2021-7-25. Nora Zubillaga eta Naiara Tena Xeyeko azpeitiarrek 800 metroetan brontzezko domina eta 400 metroetan laugarren postua lortu zituzten, hurrenez hurren, 18 urtez azpikoen Espainiako Atletismo Txapelketan, Huelvan.
2021-7-25. Azpeitiak bosgarrenez irabazi zuen esku pilotako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa. Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki pilotalekuan jokatutako finalean, 2-1 gainditu zuten Ilunpekoek Lezama (Bizkaia).
2018-7-25. Mendaroko Agarre haitzuloan aurkitutako Madeleine aldiko bi piezaren eta labar arte baten berri eman zuten Azpeitiko Antxieta jakintza taldeko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek.
2015-7-25. Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren azpeitiarrek Gipuzkoako Helduen 66. Dantza Solteko Txapelketa irabazi zuten.
2015-7-25. Azpeitiak esku-pilotako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazi zuen, Iruñean jokatutako finalean Uharte 1 eta 2 gaindituta.
2002-7-25. 'Iraurgi Saskibaloi Elkartea. Mende laurden bat herriari kirol zerbitzu bat ematen' liburua aurkeztu zuten Aitonenan, Jon Olaizolak eginda. Jende askorekin ospatu zuen Iraurgik 25. urteurreneko egun nagusia. Goizean liburua aurkeztu zuen, eta gero 111 lagun bildu ziren bazkarian.
1997-7-25. Juan Joxe Agirrek prestatutako 'Azpeitiko baserriak' liburua aurkeztu zuen Udalak.
1992-7-25. Mikel San Juanek eginiko irudiarekin Karmelo Etxegarairen monumentua inauguratu zuten.
1986-7-25. Frontoi Txikia inauguratu zuten.
1973-7-25. Fernando Olaizolak egindako irudiarekin Joxe Artetxeren monumentua inauguratu zuten Zelai Luzen.
1972-7-25. Nikolas Zubeldiak egindako Izarraitz frontoia inauguratu zuten.
1936-7-25. Frente Popularrak, Euskal Langileen Alkartasunak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkeztutako idatzia irakurri ondoren, Udalak herriko nagusiei langileei sei eguneko soldata aurreratzeko eskatzea erabaki zuen. Hori egiteko ezinean zen nagusiari Udalak aurreratuko zion agindua betetzeko beharrezko zuena. Aurreratutakoa langileek beharrezko zituzten orduak sartu ondoren itzuliko zuten. Bestalde, herriko nagusi eta bankuen aurrean Udala egin zen langileen berme. Udalak herriko banku batean edo gehiagotan 50.000 pezetako kontu bat zabaltzea ere erabaki zuen, eta gestio guztiak egiteko alkatea baimendu zuen. Langileen sendiak nolako egoera larrian ziren ikusita, alkateari langabezian zirenei laguntza emateko baimena eman zioten; herriari azaldu beharko zion eginikoaren berri.
1925-7-25. Herrian ospatutako ekintza akademikoan sartu zen Karmelo Etxegarai Euskaltzaindian.
1905-7-25. Parrokiko dorrean egindako lanak inauguratu zituzten, azpiko pasabidean jarritako Lourdesko haizpearekin batera.
1793-7-25. Bere konpainiarekin herritik kanpo zen Antonio Urdapilleta, eta San Inazio bezperan bere soldaduekin bi edo hiru bat egunerako herriratzeko probintziari baimena eskatuz idatzi bat zuzentzeko eskatu zuen. Herriak erabaki zuen horrela egitea, abuztuaren lehen eguneko prozesioari ospe handia emango baitzion soldadu konpainiak parte hartzea.
1785-7-25. Udalak idatzitako gutunari erantzunez, Joxe Joakin Bazasabalek, parrokiko gainontzeko apaizen izenean, euren gogoa aurreko urteetan bezala San Inazio bezperan Loiolan konpletak kantatu eta abuztuaren lehen egunean prozesioan Loiolara joan eta meza nagusia ospatzea zela adierazi zuen. Agintariek horrela egitea erabaki zuten.
1785-7-25. Erabakia betetzeko abuztuaren 1erako biztanle guztiei deitzea erabaki zuten udaltzainen bidez, prozesiora ager zitezen alardea eta arma erakusketa egiteko euren armak zituztela. Zortzi errealeko isuna ezarri zuten horrela egiten ez zuenarentzat.
1754-7-25. Korrejidoreari idaztea erabaki zuten, bere laguntza eskatzeko abuztuaren lehen egunean ohikoa zen bezala zezenketa izateko herrian, baina zezenketa hilko ez ziren zekorrekin egingo zela esanez. Izan ere, maiatzaren 10ean emandako probisio erreal baten bidez debekatu egin ziren zezenketak plaza itxi batean ospatzea.
1683-7-25. San Agustin komentuaren sarrerako estalpea harriztatzea erabaki zuten, landutako harri egokia erabiliz.
1622-7-25. Aita santu Pio XI.ak Jardunaldi Izpiritualen patroi izendatu zuen Loiolako Inazio donea.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago