2016-7-26. Mikel LarraƱagak Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen.
2015-7-26. Nicolas Oteiza 'Kaito' Azpeitiko Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatu zuten.
2010-7-26. Arau Ordezkatzaileen auzian, helegitea jarri zuen Udalak.
2008-7-26. Pello Aizpuru erremontistak erretiroa hartu zuen, 25 urtez frontoietan ibili ondoren.
2007-7-26. Iker Iparragirre atxilotu zuen Frantziako poliziak Rodezen (Frantziako hego ekialdean), ETAko kidea delakoan.
1997-7-26. Karitasek plazan zuen tonbola erre zen goiz aldera, norbaitek su eman ondoren.
1992-7-26. Nuarbe taldeak Euskal Herriko Sokatira Txapelketa irabazi zuen 600 eta 680 kilotan.
1943-7-26. Egindako eskaerari erantzunez, Basilio Lizaso izendatu zuen Udalak bigarren txistulari.
1882-7-26. Gobernadoreak lurraldeko Epaitegiko Presidentearen idatzia bidali zuen. Bertan, Miguel Castiellak buru egiten zuen Udala osatzen zutenak prozesatuak izan zirela adierazi zuten, Meliton Izeta izan ezik.
1880-7-26. Parrokian zen San Inazioren zilarrezko irudia abuztuaren lehen egunean egingo zen prozesioan Loiolako Santutegira eramatea erabaki zuten. Jesusen Lagundiari eskainiko zioten gordetzeko, baina herriaren jabego izaten jarraituz. Parrokiko apaizak egingo zen eskritura partaide izatera gonbidatu zituzten.
1869-7-26. Alkateak esan zuen errukietxeko juntari esan ziola Karitateko Lekaimeak ekartzeko proiektua zaintzeko eta, juntak egokitzat hartu zuenez esandakoa, Donostian zen herriko erretoreari gestiak egiteko agindu zion alkateak. Baina juntak zioen, bera osatzen zuten batzuk bertan ez izatean, gestioak aurrera eramango zituen Udala eta juntaren artean osatutako batzordea izendatzea ezinezkoa zela. Udalak, Agustin Etxanizi idaztea erabaki zuen -Madrilen zen hau-, Karitateko Lekaimeen buru zenari proiektuaren berri emateko eta, honen iritzia jaso ondoren, Udalari zer egin behar zen adierazteko.
1835-7-26. Eskuztako zelaia eta San Agustin komentuaren ondoko zuhaiztia erostea nahi zuen norbait bazen jakitea erabaki zuten, unean herriak zituan zorrei aurre egiteko.
1797-7-26. San Inazio bigarren egunerako prozesiorako armak erabiltzen abilezia zutenei goizeko zazpietarako ohikoa zen bezala jantzita udaletxera azaltzeko albistea pasatzea erabaki zuten. Hogei errealeko isuna zuten azaltzen ez zirenek, eta erreal bana emango zieten azaldutakoei.
1795-7-26. Herri Batzarrera biztanle gutxi agertu zirela ikusita -nahiz eta udaltzainen bidez albistea zabaldu-, herritar batzuek isuna ordaindu artean horiek ezertarako ere kontuan ez hartzea erabaki zen.
1786-7-26. Herri Batzarrean San Inazio egunez alardea egitea erabaki zuten, kalean prozesioari lagunduz, baita parrokiko apaizei bigarren egunean Loiolan meza nagusia emateko eskatzea ere; aurretik bertara prozesioa egingo zuten, lehen jesuitak kanporatu artean egin ohi zen bezala.
1716-7-26. Herriko diruzainaren eskuetan San Agustin komentuari bertako lanak egiteko agindutako 600 ezkutu ordaintzeko ehun baino gehiago ez zeuden eta, beraz, dirua aurreratu zuten herriko mendien erosleei beste hainbeste itzultzea erabaki zuten, beste zerbaiterako izendatuta zen dirutik.
1671-7-26. Gaztelako zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazioetarako zezenketarako, Joxe Iturriaga alkateari saldutako mendien dirutik soberan gelditu zenarekin.
1558-7-26. Herri Batzarrean adierazi zuten otsailean eginiko soldadu irteerarekin eta orain egin zenarekin sortutako gastuei aurre egin ezinean zela herria, eta derrigorrezkoa zela nonbaitetik dirua lortzea. Herrian bizi ziren hidalgo bakoitzak bi dukat ordaintzea erabaki zen, eta Nafarroa, Araba, Frantzia eta beste nonbaitetik herriratutako pertsona bakoitzak zazpi erreal. Zerrenda desberdinak egin zituzten horretarako.
1523-7-26. Oheraturik zen Juan Antxieta musikaria, eta testamenduaren eransgarri batean Frantziskanen elizan hilobiratzeko agindua eman zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago