1569-12-5. Lartaun doktoreak bidalita iritsi zen Azpeitira Vazquez Oropesako (Espainia) lizentziatua eta, azterketa gainditu ostean, hura izendatu zuten Elolaren Gramatika katedrako irakasle.
1569-11-3. Parrokiko aterpean haur utzi bat zegoen eta haztea erabaki zuten herriaren aldetik, inguruko herrietako alkateei ahaleginak egitea eskatuz, haurraren gurasoak nortzuk izan zitezkeen jakiteko.
1569-10-17. Kontuan izanik Elola kaperan hiru meza eman behar zirela larunbatetan, Juan Eizmendi aukeratu zuten horrela egingo zen edo ez zaintzeko.
1569-10-5. Alcalako (Espainia) Unibertsitatean zegoen Lartaun doktoreari idaztea erabaki zuten, herrian zen Gramatika katedrarako irakasle bat bidaltzeko eskatuz.
1569-9-24. Gorputz egunean, ondorengoan eta San Sebastian egunean ezpata dantza egin zutenei ordaindu egin zien herriak.
1569-7-24. Errazti burdinolako buru herritar Iñigo Goiaz eta Martin Errazti ziren, eta negozioaren hiruko zati bat Domingo Lopez Arandiak zeukan.
1569-5-7. Berehala herriratzekoa zen korrejidorea, bere ohiko txanda betetzera, eta etxe partikular bat eskatu zuen bizitzeko. Herriari ezinezkoa egin zitzaion udaletxea eskaintzea, benetan gaizki baitzegoen. Horrela, Martin Perez Eizagirrerekin hitz egitea erabaki zuten, etxea eskatzeko.
1568-12-27. Esatean parrokiaren patronatuari buruzko auzia galdu egin zuela herriak, aurreko urtean agintaritzan izandakoei deitu zieten zerbait gehiago jakin nahian. Haiek jakinarazi zuten horrela gertatu zela, nahiz eta Navarro Azpilgoeta doktorearen iritziak aurrera eraman nahi izan. Martin Perez Barrenola aukeratu zuten berriro auzi berari heltzeko.
1568-10-27. Parrokiko etxezain Amador Iñiguez Alzagak elizaren itxurak eta iritziak aurkeztu zituen. Herriak Joan Lizarazu urretxuar maisu harginari deitzea erabaki zuen, ikusi eta iritzia ager zezan.
1568-10-25. Parrokian egin behar zen obrarako urrezko mila dukat ematea erabaki zuen herriak, eta amaitu bitartean urtean beste laurehun dukat.
1568-10-17. Amador Iñiguez Alzagak parrokiko elizaren itxurak aurkeztu zituen, haiei buruz Martin Perez Eizagirrek pergaminoan idatzitako iritziarekin batera. Juan Lazarazu Urretxuko maisu harginari deitzea erabaki zuten, iritzia jakiteko.
1568-10-11. Parrokiko elizari buruz prestatutako itxura erakutsiz, hargin maisuen artean zabaltzea erabaki zuten, obrak hurrengo urteko errege egunean errematatuko zituztelako.
1568-10-10. Meza nagusiaren ondoren herritar asko bildu ziren plazan herriko agintariekin batera eta, beharrezkoa zela ikusirik, eliza berria egitea erabaki zuten, baita ahal zen azkarren itxurak eta iritziak jasotzea ere.
1568-10-7. Parrokiko elizak nolakoa izan behar zuen erabakitzeko, herritar guztiak hilaren 10ean kanpoko enparantzan biltzea onartu zuten.
1568-9-24. Barrenolan bizi zen Martin Perez Barrenola eskribauari agindu zioten herrian bizi behar zuela, bere ofizioan lana egin nahi bazuen behintzat.
1568-8-9. Printzearen hileta elizkizunak egitea erabaki zuten larunbat gauez eta igandean, eta alkateek lutua jantzi behar zuten. Arropa herriak ordainduko zion, gehienez ere hogei dukat gastatuta.
1568-8-9. Probintziko beste herrietan ziren neurri bereko ikatz zakuak erabiltzea erabaki zuten, Legazpin, Azkoitian eta beste zenbait herritan ziren bezalakoak.
1568-6-18. Apezpikua herrira etortzekoa zenez berehala, herria eta lurraldea bat eginda hari ongi-etorria egiteko ohiko tokian biltzea erabaki zuten.
1568-6-9. Ikatzarentzat beste herrietako neurri bera erabiltzea erabaki zuten, kontuan izanik burdinarena zerbait igo egin zela eta ikatzarenak berdin jarraitzen zuela.
1568-1-28. Amillibia izeneko lurraldean monastegi berri bat egiteko Martin Armentia maisu harginaren eta Frantziskanen arteko eskritura egin zuten.
1568-1-14. Adreilua jartzen ari ziren Elolaren kaperan eta, erretaula nahiko hondatuta zegoenez, ahalik eta azkarren egokitzea erabaki zuten.
1568-1-5. Ikusirik nahiko modu egokian iristen zela garia herrira, ogiaren prezioa jaistea erabaki zuten agintariek.
1567-12-22. Elolaren kaperako Sevillatik (Espainia) bidalitako organoa Zumaiako portura iritsi zela adierazi zuten, eta herrira ekartzea erabaki zuten.
1567-12-22. Herriko agintariek ostiralero bilera egitea erabaki zuten.
1567-10-14. Erreginak haur bat izan zuenez, jaialdiak antolatuz ospatzea erabaki zuten. Lehenik, prozesioa igandean, hamalau urtez gorako guztiak parte hartzera gonbidatuta, eta haren aurreko egunean herriko parrokian eta Urrestillakoan zabalduz; gainera, berrehun maraiko isuna jarriko zioten agertzen ez zenari. Prozesioa egin zuten, parrokitik Bustinzuriko ermitara eta handik Madalenara, meza izanik ermitan. Aurreko ostiral iluntzean argiak jartzeko eskatu zieten herritarrei, leihoetan kandelak pizturik, eta sua ate aurreetan (isun beraren mehatxupean), eta gauean dantzak egin zitezela agindu zuten. Lehen larunbatean, San Lukas egunean, ijito eta ezpata dantzak eta beste era batekoak egingo zituzten, Juan Urbieta eta Juan Egurzaren aginduetara. Ostiral eta larunbat gauean elizetako eta ermitetako kanpaiak joko zituzten. Herriko harakin Juan Ondarra eta Pedro Altunari, bestalde, agindu zieten idi edo zezen bana ekarri eta sokarekin loturik kaleetan ibil zitzatela, dukat bat ordainduz bakoitzari. Kaleak garbitzea agindu zuten -bakoitzak bere etxe aurrea garbitu behar zuen-.
1567-9-29. Korrejidorea batzarrean zela, galdetu zuten ea nork izan nahi zuen agintaritzarako hautagai. Zortzik erantzun zuten baietz eta, kontuan izanik inoiz ez zela izan gutxiago, haietatik bi kendu eta beste seien artean zozketa egitea erabaki zuten. Horrela osatu zuren Udala.
1567-6-25. Santiago egunean ohiko alardea egitea erabaki zuten.
1567-5-22. Iruñeko apezpikuak bisitaldi pastorala egin zuen Urrestillara.
1567-4-9. Gorputz eta San Sebastian egunetan, Letanietan eta Erramu egunean, Urrestillako gurutzea herriratu beharrari buruz hitz egin zuten, eta berekin batera urrestildarrak.
1567-3-28. Urrestillako Antxieta etxearen lurraldean burdinola egiteko baimena eskatu zuen Martin Ibañez Akemendik, Antxieta zubiaren inguruan erreal bidean ubide bat pasatzeko. Baiezkoa eman zion herriak.
1567-3-17. Enparan errotaren irabaziak nola banatzen ziren adierazi zuten. Zortzi zatitik bost herriarentzat, beste hiru zatiren erdia Enparan etxearentzat, eta beste hainbeste herria eta Bikuña etxeen artean banatzen zen.
1566-11-16. Joan Otxoa Uranga eta Frantzisko Ibañez Garagarzari Sevillara (Espainia) idaztea erabaki zuten, Elolaren kaperako organoa noizko izango zen prestaturik esateko herriari Eguberrietarako albistea bidaltzeko esanez, eta zenbat ordaindu beharko zen ere bai.
1566-10-14. Bere lana herriaren aldetik ordaintzen zitzaiola, Frantzisko Zarate Elolako kaperauak egiten zituen hutsuneak zaintzeko izendatu zuten, eta larunbatean agintariei horren berri eman zieten.
1566-10-7. Nikolas Saez de Elolak sortutako kaperarako organo-jole on bat aurkitzea erabaki zuten.
1566-7-31. Tomas Zandategi eskolako maisuak adierazi zuen janarien prezioak asko igo zirenez eta eskolara joaten ziren ikasle gutxi zituenez, ezinezkoa zitzaiola bizitza egokia izatea, herriak ematen zizkion urteko hogei dukat gutxi zirelako eta ikasleek ordaintzen zutena, berriz, ezerezaren parekoa. Herriak erabaki zuen ikasleen tarifak altxatzea; irakurtzen zekiten mutikoek erreal eta laurden ordaindu beharko zuten hilean, idazten zekitenek bi erreal eta zenbatzen zekitenek bi erreal eta laurden. Behartsuei erakusten ahalegintzen zenez, herriak urtean hogei dukat ordainduko zizkion.
1566-5-22. Errebaleko biztanleek auzia jarri zuten, herritik kanpo salmentak egitea debekatzen zuelako herriak. Udalak Valladolidera (Espainia) ordezkari bat bidaltzea erabaki zuen.
1566-4-5. Herriko kartzelan zeuden hiru lapur zigortzeko borreroa ekarri zela adierazi zuten.
1565-12-30. Samaot jaunak bere gain hartu zuen herriaren ardo hornikuntza, 75 dukat ordainduz.
1565-12-27. Jabeturik herrian taberna asko izateak sortzen zituen iruzurrak eta ziri handiak -behar bezalako zerbitzua eskaini gabe egon ziren, eta zail egiten zen, gainera, beraietan saltzen zen edariaren berri jakitea-, bi kale desberdinetan bi taberna besterik ez izatea erabaki zuten. Haietako batean Nafarroako ardoa salduko zuten, eta bestean zuria eta beltza. Errematea egiteko baldintzak onartu zituen Udalak; hala, ardoaren salmenta herriak hartu zuen.
1565-11-12. Herriko kartzelan bi lapur izanik, Bizkaiko korrejidoreari borreroa herriratzeko eskatzea erabaki zuten, haiek zigortu zitzan.
1565-9-17. Erreginaren etorrerara Tolosara joan ziren herriko 93 soldaduri ordainketa egitea erabaki zuten.
1565-7-14. Juan Perez Altunari agindu zioten enparantzara ura botatzen zuen bere etxeko arraska ixteko.
1565-6-29. Alondegia egiteko Sebastian Makibarren etxea erosi zuten.
1565-6-29. Aleak alondegian saltzea agindu zuten, 300 maraiko isunaren azpian. Herritarrek ere hala egin beharko zuten. Bestalde, alondegian pisatzeagatik anega bakoitzeko bi marai kobratzea erabaki zuten.
1565-4-28. Iruñeko bisitariak parrokiko bisita liburua Azkoitira eraman zuen eta, ez zuenez liburua itzultzen, soldata ordaindu gabe utzi eta mandoa kendu zioten.
1565-2-15. Behar bezalako zerbitzurik ez zutela esanez, Urrestillako biztanle batzuek Fernando Loiola lehen erretorearen aukako auzia jarri zuten.
1564-12-20. Pedro Goiazi Elolaren kaperarako beiradura batzuk erosteko eskatu zioten.
1564-12-1. Elolaren kaperarako hamar dukaten axuleiuak erostea erabaki zuten Sevillan (Espainia).
1564-11-10. Probintziak agindurik zuenez Avilako (Espainia) neurri berriak erabiltzea, herritar guztiengandik agindua betetzea erabaki zuten, bi mila maraiko isuna eta hamar eguneko kartzelaren azpian.
1564-11-10. Egokia ikusirik txerriak haztea etxeetan norbere hornikuntzarako, bi baino gehiago haztea debekatu zuten, eta unean bakoitzak zituenen zerrenda osatzeko udaletxera agertzea eskatu zieten, txerriak galdu eta berrehun maraiko isunaren azpian.
1564-9-27. Martin Beristain maisuari 25 erreal ordaindu zizkioten, Eskuztako gurutzea egin zuelako.
1564-9-23. Parrokiko patronatuari buruz Navarro doktoreak emandako iritziaren berri jakinarazi zuten. Loiola etxea herriari itzuli behar zitzaiola zioen, eta auzia jartzea erabaki zuten, Loiola etxearen aurka ez ezik, apezpikuaren eta Iruñeko bikario nagusiaren aurka.
1564-4-8. Maria Arroskain sorginaren epaiketan eginiko gastuak herriak ordaindu zituen.
1564-4-6. Antxieta, Orendain eta Landeta zubiak konpontzea erabaki zuten.
1564-3-20. Azterketa baten ondoren, Juan Aztina izendatu zuten Elolako kaperau.
1564-1-12. Alkateari Gasteiz edo Burgosen Elolaren kaperarako organo bat aurkitzea agindu zioten eta, behar bezalakorik ez bazuen aurkitzen, berri bat eginarazteko.
1563-12-22. Herriak Martin Perez Barrenolarekin auzia zuen, eskribau ofizioan jarraitzeko herri barruan bizitzea agintzen ziotelako. Juan Martinez Enparani herriaren ordezkari jarraitzea agindu zioten.
1563-12-14. Herritarrek alkabuzak, pikak eta beste zenbait arma bazituztenez, eskomikua lortzea erabaki zuten.
1563-6-30. Ordenantza bat onartu zen hamabost urtean Larrar eta Gallai basoetan zuhaitzik ez ebakitzeko agintzen zuena. Herriko lurraldean ziren haritz eta gaztainondoak ere ebakitzea debekatu zuen ordenantzak.
1563-6-28. San Pedro eguna garrantzitsua zenez, apaiz batzuek San Pedro ermitara prozesioa eta ondoren parrokian elizkizun berezia egitea proposatu zuten. Aho batez erabaki zuten herria, ohitura jarraituz, prozesioan San Pedro ermitara joatea eta bertan ospatzea elizkizuna, inolako aldaketarik egin gabe.
1563-6-21. Landeta auzotik herrira bitarteko bidea zabaldu zuten, oztopo guztiak kenduta eta mugarriak jarrita.
1563-5-29. Nikolas Saez Elolaren dotea jaso behar zuten emakumeak izendatu ondoren, hurrengo igandean haren kaperan eskainiko zen Izpiritu Santuaren mezara joateko albistea pasatzea erabaki zuten, Elolaren testamentua gordeko zutela zin egin zezaten.
1563-5-29. Garia eta gainontzeko generoak herriratzea derrigorrezkoa zela ikusirik, galtzada herritik Atxumarriagara, Igarate gainetik pasatuko zen galtzada berria egiteko lanari hasiera ematea erabaki zuten. Zumarragako Udalari albistea pasatu zioten, bere lurraldean jarraipena izan zezan.
1562-11-26. Juan Arizmendi parrokiko sakristauari herriak eskatu zion Elolako kaperauak ematen zituen mezak kontuan izateko, eta larunbatean agintariei guztiaren berri agertzeko.
1562-10-20. Aurreko igandean meza berria eman zuen Juan Altunak, eta Urrestillan bigarren meza emateko baimena eskatu zuen. Ezezkoa adieraztea erabaki zuten, ordenantzak gogoan izanik.
1562-10-2. Agintariek larunbatero biltzea erabaki zuten eta, kanpaia jo ondorengo ordu laurden baten barruan agertzen ez zenak, bi errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
1562-9-20. Elolaren katedrako hutsunea adieraztea erabaki zuten Salamanca, Alcala, Valladolid (Espainia) eta Oñatiko unibertsitateetan.
1562-9-6. Urrestillan, bertako elizarako kanpaiak egin eta elizkizunetarako gauzak erosteko, diru bilketa antolatu zuten.
1562-9-6. Joan Borjak dobloi bateko eskaintza egin zuen, Urrestillako elizan meza santua eman ondoren.
1562-8-26. Gauean taldeak osatuz lihoa lantzen aritzen ziren neskatxek iskanbilak sortzen zituzten. Hala, emakume haietako batek emandako labankada batez zapatari gazte bat zauritu egin zen Aszensio Gorriaranen etxean. Bestalde, mutikoekin baratzetan sartuta lapurretak ere egiten zituzten. Guztia bat-batean mozteko, gau erditik aurrera lihoa lantzeko neskak eta emakumeak elkarrekin ez biltzea erabaki zen, eta ehun maraiko isuna ezarri zuten agindua betetzen ez zuenarentzat.
1562-7-12. Urrestillako biztanleekin herriak zituen eztabaiden inguruan abokatu baten iritzia eman zuten, baita bikario nagusiak idatzitakoa ere. Garbi adierazi zen herritarrak haserre zirela, urrestildarrak euren idatzietan "urrestildarrak"' zirela esaten hasi baitziren. Urrestildarrak jarraitzea erabaki zuten.
1562-6-15. Loiolako jaunak jakinarazi zuen igandean Urrestillako mezan izan zela. Urrestillan, bertakoekin hitz egin zuen parrokiko etxezain auziarekin amaitzeko. Abokatu batengana jotzea erabaki zuten, bere iritzia jakiteko eta gaiarekin jokatzeko.
1562-6-12. Herri Batzar nagusia egin zuten, Atxaran Batxilerra aholkulari zela. Urrestillako etxezainaren auziari buruz hitz egin zuten. Gaiari lotuta, Zaragozako (Espainia) Bordelba abokatuaren iritzia irakurri zuten eta urrestildarren aurka auzia jarri behar zela esan. Horrez gain, urrestildarrak, euren eskritura eta agirietan, Urrestilla hirikoak zirela idazten hasi ziren, nahiz eta azpeitiarrak izan. Haiek jarraikitzea erabaki zuten, pribilegioaren aurka zeuden-eta.
1562-6-10. Eliza egiten hasteko itxurak ikusi zituzten. Juan Lizarazu maisuak aurkeztutako proiektua ontzat hartu zuten, baina obrak hasi aurretik Martin Perez Palaciorekin harremanetan jarri ziren.
1562-5-3. Iskanbilak sor zitezkeela pentsaturik, korrejidorearen tenienteak eta Apezpikutzako bisitariak dekretu bat sinatu zuten Juan Borja eta haren lagunentzat. Urrestillako biztanleei bakean uzteko agindu zuten dekretuan, zigor gogorra jaso nahi ez bazuten.
1562-4-13. Iruñeko apezpikutzako epailea eta korrejidorearen tenientea iritsi ziren Urrestillara, hirugarren eliza egiteko emandako baimena bete zedin.
1562-4-10. Elolako kaperauak egiten zituen hutsuneak zaindu eta hamabostean behin agintariei jakinarazteko, herriak Frantzisko Zarate izendatu zuen.
1562-4-10. Ikusirik Urrestillan eliza berria egitekoa zela -parrokiaren kalterakoa, dudarik gabe-, gaiari buruz probintziaz kanpoko abokatuen iritziak jasotzea eskatu zioten alkateari.
1562-3-30. Urrestillako biztanle batzuek, San Martin ermitan bilduta, Iruñeko apezpikuari eliza bat egiteko baimena eskatzea erabaki zuten.
1562-3-30. Urrestildarrek Urrestillan egiten ari ziren lehen elizarako aulkiak egokitzea erabaki zuten.
1562-3-17. Diego Alzega urrestilldarra hil zen, Kordobako (Espainia) apezpikua.
1562-3-10. Urrestillako elizari buruz abokatuek zuten iritzia jakitea erabaki zuten.
1561-12-30. Urrestillako parrokia egiteak sortuko zituen mesedeak jakinarazi zituzten lekukoek, adierazpen bidez.
1561-5-5. Elolako kaperauak hutsune asko egiten zituela esan zuten, eta kobratzean zin eginaraztea erabaki, hutsuneak ordaindu gabe utzirik.
1561-4-7. Urrestillako biztanle jabeek eskritura sinatu zuten Mendatasoro lursaila erosteko, bertan eliza altxatzeko asmoz.
1561-3-25. Zozketa baten bidez, Baltasar Garagarza aukeratu zuten Elolako kaperau.
1561-3-25. Santiago deunaren irudia parrokiko dorrearen gailurrean ipintzea enkantean jarri zuten enparantzan, eta lana Diego Aizpuruk bere gain hartu zuen. 28 dukat ordaindu zizkioten.
1561-3-10. Nikolas Saez Elolaren hezurrak haren kaperara eramatea eta haren aita Juanen hileta elizkizunak egitea erabaki zuten.
1561-3-6. Eskalak erabiliz etxeetan sartu eta lapurretan egin zuen Martin Arratia herriko kartzelan zeukan alkateak, galeratan denboraldi bat egiteko zigorturik. Gastu batzuk eginda ziren harekin eta, nola ez zuen inolako ondasunik, egokia zela iritzi zioten zigorra betearaztea. Herriak ordainketa eginda, Valladolideko (Espainia) kartzelara eramatea erabaki zuten.
1561-2-5. Herriak, ondasunik gabe eta galerara kondenaturik zen Martin Arratia bizkaitarra Valladolidera (Espainia) bidaltzea erabaki zuen.
1561-2-5. Parrokiko dorrearen gailurrean zegoen Santiago donearen irudia erortzeko zorian zegoela-eta konpontzeko agindu zuten.
1561-1-2. Herriaren lurraldeetan -10.000 gaztainondo ziren orduan-, Pedro Ugartek beste 6.000 landare sartzeko tratua egin zuen. Esaten zenez, ordea, haritzak falta ziren.
1560-12-29. Pago eta haritz asko ebakitzen zutela ikusirik, herriaren baimenik gabe moztea debekatzea erabaki zuten.
1560-11-9. Nikolas Saez Elolaren hezurrak hilobi berrira aldatzea erabaki zuten, ohore handiz, eta haren aita Joan Saez Elolaren hileta elizkizuna ospatzea ere bai.
1560-10-24. Felipe II.a erregeak Iruñeko apezpikuari erret zedula baten bidez adierazi zion Erret Kontseiluan eztabaidatu zela Urrestillako biztanleek eta Joan Borjak zeukaten auzia.
1560-9-9. Herriko enparantzan agintariak, erretoreak eta beste zenbait herritar ospetsu bilduta zirela-eta, Martin Larraondo agertu zen, Iruñeko eta bertako Ospitaleko prokuradorea, esanez berritu egin zela hura, eta Iruñeko apezpikuaren eta Gipuzkoako korrejidorearen baimenarekin laguntza eskatzera herriratu zela, hilaren lehendabiziko igandeetan emango zena. Nahi zenean utzitako haurrak ospitalean jasoko zirela gogorarazi zuen Larraondok berak.
1560-6-17. Elolako kaperauak bere testamenduan izendatutako kanonikoak behar bezalako mailakoak ez zirelako, herriak erabaki zuen gestioak egiteko ahalmenak ematea. Ahalmen horiek Martin Agirre alkateari eta Erroman zegoen Larranbide batxilerrak izango zituzten.
1560-6-16. Elolaren estudioa egiteko tokia erosi ondoren, almodenan jarri zen bera egiten.
1560-5-26. Pedro Ugarte maisuarekin eskritura sinatu zuten, Amuko zubia harrizkoa egiteko.
1560-4-22. Altxatu behar zen Amuko zubiari ibaiaren erdian pilare bat jartzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago