2020-12-4. Munategiko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak bukatu zituzten.
2019-12-4. Aitor Expositoren proiektua aukeratu zuen epaimahaiak sansebastianetako haurren danborradako karroza egiteko.
2017-12-4. Enekoitz Esnaola azpeitiar kazetariak idatzitako 'Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna' liburua aurkeztu zuten, Baionan.
2013-12-4. Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen Udalak, jendaurrean.
2012-12-4. Udalak batzorde kopurua erdira jaistea erabaki zuen udalbatzarrean, aho batez. Hamabitik seira murritzea erabaki zuten.
2009-12-4. Erdi Kaleko etxe batek su hartu, eta 88 urteko emakume bat hil zen bertan.
2002-12-4. Joxe Mari Altuna hil zen. Ezaguna zen herrian musikarako zuen zaletasunagatik. Urteetan Udal Musika Bandako zuzendaria izan zen, eta konposatzaile bezala hainbat lan egin zituen.
1994-12-4. Joxe Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.a' eta Agustin Arruti 'Lardanbide' 125 kiloko harri kubikoarekin neurtu ziren hamar minutuko hiru saiotan. Izeta II.ak harria 130 aldiz jaso zuen eta Landarbidek 118 aldiz.
1922-12-4. Zinegotzi batzuek proposatu zuten herriak hiltegi berria zuenez, zaharra enkantean saltzea. Bozketa ondoren zaharra saltzeko baimena lortzea erabaki zuten.
1907-12-4. Abenduaren 22a, Santo Tomas bigarren eguna, jai eguna zela kontuan izanda, ganadu lehiaketa abenduaren 26ra atzeratzea erabaki zuten.
1907-12-4. Denbora aurrera zihoala konturatuta, Gale Barrenari Txaribar ingurutik 1908ko lehen egunean zabalduko zuten hiltegi berrirainoko bidea egokitzeko eskatu zioten.
1895-12-4. Zinegotzi batek adierazi zuen Loiolako Santutegiaren aurrean bitxi erlijiosoak salgai zituzten saltokiak ez zeudela egoki kokatuta eta, horrez gain, ez zutela inongo zergarik ordaintzen eta komeniko litzatekeela zerbait kobratzea. Neurriak hartu baino lehen, gaia ondo aztertzea erabaki zuen Udalak.
1871-12-4. Alkateak gogorarazi zuen Ziriako Barrena izendatu zuela kontrabandoa zaintzeko. Baina pattarra eta likorea saltzeko debekua altxatu zutenez, Udalak erabaki zuen postu hori bertan behera uztea, jada behar ez zelako.
1854-12-4. Gobernadoreak Pablo Martinezi Erdi kalean inprimategia zabaltzeko baimena eman zion.
1776-12-4. Urriaren 20an izendatutako batzordeak udaltzainei baserrietara albistea pasatzean, herritik baserrietarako bidea kontuan izanik ordaintzea proposatu zuen, eta Udalak onartu egin zuen. Madalena eta Arana bitartekoan erreal bat jasoko zuten; Landetara egiten zuten irteerara bi erreal; herritik Urrestilla bitartean eta ibaiaren inguruan ziren baserrietara, bi erreal; Makazti, Igerate eta Atxumarriagara, hiru erreal; Garin, Gerrenzuri eta Endaizpe baserrietara, hiru erreal; Ollolarretik Erraztibasora, Gorostorzu, Largarate eta Olarua, hiru erreak, eta abar.
1700-12-4. Herritarrei jakinarazi zieten urdaia erosi nahi zutenek zortzi egunen buruan egin behar zutela, librako erreal bat ordainduz. Izan ere, epe hori amaitzean saltzaileek askatasuna izango zuten urdaia herritik kanpo saltzeko.
1700-12-4. Soldaduen zerrendan zeuden guztiei dei egin zieten, abenduaren 8ko arratsaldeko ordu bietan Enparantza Nagusian bil zitezen armak hartuta. Horrela egiten ez zuenari, bostehun maraiko isuna ezarriko zietela jakinarazi zieten.
1700-12-4. Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, Azpeitian batzar berezia izango zela jakinarazteko eta korporazioan parte har zezala eskatuz.
1670-12-4. Maisu flamenkoak Elola kaperako organoa ez zegoela konpontzerik adierazi zuen. Ondorioz, Frantzisko Igarazi, Juan Otxoa Urangari eta Frantzisko IbaƱez Garagarzari Sevillara (Espainia) idaztea erabaki zuten, ordaindutako dirua eskuratzeko gestioak egin zitzaten edota organo berria bidal ziezaioten.
1643-12-4. Parrokiko administrari gisa Udalak Santiago Marigorta erlojulariarekin eskritura sinatzea erabaki zuen, honek parrokiako dorrerako ordularia egin zezan ehun dukaten ordainetan.
1633-12-4. Herriko fidelak adierazi zuen, erretoreak meza nagusian irakurri zuenean oinarrituta, apezpikuak debekatu egin zuela abenduaren 8ko Andre Maria Sortzez Garbiaren elizkizunak Frantziskotarren monasterioan ospatzea. Egun horretako elizkizunak aurrerantzean parrokian ospatzeko agindua eman zuen, eta agindua sahiestuz gero eskomikua eta hamar dukateko zigorra ezarriko zutela. Frantziskotarren monasterioan ospatu nahi izanez gero, beste egunen batean egiteko proposatu zuen.
1633-12-4. Agindu batek ohitura bat galarazten zuela eta herriko agintariek horren berririk izan gabe erabakitakoa izan zela kontuan izanda, idatzia prestatu eta Domingo Kortaberria apezpikuarengana joatea erabaki zuten, ohitura hura errespetatzeko eskatzera.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago