2017-5-12. Gorka Azkunek dibulgazio-artikulu onenaren saria jaso zuen CAF-Elhuyar Zientzia Dibulgaziorako sarietan, 'Intuizioaren bide ilunak argitzen' lanarekin.
2012-5-12. Gipuzkoako Txolarte Eguna ospatu zuten Azpeitian.
2011-5-12. CSN Brasilgo enpresaren ordezkariak Azpeitian izan zirela jakinarazi zuen Julian Eizmendi alkateak eta, 2010eko abenduan iragarri zuten bezala, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao lantegiak erosiko zituztela.
1936-5-12. Manuel Azaña zoriontzea erabaki zuten, Espainiako Errepublikako presidente izendatu zutelako. Laguntza erregutu zioten, Hego Euskal Herriko Estatutua ontzat hartzeko.
1935-5-12. Arriya I.ak Agiñetari hiru segundoko aldearekin irabazi zion, Tolosan. Sei enbor 72'' ebakitzen (35'37'') urte askoan errekorra izan zen marka.
1931-5-12. Batzorde Iraunkorrak 1925eko azaroaren 9an eta Udalak urte bereko abenduaren 9an hartutako erabakiak kontuan izanik, Karmelo Etxegarairen memoria iraunarazi nahirik, hartutako erabakia ontzat jo zuten. Herriko enparantza edo kale batean jartzeko irudi bat egin eta kokatzearen aurrekontua prestatzea eskatu zioten alkateari.
1931-5-12. Herriko alkateari eta Bergara eta Andoaingoen eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Autonomia Estatutua ez ezik, Euskal Herrikoa idaztea udalek bakarrik egin beharrekoa zela ikusirik, honako puntuak onartu ziren: 1. Gipuzkoako Udal Asanbladarekin bat egitea, Gipuzkoako Autonomi Estatutua bertan osatu eta onartuko zenez. 2. Euskal Herriko Udal Asanblada Nagusiarekin bat egitea, gortean aurkeztu behar zen Estatutua bertan osatu eta onartuko zenez. 3. Alkateen Batzordearekin bat egitea, hasierako lanak egiteko, ofizialtasuneko Batzorde Iraunkor bat osatu bitartean. 4. Bai Gipuzkoako Junta Nagusirako eta bai Udal Asanblada Nagusirako, herriaren prokuradore bezala, Kasto Orbegozo izendatzea.
1897-5-12. Loiolako zelaian komunak egitea erabaki zuten.
1824-5-12. Bergarako seminarioa Loiolako Ikastetxe Errealera aldatzeko eskaera Espainiako erregeari egin eta erantzunik ez jaso ez zenez, Granadako Dukeari idaztea erabaki zuten. Ezer aurreratu ote zen galdetu zioten, eta ahalik eta azkarren lortzeko ahaleginak egiteko, egokia iruditzen bazitzaien.
1802-5-12. Herrian gelditzeko etorri ziren hamabi soldadu eta haien sarjentuarentzat ostatua aurkitzeko, batzordea izendatu zuten.
1793-5-12. Mugara irten behar zuen herriko bigarren tertziorako 50 fusil bakarrik gelditzen zirela Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten. Baionetak bazituzten, baina kartutxoen tresnarik ez. Mantak, koltxoiak eta beste beharreko gauzak berak lortzea eskatu zioten.
1783-5-12. Biasteriko herriak idatzi zuen gutun baten berri eman zuten. Bertan zera zioten: inoiz ez zirela bertarako herriko ardo hornikuntza egiten zutenak kargatzera hara joan, nahiz eta ardo egokiak izan. Hornitzaileak harrotu egin ziren, eta Biasteriko ardoa ekartzen zutela eta ezinezkoa egiten zaiola jakinarazi. Gertatzen zena jakin ondoren, erantzutea erabaki zuten.
1741-5-12. Diputazioari gutuna bidali zioten, aginduak betetzen zirela frogatzen zuen agiriarekin. Gipuzkoako Batzar nagusien herri bakoitzak kalitate oneko 50 fusil edukitzea agindu zuen, bere baioneta eta kartutxoak gordetzeko tresnarekin. Urte batzuk lehenago 50 fusil ez ezik, metxa zuten ehun moskete erosi zirela jakinaraztea erabaki zuten.
1741-5-12. Parrokiko erretaula nagusiko sagrarioa eta Andre Mariaren nitxoa urreztatzen ari zirela ikusita, eta etxezainak 12.000 erreal zituela jakinda, erretaula guztia urreztatzeari buruz hitz egin zuten. Ikatzetarako mendiak salduta beste sei mila dukat eskuratuko zituztela gogoan izan zuten. Azkenean udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten, guztien iritziak jaso eta erabakia hartzeko.
1584-5-12. Motxaile asko zen nonbait inguruan eta haiek herritik kanporatzea erabaki zuten.
1575-5-12. Alondegia zabaldu nahirik, Bartome Aizpururen etxea erosi zuen herriak.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago