Eguna: 6-6

  • 2017-6-6. Urola Lanbide Eskola izena hartu zuen Azkoitia-Azpeitia BHIko lanbide heziketak.
  • 2015-6-6. Festa giroan inauguratu zuten Azkue lantegia, Azcue y Cia altzari enpresaren lekukoa hartu zuena.
  • 2005-6-6. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Pasaiako sarraskiaren auzia berriro zabaltzea erabaki zuen. Preskripzio epea agortua zelakoan, iazko ekainean artxibatu zuten kasua. Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' azpeitiarrak eta Rafael Delas 'Txapas' eta Jose Maria Izura 'Pelu' iruindarrak tiroz hil zituen.
  • 1953-6-6. Herrian Institutu Laborala sortu nahi zuten eta horren inguruan Udalak erantzuna eman zion Espainiako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioari. Bertan urteko aurrekontuaren 74.500 pezeta irakasleentzat eta etxebizitzentzat izango zirela zehaztu zuten, institutuko eraikin berria egin bitartean.
  • 1948-6-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' eta Anton Soraluze Korta neurtu ziren. Neurketan, zortzi enbor 60 ontzakoak eta 30 enbor 36 ontzakoak zituzten. Arriyak 100.44an ebaki zituen, eta Korta erretiratu egin zen, 57.18 bete zituenean.
  • 1933-6-6. Nazario Aizpitarte eta beste batzuk ez ezik, herriko Euskal Langileen Alkartasunako lehendakariak eginiko eskaerak irakurri zituzten. Eskaera horretan langabezian ziren langileentzat udal obrak martxan jartzeko eskatu zuten, eta ikerketa egitea erabaki zuen herriak.
  • 1930-6-6. Azoka plazako arautegian eginiko aldaketak onartu zituzten. Saltzekotan, plazaratzen ziren txerrientzako itxitura batzuk erostea onartu zuten.
  • 1883-6-6. Gauzainen sarjentuak, lau errebolber, lau txilibitu eta beste hainbeste karraka eskatu zituen, aurreko egun batean bezala irainduak izan ez zitezen. Udalak erostea erabaki zuen.
  • 1881-6-6. Notarioak ekainaren 15ean gobernadorearen aginduz agintaritzan zirenek sinatutako idatzia aurkeztu zuen. Bertan orduan ziren agintariei beraien postuak uzteko eskatu zuten, baina ezezkoa erantzun zieten.
  • 1872-6-6. Udal berria osatu zuten, Joxe Manuel LarraƱaga alkate zela.
  • 1864-6-6. Gobernadoreak hilaren lehen egunean idatzitako ofizioaren berri eman zuten. Ofizioak zioenez, herriak egun batzuetara izango zituen Dezimal Metriko Sistemako pisu eta neurrien bilduma osoa.
  • 1812-6-6. Roke Aizpuru komisarioaren gutuna jaso zuten, hurrengo eguneko goizeko seietarako 1.400 zatiko eskatuz Gipuzkoako boluntario taldearentzat. Eskribauari agindu zioten Aizpururen etxetik pasatzeko udalbatzarrera etor zedin erregutzera. Horrela egin ondoren eskribauak adierazi zuen komisarioa ez zela agertuko udaletxera inola ere, eta idatziz ere berdin erantzungo zuela adierazi zuela; bestela, berak hilko zuela ganaduak zituen herritar bat. Une horretan F. Alzaga agertu zen, soldadu boluntarioetako bat, Gerrako Komisarioaren eta bere ordezkarien izenean alkate eta erregidore guztiak atxilotuta zeudela adieraziz, ordena berri bat eman bitartean.
  • 1803-6-6. Urrestilako Guardia zubia konpontzeko aurrekontua prestatzea erabaki zuten.
  • 1692-6-6. Frantziar etsaia mugatik hurbil zegoela jakinda, bolbora eta metxa erostea erabaki zuten. Herriko dendari bakoitzak arroba erdi bat bolbora erosi behar zuen eta zortzi egunen barruan salgai jarri. Horrela egiten ez zuenari, bi mila maraiko isuna ezartzea onartu zuten.
  • 1653-6-6. Matias Inazio Zuazolak auzia jarri zien herriko fidel Domingo Gerrenzuri eta Joseph Goenaga erregidoreari, Loiola sendiak enparantzan zituen etxeak bota zituztelako. Herriak batzordea izendatzea erabaki zuen basoak saldutakoan diruak kobratzeko. Horrela, herriaren aldetik bi agintariak defenditu nahi ziren.
  • 1653-6-6. Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealak alkatea atxilotzea aginduta zeukan. Horrek gastu handiak sortuko zizkion berari eta herriak ehun dukat ematea erabaki zuten.
  • 1640-6-6. Alkateak adierazi zuen herria dirurik gabe zegoela; bai bere betebeharrei erantzuteko, baita kanporatu beharrean ziren soldaduei ordaintzeko ere. Baina herriak baimena zuenez biztanleen artean mila dukat banatzeko, horrelako zerbait egitea onartu zuten.
  • 1619-6-6. Parrokiko Gerrenzuri kaperako erretaula egiteko Joan Arbiza maisurekin eskritura sinatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan