2017-8-27. Jorge del Cid auto gidariak eta haren kopilotu Nerea Odriozolak Lanzaroteko rallya irabazi zuten, Lur Gaineko Espainiako Rally Txapelketaren barruan.
1961-8-27. Miguel Irazusta 'Polipaso' eta Isidro Astigarraga 'Errekalde' neurtu ziren aizkora apustuan. 54 ontzako hamasei enbor ebaki behar zituzten, baina biak erretiratu eta apustua ezerezean geratu zen.
1933-8-27. Herrian Guraso Kultur Elkartea sortu zuten, 323 partaiderekin.
1894-8-27. Erreinuko senadore Joxe Mari Perez Caballerok hilaren 8an Manuel Eleizgarai lehen tenienteari idatzitako gutunaren berri eman zuten. Bertan, Perezek ezerezean utzitako lurraldeko epaitegiaz egindako gestioen berri eman zuen eta aurrera ere langintza horretan jarraitzeko eskaini zen. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
1866-8-27. Madalena errebalerako bidearen kontra eta Joxe Beristainek zeukan etxearen ondoan etxea egiteko Juan Gibertek eskatutako baimena ontzat hartu zuten.
1855-8-27. Kolera gaixotasunari aurre egin ahal izateko prestatu nahi izan zen ospitaleaz hitz egin zuten, eta herriari hura egokitzea ezinezkoa zitzaiola adierazi. Baina koleraz kutsatuei euren etxeetan laguntza ematea derrigorrezkoa zela-eta, egindako gastuak herriko diruarekin ordaintzea erabaki zuten. Hala ere, herriko dirua agortzeko arriskua ikusita, herritarren artean diru bilketa egitea onartu zuten. Agintariek egin zituzten lehendabiziko eskaintzak: alkateak berrehun erreal eman zituen; Landa, Artetxe eta Besga erregidoreek 40 erreal bakoitzak; Azpiroz erregidoreak 50 erreal; eta Goenaga erregidoreak beste 60. Diru bilketarako herriko kaleak banatu zituzten.
1789-8-27. Egun horretan eta hurrengo egunean herriak zuen ohitura ona gogoratu zuten: Udala San Agustin komentuan ospatzen ziren elizkizunetara korporazioan joatea. Herriko korrejidoreari gonbitea pasatzea erabaki zuten.
1766-8-27. Okinak eta ardoaren hornikuntza egiten zutenak behin eta berriz kexatu egiten ziren, apirileko matxinadan izandako kalteak ordaintzea eskatzen baitzuten, baita milizia tropari emandako hamabi gurdi lastoak ere. Herriko diruzainari ordainketa egiteko agintzea erabaki zuten. Ardoaren hornikuntza egiten zutenei, 3.119 erreal eta 28 marai ordaindu zieten; alondegiko tabernaren apurtzea eta herriko tabernetan edandako ardoa ordaindu zuten horrela. Urrestillako tabernariari, ardoa ez ezik, ogia ordaindu zioten, 340 erreal eta 32 maraitan. Okinei eta lastoa eman zutenei, 343 erreal.
1762-8-27. Azken hamabost egunetan arto anega bakoitza 28 errealean saldu zuten eta, herrian jasotzen zena kanpoan saltzen zenez, prezioa gehiegizkoa zen. Ondorioz, horrelako salmentak egitea debekatzea erabaki zuten, eta pregoiaren bidez herritar guztiei jakinarazi zieten.
1754-8-27. Enparan eta Harzubiko zubietan jendea pasatzeko jarritako harrizko pasabideak ordaintzea erabaki zuten.
1705-8-27. Akotegi erregidoreak eta Domingo Segurola maisuak Lazaro Lainzerak planoekin egindako Atxarango presaz euren iritzia eman zuten, eta etxe horretako administrari Frantzisko Arrutiri presaren altuera zerbait gutxitzeko agintzea erabaki zuten, urak bidean kalterik ez egiteko.
1653-8-27. Udaletxean Frantzisko Zelaiaran Ofizio Santuko komisarioa azaldu zen, Frantzisko Goitia erretorea hiltzean apezpikuak haren posturako izendatu zuela esanez.
1592-8-27. Frantziskanen komentu zaharra erosi zuten Martin Perez Arandiak eta haren emazte Maria Akemendik, eta eskritura sinatu zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago