1859-12-25. Idazkariak Diputazioak hilaren 23an emandako gutuna irakurri zuen. Idatzian hilaren 27an, euskal Tertzioak osatzeko herriari tokatzen zitzaizkion 44 gizasemeek Tolosan izan beharko zutela gogoratzen zuen. Orduan Marokon zen gerrarako behar ziren. Hurrengo egunean bertan taldea, alkatea buru zela, Tolosara bidean jartzea erabaki zuten.
1859-11-21. Marokoko gerra zela-eta, Diputazioak neurriak hartzeko proposamenaren berri eman zuen. Herriak, egun batzuen barruan, gazte ezkongabe eta semerik gabeko alargunen zerrendak prest eduki behar zituela agintzen zen -20 urtetik 30 urte bitartekoak-, eta herriak 45 gizasemeko soldadu taldea osatu behar zuela ere bai, agindutako unean bidean jartzeko. Eskatutako zerrenda prestatzea erabaki zuten.
1859-11-21. Afrikako gerrak sor zitzakeen gastuei aurre egiteko, Diputazioak neurriak hartzeko izendaturik zeukan batzordeak bere proposamenaren berri eman zuen, zenbait pertsona berezirekin harremanetan jarri eta bilerak izan ondoren. Lehenik, herritarren artean 1.900.000 erreal biltzea proposatu zuen. Bigarrenik, merkatarien artean 300.000 erreal biltzea eta industriarien artean 100.000 erreal, eta horrela egitea Diputazioaren kontu uztea. Hirugarrenik, urtean 700.000 erreal bil zitezkeen zergak ezartzea. Era berean, herriak 1.900.000 erreal horietako 90.853 erreal eta sei marai ordaindu beharko zituela esan zuten, erdia ondasunak hartuko zuen eta beste erdia kontribuzio pertsonal bezala. Horrela egitea erabaki zuten.
1859-9-19. Alkateak jakinarazi zuen herriko errukietxeko juntak erabaki zuela Azkoititik Urretxura eta Zumarragara egin nahi zuten errepidearen proiektuan une hartan kaxan zituen hogei mila erreal aurreratzea. Udalak erabakia ontzat hartzea erabaki zuen.
1859-9-5. Alkateak jakinarazi zuen Juan Giberti erantzun ziotela nolako baldintzetan erosiko lukeen herriak Gibertek berak prestatutako suhiltzaileentzako bonba: sei mila errealetan, hain justu. Konforme zen Gibert, baldin eta herriak bere aldetik lokal bat ematen bazuen bonba egoki gorderik izateko. Gainera, inolako diru ordainketarik gabe emango lukeela ere esan zuen, bere mangera egoki edukitzeko nahiko koipe ematen bazitzaion eta beharrezko konponketa lanak herriaren aldetik ordaintzen baziren. Giberti urtean 120 erreal ematea erabaki zuten, uneoro bonba ongi prestaturik eduki zezan.
1859-8-8. Diputazioak Getarian egindako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen. Hain zuzen ere, Azkoititik Urretxu eta Zumarraga bitartean, Urola ibaiaren inguruan, errepidea egitea. Diputazioak errepidea egiteko prest zela ere adierazi zuen, herrien aldetik behar zen diru laguntza lortuz gero. Gai horri buruz Azkoitiko alkateak idatzitako gutuna ere irakurri zuten. Bertan, bailarako herriak Azpeitiko udaletxean hilaren 9an bilera egiteko prest zirela esaten zen. Alkatea aukeratu zuten bilera horretara joateko.
1859-5-23. Jabeturik parroki aurreko harrizko harresia egoera larrian eta itsusian zegoela, eta elizaren atariarekin inola ere bat egiten ez zuela, harresia bota eta sarrerako hiru arkupetan burdinsarea jartzeko asmoa agertu zuten. Joxe Mari Azpirozi planoak eta itxurak eskatzea erabaki zuten.
1859-3-21. Juan Amezua organo egileak Eguberrietara bitartean parrokiko organoan ziren akats guztiak zuzenduko zituela adierazi zuen, eta 20.000 erreal ordaintzea erabaki zuten.
1859-3-21. Iturritxiki iturrian ur zikina agertzen zela adierazi zuten, eta askotan usain txarra zuela. Zer gertatzen zen jakiteko ikustea erabaki zuten.
1859-3-4. Juan Amezua organu-egileak agertu zituen kexa eta diru beharrari erantzunez, 20.000 erreal aurreratzea erabaki zuten, baina Santesteban maisuak aurkitutako akatsak kentzeko eta eguberrietarako organoa bukatzeko eskatuz.
1859-2-28. Juan Amezua organuegileak aurkeztu zuen gutunaren aurrean, herriak Joxe Inazio Aldalur organujoleari bere iritzia eskatzea erabaki zuen.
1859-2-21. Auzoko biztanleen eskaerari erantzunez, Elosiagako eliza eta apaizaren etxean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1859-2-14. Juan Amezua organo egilearen idatzi baten berri eman zuten, eta Joxe Juan Santestebanek parrokiko organoaren azterketan aurkitutako akatsei buruz zenbait xehetasun ematen zituen. Herriak erabaki zuen, berak zioen bezala, hilabeteren barruan Santestebanek aurkitutako akatsak behar bezala konpondu beharko zirela eta, batez ere, teklatuaren gogortasuna.
1859-1-31. Parrokiko organo berria ikusi ondoren, Joxe Juan Santestebanek eginiko txostenaren kopia bat Juan Amezua organoaren egileari pasatzea erabaki zuten, aurkitutako akatsak ahalik eta azkarren konpon zitzan.
1859-1-24. Enparantza nagusitik parrokira bitarteko espaloia jende gehien ibili ohi zen tokietako bat zela jakinik -frontoiaren aurrean igarotzen baitzen-, egokitzea erabaki zuten.
1859-1-17. Juan Amezuak parrokirako eginiko organoa ikusteko, Juan Santesteban maisu donostiarra aukeratu zuen herriak.
1858-12-27. Errukietxea zabaltzeko obrak egitean sortutako batzordeak adierazi zuen lanak amaituta zeudela eta eginiko gastuen berri aurkeztuko zuela. Udalak onartu egin zituen.
1858-12-27. Juan Amezua organo-egileak gutun baten bidez adierazi zuen parrokiko organoa amaituta zuela eta prest zela herriaren eskuetan uzteko. Konforme zela esan zuen herriak izendatutako maisuarekin ikusteko. Aurrez izendatuta zituen herriak Joxe Inazio Aldalur eta Bixente Arregi apaizak, eta horien iritzia eskatzea erabaki zuten, ondoren organoa aztertuko zuen norbait izendatzeko asmoz.
1858-10-11. Irailaren 27an arratsaldez eta gauez herriak enperadoreari eta haren emazteari Loiolako santutegitik bueltatzean eginiko ongi etorria zela-eta Diputazioak idatzitako gutuna irakurri zuten. Eskerrak ematen zizkion herriari, eta Telesforo Monzon diputatu nagusiak sinatu zuen.
1858-10-11. Apezpikutzak idatzitako gutun baten berri eman zuten, eta herriaren eskaera ontzat harturik -beste iritzi batekoak baziren ere parrokiko apaizak-, parrokian ematen zuten jaiegunetako zortzietako meza San Agustin elizan ematea baimendu zuen. Han obra batzuk egitea erabaki zuten, Joxe Mari Azpirozen esanetara.
1858-9-27. Ilunabarrean Frantziako enperadoreak eta haren emazteak Loiolara bisita egin zuten.
1858-9-13. Parrokiko apaizen izenean, Joxe Manuel Abaliak adierazi zuen ezinezkoa zela eurentzat igande eta jaiegunetan zortzietako meza San Agustin elizan ematea -bikario nagusiak horretarako baimena eman bazuen ere-, apaiz gutxi zirelako. Udalak baimena eman zuenean, berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
1858-9-6. Diputazioak galdetu zuen ea noizko izango zen errukietxea egokituta, unean Donostian zeuden lurraldeko behartsu guztiak bertaratzeko. Erantzutea erabaki zuten eta, inolako atzerapenik gertatzen ez bazen behintzat, azaroaren amaierarako prest izango zela esan zuten.
1858-8-30. Apezpikutzako bikario nagusiak eman zuen dekretuaren berri adierazi zuten. Aurrez herriak San Agustin komentuko elizan goizeko zortzietan igande eta jaiegunetan meza izateko gogoa azaldu zuen, ordu berean parrokian izaten zena aldatuz. Bikario nagusiak baiezkoa eman zuen, parrokiko erretorearen aldetik eragozpenik ez bazen behintzat, eta azken horri dekretuaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
1858-8-30. Herriak ordaintzen zituen irakasleek nolako maila zuten jakiteko azterketa batzuk egitea erabaki zuten; irailaren 2an eta 3an egingo zituzten azterketak. Albistea irakasleei eta parrokiko erretoreari jakinarazi zieten, eta toki egokia aukeratu zuten gurasoak ere azterketako lekuko izan zitezen.
1858-8-9. Gipuzkoako Diputazioak herriko errukietxean -Donostiakoan- zeuden 28 behartsu jasoko al zituzten azkar erantzuteko eskatu zuten. Lanak amaitu gabe zirela eta une hartan bertan inor hartzea ezinezkoa zela esanez erantzutea erabaki zuten.
1858-6-21. Eskuztako iturrian egindako lanen berri adierazi zuten, ur nahikorik ez zelako iturria berriro martxan jartzeko; urak beste bide bat hartu zuelako, hain zuzen.
1858-6-7. Herritar behartsuentzat eta lurraldeko herrikoentzat Miserikordian obrak egitea erabaki zuten. Bertako kapera argi gutxirekin geldituko zela eta, gainera, nahiko txikia zelako, kapera berria egiteko proiektua onartu zuten. Horretarako apezpikuaren baimena lortzea erabaki zuten.
1858-6-7. Lorentzo Egigurenek eta beste hamabost familiak eskaria egin zuten Eskuzta zelaiko iturria berriro martxan jartzeko. Urik ez izateko zer gertatzen zen jakitea erabaki zuten.
1858-5-31. Iruñeko apezpikuari igande eta jaiegunetan San Agustingo elizan meza izatea eskatzeko prestatu zen txostenaren berri eman zuten, eta onartu egin zuten.
1858-4-26. San Agustin komentua baztertua zegoen eta, haren egoera ikusita, behar zen tokian gestioak egitea erabaki zuten, elizan gutxienez igandeetan eta jaiegunetan meza bat izateko.
1858-4-19. Herriak, otsailaren 22an eta martxoaren 13an Juan Amezuari idatzitako gutunei erantzunez, parrokiko organoa amaitzeko San Inazio eguna bitarteko luzapena ematea eskatu zuen, eta baiezkoa eman zioten, baina ez gogo handiz.
1858-3-22. Juan Amezua organo egileak Nafarroako Erratzu herritik idatzitako gutuna irakurri zuten, adieraziz agindutako egunerako ezin zuela parrokiko organoa amaitu, uste baino lan handiagoa zuelako. Barkamena eskatu zuen, eta diru laguntza erregutu. Herriak haserrea agertzea erabaki zuen, ez zuelako organoa bukatzeko egun berri bat izendatu.
1858-3-8. Auzo batzuetako baserritarrek aurreko urteetan egon zen debeku bat ezerezean uzteko eskaria egin zuten; hau da, herriko kaleetan igarotzean, gurdiak erabat isilean erabili beharko zirela, ardatzaren zaratarik gabe, eta ezinezkoa egiten zen une askotan hori lortzea. Gurdiak garoa, otea eta belar ondoarekin izatean bakarrik altxatzen zuten debekua, eta bazirudien gainontzeko zamak eramatean erraza zela gurdiak zaratarik gabe erabiltzea.
1858-3-5. Errukietxeko obren errematea hilaren 14an egitea erabaki zuten, goizeko elizkizunak bukatu ondoren.
1858-2-22. Juan Amezuak bere konpromiso handia agertu zuen parrokiko organoa amaitzeko, aurrez Erratzuko Udalarekin bertakoa egiteko eskritura sinatuta zuelako eta horretarako lau aste besterik ez zituela adieraziz. Herriak erabaki zuen Amezuari gogoraztea joan zen urteko Inazio donearen egunerako amaitzekotan sinaturik zuela eskritura Udalarekin, eta ondoren gabonetarako amaituko zuela agindu bazuen ere, oraindik ezinean zela. Ustekabe handi bat sortu zuela adieraztea erabaki zuen herriak, eta luzapen bezala urte horretako Gorputz eguna izendatu zitzaion.
1858-2-22. Errukietxeko juntak eta Udalaren batzordeak etxea handitzeko planoak, aurrekontuak eta baldintzak jakinarazi ondoren, guztia onartzea erabaki zuten.
1858-2-1. Udala eta errukietxeko juntak etxea zabaldu eta egokitzeko Elias Mendiolarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zuten.
1858-1-16. Probintzian barrena ibiliko zen trenaren bidea egiteko herriak 40.000 errealeko diru laguntza ematea erabaki zuten.
1858-1-8. Probintzian egin nahi zen trenbiderako zabaldurik zuten diru laguntza eskea nola zen Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten.
1857-11-30. Aurreko egunean Diputazioak bidalitako gutun baten berri eman zuten, erreginak haur bat izan zuela esanez. Udala poztu egin zen Asturiasko (Espainia) printzea jaiotzean, eta elizkizunak eta jaialdiak antolatzea erabaki zuen abenduaren 6an, aurrez parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
1857-11-30. Diputazioak herriko Miserikordian Laguntza Etxea sortzeko egindako proposamenaren berri eman zuten.
1857-11-22. Herriko miserikordiarekin bat eginik lurralde mailako Laguntza Etxea sortzeko proposamenaren berri jaso zuela adierazi zuen Diputazioak eta, ideia aurrera eramateko, herriak jarritako baldintzak onartu zituela zioen. Bestalde, jakinarazi zuen bertara joango ziren behartsu bakoitzeko Donostia eta Tolosako Benefizentzia juntei bezala ordainduko ziotela, Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabaki zuten eran, bai orduan eta bai gerora. Eta 50.000 errealen bigarren zatia hitzarmena sinatzean eta miserikordia zabaltzeko obrak amaitzean ordainduko zirela. Diputazioari herriak baldintza guztiak ontzat jo zituela esanez erantzutea erabaki zuten.
1857-11-22. Joxe Mari Balanzategi sendagileak -Gipuzkoako Getarian zegoen- idatzi batean zioen herrian zen zirujau postuan interesaturik zegoela. Inor ez zegoen postuan orduan. Udalak hari buruz informazioa jasotzea erabaki zuen, nolako ikasketak zituen, eta haren jatortasunari buruz ere jakin nahi zuen -Zumaiako eta Zarauzko alkateei galdetu zien horretaz-.
1857-11-14. Azkenaldian herriak izandako biztanlego gehitzeaz jabeturik eta hilerriak orduan zeukan lurraldea txiki egiten zela-eta bertarako bidea egokitu beharrean izanik, Udalari beste hilerri bat egokitzea iruditu zitzaion, baina aurrez gaiari buruz sendagileei iritziak eskatuz.
1857-11-9. Diputazioak egindako proposamenaren berri eman zuten: herriko errukietxean Laguntza etxea sortzea.
1857-10-5. Espainiako erregearen aurrean gestioak egitea erabaki zuten, herriaren eskuetara pasatu zuten Santo Domingo komentuak enparantza nagusi aldera zeukan aurreko aldea lurrera botatzeko.
1857-8-24. Polizia zaindari Ramon Adriank itxura hobea izan zezan, jantziak egitea erabaki zuten: lebita eta oihal galtzak, kapela berritua eta txapa.
1857-7-20. Bustinzuriko errebaleko biztanle batzuek kaletik kendutako harri zaharrekin Urola ibairako bidea egokitzea eskatu zuten. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
1857-4-6. Herriak Plaza Txikian zuen kartzelari buruz Fernando Etxeberria arkitektuak eginiko txostena ikusirik eta, berri bat egitea derrigorrezkoa zela jabetuz, Santo Domingo komentua izandakoa horretarako baliagarria izan zitekeen jakitea erabaki zuten.
1857-3-16. Txagurekoa deituriko orubean etxea eraikitzeko Joxe Alberdik aurkeztu zituen planoak onartu zituzten.
1857-2-24. Bustinzuri errebala harriztatzeko tratua egin zuten Pantaleon Elorzarekin.
1857-2-3. Errekarte baserrian Frantzisko Garate Aranguren jaio zen. Jesusen Lagundiko Anaia eta apaltasunaren ispilua izan zen, batez ere Deustuko Ikastetxe nagusian atezain bezala egin zituen urteetan. Aita santuak 1985eko urriaren 6an beatifikatu egin zuen.
1857-1-26. Aurreko urtean eta herrian bertan, 17.614 arroa pasatxo ardo ez ezik, 1.213 arroa pattar saldu zirela adierazi zuten. Inguruko herrietara, berriz, beste 617 arroatik gora saldu zituzten.
1857-1-5. Buztinzuri errebala harriztatzea enkantean jarri zuten.
1856-12-15. Hilaren 9ko aldizkari ofizial berezia irakurri zuten. Bertan, hilaren 3an emandako dekretu erreala jaso zuten, udal guztietan agintariak otsailaren 5ean aukeratu beharko zirela zioena. Alkatearekin batera, herritarren zerrenda prestatzeko bi zinegotzi eta gehien ordaintzen zuten bi herritarren aukeraketa egingo zuten.
1856-11-24. Aurreko egunean San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan uztean jasotako akta idaztea erabaki zuten akta liburuan.
1856-11-23. Prozesioan Loiolara joanez utzi zuten San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan, gorde zezaten.
1856-11-20. Felix Ortiz eta San Pelayo jaio zen herrian, Dionisio Ortiz Nafarroako Zuñigakoa eta Antonia San Pelayo Burgosko Orrantiakoaren semea.
1856-11-17. Erregearen Gobernuaren aginduz Loiolako Ikastetxean zeuden misiolari jesuitak. Herriak San Inazioren zilarrezko irudia Loiolara eraman ohi zuen antzeko kasuetan, bertako eliza nagusian jarririk zaindu zezaten eta, hori kontuan hartuta, horrela egitea erabaki zuten orduan ere, aurrez parrokiko apaizak gonbidatuz. Hilaren 23a, igandea, aukeratu zuten horretarako. Herriarena zen irudia prozesioan eraman zuten, Udala korporazioan zela, bertan gelditzeko jesuitak Loiolan ziren bitartean. Akta jaso zuten orduan. Oraindik ospe handiagoa eman nahirik, Diputazioari hogei bat mikeletek osatutako taldeak prozesioan parte har zezan eskatzea erabaki zuten, eta Loiolara iristean tiroak bota zitzan.
1856-9-22. Hilaren 14an sinatutako gobernadorearen gutuna jaso zuten. Zioen hilaren 12an Arabako gobernadoreak Ondare Nazionalak saltzeko zuzendari nagusiaren ofizioa bidali ziola, esanez Espainiako erreginari pasatu ziola herriak eginiko eskaria -Santo Domingo komentuaren aurreko aldea botatzeko eskatzen zuena, plaza handitu nahian-. 1851eko urtarrilaren 9an herriari eman zioten komentua, Guardia Zibilaren kuartela bertan jartzeko, baina maisuen iritziak jaso ondoren baimena ukatu zuten. Herriak erabaki zuen agiria gordetzea, baina gestioak egiten jarraitzea bere nahia lortzeko.
1856-7-28. Urtearen bigarren hiruhilekoan alondegian pisatutako ardoaren berri eman zuten: 4.118 arroa eta 22 libra. Pattarra , berriz, 271 arroa eta hamabi libra eta erdi.
1856-7-21. Gobernadoreak gutun baten bidez adierazi zuen denbora galdu gabe egin behar zirela herriko sendagileak eskatutako obrak, herriko hilerriko kaperan ez ezik, baita Urrestillakoan ere, eta horrela egitea erabaki zuten.
1856-7-14. Joxe Mari Azpirozek prestatutako baldintzetan eta aurrez deialdia zabalduta, enkantean jartzea erabaki zuten parrokiko hilerria zabaltzeko obrak.
1856-3-26. Parrokiko elizaren teilatuan konponketak egitea eta Aratz-Erreka eta Oñazko elizetako hilerrietan ere egokitze lan batzuk egitea erabaki zuten.
1856-3-17. Probintziako Monumentu Artistikoen Batzordeak, herriak enparantza zabaltzeko lurreratu nahi zuen San Domingo komentuko aurreko horma botatzeko baimena eman aurrez, galdera batzuk egiten zituen eta erantzutea erabaki zuten.
1856-2-22. Juan Amezua organo egileari lanean hastean 1.000 erreal ematea erabaki zuten eta hiru hilabetetik behin kopuru bera ematea.
1856-2-4. Urrestillako mutikoen maisuari kontuak hartzea erabaki zuten, maisua lau edo bost ikaslerekin bakarrik gelditu baitzen bere utzikeriagatik, eta gainontzeko mutikoak nesken eskolara joan ziren.
1856-1-28. Juan Zudupek Harzubian zuen errementari inguruan, Miguel Tabernak eskatutako idiak perratzeko tramankulu bat egokitu zuten, herriak horretarako tokia emanez eta urtean lau erreal ordainduz.
1855-11-19. Alkateak, Bernardo Iturriaga Azpeitiko kuartelean zen brigadier herritarrak eginiko eskaintza bereziaren berri eman zuen: herriko diruzainaren eskuetan jarri zituela sei mila erreal, inolako interesik eskatu gabe, herriak bere aldetik itzultzekotan -horretarako erosotasuna aurkitzen zuenean-. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
1855-11-19. Herriak behar guztiei erantzuteko zituen oztopoak ikusirik, Rodilek herriari ezarritako isunaren zatiaren ordainketa atzeratzea erabaki zuten. Orduko azken seihilabetekoa hurrengo urtean ordaintzea erabaki zuten eta horrela egiten jarraitzea guztia ordaindu bitartean 1859ra arte.
1855-11-19. Joan Amezuak parrokiko organoa konpondu eta egokitze lanak egitea proposatu zuen, eta Udalak baimena eman zion Inazio Muguruzari harekin harremanetan jartzeko eta behar ziren tratuak egiteko.
1855-11-19. Herritar bereziekin eginiko bileran, herriak ezarritako zergak kobratzeko neurriak hartu zituzten. Alde batetik, alondegian jarriko zuten administrazioa, sartu eta irteten zuten generoen berri egoki emateko. Harategia ere herriaren eskuetan izango zen. Beste harategi bat zabaldu nahi zuenak herriaren baimena beharko zuen, eta berak zainduko zuen nolako haragia saldu. Ganaduen hiltegira eraman beharko zituen ganaduak, bi erreal ordainduz hogei erraldera bitarteko ganadu bakoitzeko eta sei erreal hogei errealdetik 30era bitarteko bakoitzeko; zortzi erreal hortik gorako ganadu bakoitzeko. Haragia bere kontura saldu nahi zuenak, bere harategiko ate bakarreko bi giltza eduki beharko zituen; bat beretzat eta bestea herriko administrariarentzat.
1855-11-1. Aszensio Inazio Altuna alkateak gobernadoreari esan zion azken izurriteak nolako kalteak egin zituen herriko biztanleen artean: abuztuaren 3tik urriaren 28ra 272 herritar hil zirela kolerak jota. Izan ziren egunak hamasei hildako ezagututakoak herrian: irailaren 16a eta 19a. Irailaren 28an 11 lagun zendu ziren.
1855-10-29. Kolera morboak sortutako gastu handien eta herriko zirujauei eginiko aparteko ordainketen berri eman zuten. Azken horiek lan handia izan zuten gaixotasunak menperatutakoei laguntzen; zirujau guztiak beharrezkoak izan ziren herritarrek bizi izan zuten egoera larrian. Nahiz eta herriak unean ez izan eskertzeko behar bezainbeste diru, herriko zirujau bakoitzari ehun dukat ematea erabaki zuten. Erzilla udaltzainari 400 erreal, Artiz idazkariari 200 erreal, Adrian udaltzain zaindariari 320, garbitzaileari 160, sakristauari 200, Urrestillako udaltzainari 160 eta barberuari 40. Alkateari eskatu zioten gastu guztien zerrenda osatzeko eta Diputazioari baimena eskatzeko hogei mila erreal maileguan hartzeko.
1855-10-22. Herriko sendagileei eta Osasun Juntari entzun ondoren, azken hiru hilabetean pairatutako izurritea menperaturik zela jakin zuten agintariek, eta hilaren 28an meza nagusiaren ondoren 'Te Deum' abestea erabaki zuten, Jainkoari eskerrak emateko.
1855-10-22. Diputazioak eginiko galderari erantzunez, herriak erantzun zuen urte hartan laurehun anega gari jasoko zituztela, eta oso gutxi zela hori herriaren behar guztiei erantzuteko.
1855-9-24. Herriko enparantza zabaldu nahi zuten -batez ere, azokak egiteko-, Santo Domingo komentuko eraikinaren aurreko aldea atzeratuz horretarako. Hala, Altuna alkateari ahalmen osoa ematea erabaki zuten, herriaren izenean gobernuaren aurrean behar ziren gestioak egiteko.
1855-9-18. Probintziako gobernadore Eustakio Amilibiak zuzendutako batzarra egin zuten agintariekin, Osasun Juntarekin eta sendagileekin. Izurriteak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea gogoratu ondoren, Udala osatzeko batzordea izendatu zuten, eta Aszensio Inazio Altuna alkate.
1855-9-16. Garai hartan herrian zen gaixotasunak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea.
1855-8-27. Kolera gaixotasunari aurre egin ahal izateko prestatu nahi izan zen ospitaleaz hitz egin zuten, eta herriari hura egokitzea ezinezkoa zitzaiola adierazi. Baina koleraz kutsatuei euren etxeetan laguntza ematea derrigorrezkoa zela-eta, egindako gastuak herriko diruarekin ordaintzea erabaki zuten. Hala ere, herriko dirua agortzeko arriskua ikusita, herritarren artean diru bilketa egitea onartu zuten. Agintariek egin zituzten lehendabiziko eskaintzak: alkateak berrehun erreal eman zituen; Landa, Artetxe eta Besga erregidoreek 40 erreal bakoitzak; Azpiroz erregidoreak 50 erreal; eta Goenaga erregidoreak beste 60. Diru bilketarako herriko kaleak banatu zituzten.
1855-8-20. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udalari esan zion agintariek berak pulpitutik esandako hitzak gaizki ulertu zituztela. Ez zen bere gogoa izan herriko agintariez ezer gaizki esatea eta bere eliztarren artean eztabaida sortzea.
1855-8-20. Gobernadoreak herriari bertako sendagileetariko bat Debara bidaltzeko eskatu zion, izurrite gogorra baitzuten han eta behar handian baitziren. Herriak bertan ere behar handia zela eta agindua betetzea ezinezkoa zela esanez erantzun zuen.
1855-8-20. Domingo Barrena Urrestillako erregidoreak adierazi zuen Maria Rita Izagirre eta Ana Mari Etxeberria erizain lanean aritzeko konforme azaldu zirela. Bakoitzari gaixorik gabeko egunetan bi erreal ordaintzea eta lana egin beharreko egunetan, berriz, zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten.
1855-8-15. Meza nagusian erretoreak San Rokeren omenezko prozesiorako eliztarrak suspertzeko esandakoa kontuan hartzea erabaki zuten, elizan gauza berriak sartu behar zirela adierazi baitzuen. Udalak erretoreari xehetasunak agertzeko eskatuz idaztea erabaki zuen, moda berri horiek nolakoak ziren jakin nahi baitzuten.
1855-8-13. Koleraren menpean ziren herritarrei laguntza emateko herrian hiru emakume erizain zirela adierazi zuten. Lanean ari ez ziren bitartean bakoitzari bi erreal ematea erabaki zuten eta lanean ari zirenean sei erreal.
1855-8-6. Aurreko egunean herriko Osasun Juntak hartutako neurrien berri eman zuten, erikor kolera bi kasu agertu baitziren herrian: lehenena hilaren 3an eta bigarrena hilaren 4an -Faustino Zuduperen kasua, hain zuzen ere; ordu gutxira hil zen-. Ontzat jo zituzten juntak hartutako erabakiak.
1855-8-6. Alkateak, izurriteak jarraituko balu ere, gastu handiak sor zitekeela ikusita, Rodilek ezarritako isunaren lehen seihileko isuna ez ordaintzea erabaki zuela adierazi zuen, eta erabakia ontzat hartu zuten.
1855-7-23. Elgoibarko herrian kolera zela-eta, derrigorrezkoa ikusi zuten ospitale bat eratzea. Eztabaidaren ondoren, Ramon Beristainen Gurutzea etxea egokitzea erabaki zuten, herritik urruti baitzen. Jabearekin harremanetan jarri ziren horretarako.
1855-7-20. Joxe Inazio Aldalur azkoitiarra izendatu zuten parrokiko organo-jole posturako.
1855-6-4. Roke Artetxek honako hau salatu zuen: Norte de España dilijentziako administrari bezala plaza Txikian zegoen pasabide estu eta altuera gutxikoak sortzen zuen arriskua. Diputazioari eginiko salaketa zen baina berak herrira bidali zuena. Neurriak hartu nahi baziren ere, arkuaren gainean zegoen dorreari buruz ere neurriak hartu nahi zituzten. Momentu hartan Udalak ez zuen erabakirik hartu.
1855-3-26. Sortzez Garbiaren dogma ospatzea erabaki zuten, meza nagusia sermoiarekin, 'Te Deum', 'Bezperak' eta 'Konpletak' abestuz, prozesioa eta gainontzeko elizkizunak antolatuz elizgizonekin harremanetan jarrita.
1855-3-5. Belaustegi etxetik parrokiaren Garai-Etxea bitarteko pasabidea harriztatzea erabaki zuten. Zumaiako harrobian aukeratu zituzten harririk egokienak.
1855-2-19. Eliz kaleko 3. eta 7. zenbakia zuten etxeetan tabernak zabaltzeko baimena eman zieten Joxe Mari Arregi eta Tomasa Goenagari.
1855-1-14. Ohiko jaialdiak enparantzan egiteko -karnabaletan, zezenketak eta abar-, batzorde bat izendatu zuten.
1854-12-4. Gobernadoreak Pablo Martinezi Erdi kalean inprimategia zabaltzeko baimena eman zion.
1854-11-22. Herritarren artean sortutako kezka eta haserreari buruz hitz egin zuten, Espainiako Gobernuak Loiolan ziren jesuitak bertatik kanporatzea agindu zuelako. Herriaren aldetik gobernuari txostena zuzentzea erabaki zuten, jesuitak berriro Loiolara itzultzeko eskatuz, aurrez egiten ari ziren lan bera egiten jarrai zezaten; hau da, misiolarien prestaketa.
1854-6-12. Bergaratik Donostiarako posta zerbitzua zaldiz egiten hastean, Juan Iturriagak langabezian gelditu zela esan zuen, berak ibilbide hori oinez egiten zuelako. Lanpostu hori bere sendiaren esku egon zen 80 urtez. Erabakia beste baterako utzi zuten.
1854-5-8. Joxe Mari Sugastirekin herriarentzat ordulari bat egiteko erabakia hartu zuten.
1854-5-1. Rodil jeneralak 1834ko irailaren 10ean herriari ezarritako isunari buruz Ramon Iberok aurkeztutako txostenaren berri eman zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago