Eguna: 7-21

  • 2018-7-21. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Xabier Euzkitze.
  • 2017-7-21. Azpeitiak hirugarren aldiz irabazi zuen Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketa, Usansolo 3 eta 0 gaindituta, Larrabetzun (Bizkaia).
  • 2016-7-21. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Azpeitiko Sorkuntza Bekaren kontra helegitea jarri zuela jakinarazi zuten bekaren sustatzaileek, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak.
  • 2015-7-21. Imanol Eliasen familiak Udalaren esku utzi zituen hark idatzitako liburuak-eta.
  • 2011-7-21. 'sanagustinkulturgunea.net', Sanagustin kulturgunearen webgunea, martxan jarri zuten.
  • 1997-7-21. Damaso Azkue poligonoan babes ofizialeko hamasei etxebizitza banatu zituzten.
  • 1941-7-21. Uztailaren 31n, San Inazio egunean, Espainiako Gerran hildako erreketeen monumentua inauguratzea onartu zuten. Parrokian ospatutako meza nagusiaren ondoren inauguratuko zuten monumentua, eta gonbiteak bidaltzea erabaki zen probintziko agintari eta Tertzioko buru eta ofizialei.
  • 1936-7-21. Ziriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Mari Aramendi, Joxe Manuel Agirre, Joxe Mari Sorazabal, Joxe Antonio Arruti, Joxe Mari Altuna, Manuel Olazabal eta Demetrio Alberdi bildu ziren. Ziriako Agirre alkateordea zen, eta batzarrean Joxe Antonio Oiarzabal alkateak dimisioa eskatuz egindako idatzia irakurri zuten. Idatzian gaixo zela zioen, eta aho batez dimisioa ontzat hartu zuten. Ziriako Agirre alkateordeak beste idatzi bat ere aurkeztu zuen, berehala alkatetza hartzea ezinezkoa zitzaiola esateko, sendian sortutako beharrei erantzun beharrean baitzen. Bigarren teniente bezala Antonino Olaizola izendatu zuten, bitartean.
  • 1874-7-21. Azpeitiko gauzainen arautegia onartu zuten.
  • 1874-7-21. Loiola auzoko biztanle batzuek Udalari gogorarazi zioten bertakoek bakarrik zutela San Inazioren irudia prozesioetan eramateko ohitura. Agintariek hori horrela Loiolara egiten ziren prozesioetan bakarrik zela erantzutea erabaki zuten. Baina horrek inolako loturarik ez zuela eta beste edozein auzoetako biztanleek baino eskubide gehiago ez zituztela esan zieten.
  • 1862-7-21. Gipuzkoako azken Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren berri emanez idatzi zuen Diputazioak. Herriak egindako eskaerari erantzunez, Loiolako zubia zabaltzea ontzat hartu zuten. Lanak Mariano Joxe Laskurain arkitektuaren zuzendaritzapean egingo zituzten.
  • 1856-7-21. Gobernadoreak gutun baten bidez adierazi zuen denbora galdu gabe egin behar zirela herriko sendagileak eskatutako obrak, herriko hilerriko kaperan ez ezik, baita Urrestillakoan ere, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1793-7-21. Herriak, Azkoitiarekin batera, mugara ahalik eta azkarren 29 boluntario bidaltzeko gestioak egiten jarraitzea erabaki zuten.
  • 1789-7-21. Eskribauak adierazi zuen Juan Bautista Alzagaren eskutik Carlos IV.a erregearen erretratua jaso zuela udaletxeko areto nagusian zintzilikatzeko, aurrez Felipe V.arena egon zen tokian.
  • 1789-7-21. Iruñeko apezpikuari hondamenean ziren ermitak profanatzeko eskaera egin zioten, eta ondoren gestioak egiteko Alzaga eta Altube izendatu zituzten, baina ez zen inolako ondoriorik jaso. Eta, beraz, aipaturikoei berriro gestioak egiteko gogoraztea erabaki zuten.
  • 1771-7-21. Mexikon bizi zen herritar Joxe Etxeberriari idaztea erabaki zuten, eskerrak emateko. Izan ere, 1770eko abenduaren 21ean Agustin eta Frantzisko Urrutia eta Antonio Orbegozok parrokiko atariko obrak egiteko emandako 3.389 erreal bidali zituen.
  • 1739-7-21. Errogatibak egitea erabaki zuten, denboraldi luzea igaro zelako euririk egin gabe, eta horrek nekazariei kalteak sortu baitzizkien. Bi egunetan Sokorruko Andre Maria erabiliz prozesioak egin zituzten kalean, eta hirugarren egunean Olazko ermitara joan ziren.
  • 1732-7-21. Aurreko egunez erabakitako zezenketa ospatzeko, San Agustin komentuko prioreari enparantza aldera zituen leihoak eskatzea erabaki zuten. Antzinatik egiten zen bezala, Gaztelako edo Nafarroako zezenak jolastuko ziren. Komentu azpiko arkuak ere erregidore eta herritar berezien artean banatu zituzten.
  • 1573-7-21. Frantziskanen monastegian egindako lanak 1.230 dukatetan tasatu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan