53 minutu eta 24 segundotan egin zuen Erniotik buelta. Gailurrera ordubete, lau minutu eta 39 segundotan iritsi zen.
  • 1972-10-22. Agustin Ostolaza eta 'Mendizabal I.a' 112,5 kiloko harri zilindroarekin neurtu ziren. Aurrenak 244 aldiz altxatu zuen, eta bigarrenak 152 bider.
  • 1855-10-22. Herriko sendagileei eta Osasun Juntari entzun ondoren, azken hiru hilabetean pairatutako izurritea menperaturik zela jakin zuten agintariek, eta hilaren 28an meza nagusiaren ondoren 'Te Deum' abestea erabaki zuten, Jainkoari eskerrak emateko.
  • 1855-10-22. Diputazioak eginiko galderari erantzunez, herriak erantzun zuen urte hartan laurehun anega gari jasoko zituztela, eta oso gutxi zela hori herriaren behar guztiei erantzuteko.
  • 1730-10-22. Sagardoa egiten zuten herritarrentzat ardo gorria tabernan saltzeak kalteak eragingo zituela ikusita, ardoa soilik San Joan egunetik Santu Guztien egunera bitartean saltzen uztea erabaki zuten, eta urteko gainontzeko egunetan debekatzea.
  • 1730-10-22. Herriko sendagile Bartolome Arbelaizek osaturiko txostenaren berri eman zuten. Zioen gaixo asko aurkitu zituela herrian, pattarraren ondorio gogorrak zituztenak, eta derrigorrezkoa zela neurriak hartzea. Eta kontuan izanik pattarrak eta mistelak egin zezaketen kaltea, baina beharrezko ikusirik erremediotarako, Miguel Gabriel Ansotegi eta Mateo Oiarzabalen botiketan soilik saltzea erabaki zuten. Elizen bidez horixe jakinaraztea erabaki zuten, aginduz zortzi egunen barruan utzi beharko ziotela saltzeari horrela egiten zutenek.
  • 1677-10-22. Udaletxean agertu ziren Fernando Miranda eta Tomas Errazkin apaizak, eta esan zuten nola Maria Manuela de Pradok -Gipuzkoako korrejidorearen emaztea- haur bat izan zuela, eta herriko agintariei erregutu zietela bataioko unean neskatxa herriaren izenean har zezatela, Juan Antonio Agirre alkatearen bidez. Esker ona agertuz, horrela egingo zutela erantzun zuten agintariek. Apaizak aldegin ondoren, Inazio Agirre eta Domingo Arregi erregidoreak izendatu zituzten emakumea zoriontzeko, eta haren senar Joseph Portocarrero korrejidorearekin ere gauza bera egitea erabaki zuten, hura Batzar Nagusitik itzultzean. Bataioa egin zedin beharrezko zabalkundea emanez, eta jaialdiak antolatuz, Inazio Beltran Oiarzabal eta Jazinto Korta erregidoreak izendatu zituzten guztia antolatzeko; zezenak inguratu zituzten euren etxe aurrean goiz eta arratsaldez jolasteko, organoa jo zuten elizkizunean eta tiroak bota zituzten parrokiko dorretik. Elizkizuna antolatzeko, Frantzisko Zelaiaran, Sebastian Zabalia eta Frantzisko Erkizia apaizekin hitz egitea erabaki zuten, eta herritar guztiak gonbidatzea bertara, udaletxean hurrengo arratsaldeko ordu bietan bildurik, bertatik elkartuta parrokira joateko.
  • 1666-10-22. Antonio Erkizia erregidoreak jakinarazi zuen Joan Kereizeta herritarrari bere ondasun gehienak erre zitzaizkiola Urdazubi baserria suteak hartzean, eta harentzat herriko kaleetan limosna eskatzeko baimena eskatu zuen, errebaletan eta lurraldeko baserrietan ohikoa zen bezala. Erregidoreari eskatu zioten Kereizetarekin batera irteteko jaiegun batean limosna eskean, eta eskribauak agiria prestatuko zuela horretarako -parrokiko erretoreari erregutu zioten, bestalde, elizaren bidez zabal zezala-.
  • 1655-10-22. Alkateak, fidelak eta Pedro Antxieta erregidoreak jakinarazi zuten prestaturik zeukatela parrokian egin beharreko lanen zerrenda, eta herrietako hargin maisuei albisteak pasatu zien, gutunekin batera. Lehen almodena egun bezala izendatu zuten aurtengo Santu Guztien eguna eta errematea egiteko, berriz, azaroaren 3a.
  • 1407-10-22. Enrique erregeak pribilegio bat eman zuen Braganzan (Portugal), herriak zituen pribilegioak ontzat harturik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan