2020-2-12. Azpeitiko Udalak zortzi urtez Janari Bankuan egindako lana aitortu zien zortzi herritarri.
2016-2-12. Lasaoko Herri Etxea inauguratu zuten.
2007-2-12. Epaitegia berritzeko lehen harria jarri zuten Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.
2005-2-12. 18/98+ ekimena aurkeztu zuten Aitonenako aretoan, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko".
2002-2-12. Jabier Iraetak sokamuturrari buruz egindako eskultura inauguratu zuten, Gernikako arbolaren inguruan kokatua.
1912-2-12. Agustin errekako urak Abetako urtegira ekartzeko lanen baldintzak onartu zituzten.
1912-2-12. Etxeetara zabaltzen zen uraren arautegiari buruzko azterketa egitea erabaki zuten, aldaketa batzuk egin beharra ikusi zelako.
1820-2-12. Inauterietako zekorketei buruz erantzuna eman zuen Diputazioak, garbi utziz ez zuela herriak gaizki jokatu enparantza itxi eta jaialdia han ospatzea erabakitzean. Urteko 2.800 erreal seinalatu zituen, aurrekontuan arautegiak agertu bezala, eta diru hura nahi bezala gastatzeko zen. Gauzak horrela, herriak berehala korrejidoreari idaztea erabaki zuen, esanez herriak baimen osoa zuela 2.800 erreal horiek nahi bezala banatzeko.
1751-2-12. Urteroko herri jaietako zezenketak bertan behera uztea erabaki zuten, hiru urtetik behin egingo zirela adieraziz, Nafarroako edo Gaztelako zezenekin, nahiz eta hobe izan gaiari buruz San Miguel egunean hitz egitea, udal berria osatzen zenean hain zuzen ere.
1741-2-12. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko baimena eman zuen.
1739-2-12. Hiru urterako bere gain hartu zuen teileri lantegia Sebastian Garatek, eta harekin eskritura sinatu zuten.
1730-2-12. Izarraizko izoztegia alokatzea erabaki zuten.
1713-2-12. Sukalderako egurra behar zutenek, diruarekin herriko diruzainarena agertzea erabaki zuten. Honek seinalatuko zituen egur zamak.
1706-2-12. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, soldaduen zerrendako guztiak martxoaren lehen egunerako Arrasatera bidaltzea erabaki zuten.
1670-2-12. Haragi hornikuntza egiten zuenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, saltzen jartzen zuen generoa txarra zelako. Domingo Berroeta zen hornitzailea, eta haren emazteak ere berriro zigorra merezi duela esan zuten. Kartzelaratzea merezi zuen batzuen iritziz, bere gelan gordeta zuen haragia ateratzeko agindu ziotenean ez zuelako horrela egiterik nahi izan, haragi gehiago ez zuela esanez. Alkateak, ondorengo egunetan, emakumeari ere zigorra ezarriko ziola erantzun zuen.
1666-2-12. Izarraitz mendiari buruz zenbait gauza jakin nahian zen herria, eta Jauregi eta Betelu erregidoreak azterketa batzuk egin ondoren zera adierazi zuten: duela 21 urte bertan ziren zuhaitzak ikatzetarako moztu zirela eta Deba aldera, berriz, orain 11 urte atera zirela zuhaitzak, guztira 800 zama ikatz gutxi gorabehera, eta unean, toki berean ari zirela ebakitzen.
1644-2-12. Hiru urtean zehar herriko ospitalean lana egiteko eskritura sinatu zuten Domingo Odriozolarekin eta honen emazte Agustina Mujikarekin.
1644-2-12. Juan Larraari enparantza zabaltzeko bota zituzten etxeen tokia behar bezala harriztatuta gelditu zen begiratzeko eskatu zioten.
1641-2-12. Bide nagusi, zubi eta pontoietan gurdiekin ibiltzea debekatu zuten, nahiko arriskutsuak zirelako oinez edo zaldian ibiltzeko. Bestela, gurdia galdu eta zigorra jasoko zuten.
1631-2-12. Izarraizpen Zabala baserria erre zitzaion Pedro Zabalari, eta herriak baimena eman zion bere lurraldeetan egurra ebakitzeko.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago