2016-7-20. Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak herritarren eskura jarri zituen Udalak, Udal Liburutegian.
2012-7-20. IƱaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu izendatu zuten.
2007-7-20. Ibai-Eder urtegiko bide berria inauguratu zuten. Urtegiari buelta osoa ematen dion bidea da.
2000-7-20. Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak, Euskadi Saria jaso zuen kirolean eginiko lanagatik.
1965-7-20. Anaia Maristen probintzialak jakinarazi zuen, behar hainbat irakaslerik gabe zelako, herriko ikastetxea utzi egin zuela ordenak.
1936-7-20. Udalbatzar berezian, Espainian hasi zuten gerra gogoan izanda Udalak legaltasunez osatu eta agintaritzan zen gobernuarekin bat egin eta hari laguntzea erabaki zuen.
1931-7-20. Lizarran Euskal-Nafar Udalen Batzarrean izandako herriko ordezkariek adierazi zuten hil honen 14an Euskal Estatutua onartu zela. Udalak, irakurri ondoren, aho batez gauza bera egin zuen.
1903-7-20. Alkateak aurkeztutako mozioa onartuta, Bilbotik Donostiarako trenaren konpainiari San Inazio festetan prezio merkeagoak jartzea eskatu zuten.
1891-7-20. Gregorio Lizurume eta beste batzuek egindako eskaerari erantzunez, errukietxeko juntak adierazi zuen herritarren batzar nagusira deitzea ez zela bere eginkizuna eta, beraz, herriko Udalari eskaera zuzentzeko. Udalak, estatutuek horretarako eskubiderik ematen ote zion jakin gabe, Herri Batzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuen, baina garbi utzi zuen juntaren erantzuna jakin ondoren jokatu zuela horrela.
1891-7-20. Pozik jaso zuten jesuiten probintzialaren idatzia, eta egokia iruditu zen elizkizunak ospatzea Loiolan hil honen 29 eta 30ean, goiz eta arratsaldez, 31n Azpeitian eta ondorengo egunean berriro Loiolan.
1857-7-20. Bustinzuriko errebaleko biztanle batzuek kaletik kendutako harri zaharrekin Urola ibairako bidea egokitzea eskatu zuten. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
1855-7-20. Joxe Inazio Aldalur azkoitiarra izendatu zuten parrokiko organo-jole posturako.
1732-7-20. Oran konkistatu zela esanez albisteak iritsi ziren, eta udalbatzar nagusian Nafarroako sei zezen eta Diego Alzaga alkateak eskainitako beste birekin zezenketa antolatzea erabaki zuten. Tomas Inazio Korta Nafarroako erreinura pasatu zen zezenak erosi eta toreatzaileekin tratua egiteko.
1693-7-20. Diputazioaren gutun baten berri eman zuten. Bertan, frantziarrak Hondarribia eta probintziko beste zenbait tokitan sartzeko prestaketa lanean zirela esaten zen. Udalak erabaki zuen kalean ziren herritar bereziei deitzea, neurriak hartzeko. Abuztuaren 9an arma erakusketa eta alardea egitea onartu zuten, eta herritar eta biztanleak arratsaldeko hiruretan enparantzan bilduko ziren.
1668-7-20. Ugarte burdinola erre zen eta Juan Larraldek hura egokitzeko egurra ebakitzeko baimen eskaera egin zuen, baina erabakia hartzeko herritar bereziekin biltzea erabaki zuten agintariek.
1646-7-20. Herri Batzarrean Diputazioak bidalitako gutunaren berri eman zuten. Diputazioak frantziarren aurka Lleidako (Herrialde Katalanak) plazara irteteko 400 soldadu eskaini zituen eta soldaduak prestatzeko eskatzen zuen. Herriak, dirua zuenez, bederatzi boluntario topatzea erabaki zuten, behar zena ordainduz.
1634-7-20. Herriak zituen lurralde batzuk soro bihurtzeko baimena eman zieten batzuei, eta ordaintzat bakoitzak hamar zuhaitz landatu zituen.
1571-7-20. Haur utzi bat bataiatu eta hazteko hazama bati ematea erabaki zuten, urtean ohiko hamabi dukat ordainduz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago