2020-11-11. Elmubas enpresak 145 lanpostu sortzea aurreikusten zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Azpeitiko lantegira bisita egin zuen egunean.
1959-11-11. Sebastian Errasti 'Xaxurre' musikaria hil zen.
1952-11-11. Pedro Iriondo eta Joan Etxeberria zezen-plazan 8.000 metrotan neurtu ziren. Lehenenak lana 30.04.2/5ean egin zuen, bigarrenak 32.10.1/5ean.
1926-11-11. Enkantearen baldintzak eta aurrekontua onartu zituzten, garbitoki bat Nuarbe auzoan egiteko.
1912-11-11. Esteban Elzaurdik adierazi zuen Anaia Maristen Ikastetxean ez zutela behar bezala erakusten eta, gainera, gogor zigortzen zituztela ikasleek. Horren berri jakitea erabaki zuen Udalak.
1896-11-11. Lurraldeko diputatuak bidalitako telegramaren berri eman zuten, esanez lehen instantziako Epaitegia berriro martxan jartzeko dekretu erreala sinaturik zela. Udalak erabaki zuen berri ona ospatzea; suziriak bota zituzten, eta Musika Banda eta sokamuturra kaleratu.
1896-11-11. Herritar batzuek Diputazioari egindako eskaera irakurri zuten. Idi demari buruz emandako debekua altxatzeko erregutu zuten, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren aldeko idatzi batekin Diputaziora pasatzea.
1846-11-11. Espainiako Ondasun Nazionalen Administrazioak herriari erantzun zion, esanez San Agustin komentuaren jabetza herriari eman ziotela, berak zituen eskubideak kontuan izanik, bereak zirelako komentua eginiko lurraldea eta inguruko orubeak.
1742-11-11. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzean sortutako auziaren berri eman zuten.
1729-11-11. Antonio Odriari egurra ebakitzeko baimena eman zioten, Arizpe bere etxea egokitzeko, hondamenean zelako.
1700-11-11. Probintziak gortean zuen Tomas Ibarguren ordezkariak hilaren 2an eta 3an idatzitako gutunen berri emanez idatzi zuen Diputazioak, hilaren lehen egunez erregea hil eta haren ordezko bezala Anjongo Dukea izendatu ondoren. Bide batez, eskatu zuen lau egunen barruan herrian osatu zen soldadu taldearen zerrendaren berri emateko, zenbat munizio zuen herriak eta abar. Herriak erabaki zuen hirurehun laguneko taldea osatzea, egunean zilarrezko bi errealeko soldata izendatuz bakoitzarentzat. Kapitainak zilarrezko ezkutua jasoko zuen, alferizak zilarrezko sei erreal, sarjentuak hiru zilarrezko erreal eta kaboak zilarrezko ezkutu laurden bat.
1696-11-11. Herri Batzar nagusian erabaki zuten ahalmena ematea fidelari, lantzen ez ziren herriaren lurraldeak saltzeko baimena eskura zezan zorrak ordaintzeko hainbat diru lortu bitartean.
1689-11-11. Kontuan izanik herriko dendariek eta beste zenbait herritarrek janariak eta edariak erosten zituztela partikularki, ondoren salgai jartzeko inolako preziorik eman gabe herriak -berak zituen ordenantza eta erregeak emandako pribilegioak alde batera utzirik; horietan agintzen zenez, azokan salgai jarri behar ziren, herritar guztiek erosotasuna izan zezaten erosketak egiteko, eta horrela ez bazen egiten denentzat kalteak sortzen ziren-, neurriak hartu nahirik abokatu batekin harremanetan jartzea erabaki zuten, gaiari buruz bere iritzia jakiteko. Bitartean, eta pregonariaren bitartez, adierazi zuten herriko kaleetan eta enparantzan janariak eta edariak saltzeko asmoan herriratzen ziren guztiek inolako salketarik egin gabe generoak aurrez herriko alondegiko plazara eraman beharko zituztela, eta bertan eduki, gainera, gutxienez ordubete batean, edonork izan zezan erosteko aukera.
1531-11-11. Joan Alzaga hil zen. Parrokiko kaperaren sortzailea izan zen eta bere abizena du kaperak.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago