Eguna: 2-7

  • 2020-2-7. Landaola saria jaso zuen Azpeitiko Udalaren Aratzerrekako ura garbitzeko sistema naturalaren proiektuak.
  • 2020-2-7. Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzale Batzordearen presidenteak "toreatzaile baten ibilbidean eragin handiena izan duen pertsonari" eskainitako saria jaso zuen Santanderren (Kantabria, Espainia).
  • 2003-2-7. Baite Euskara Elkarteak Enrike Zurutuza albaitaria eta idazlea eta Pilar Aizpitarte aktorea elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu zituen ekitaldi batean, biek ere euskararen alde egindako lanagatik eta azaldutako konpromisoagatik. Baiteren oroigarria jaso zuten.
  • 1992-2-7. Ibaieder urtegitik egindako ur hornikuntza sistema inauguratu zuten.
  • 1986-2-7. Lagun Onak Txirrindulari Elkartea sortu zuten.
  • 1986-2-7. Lehen aldiz, karnabal inguruan, kaldereroen konpartsa kaleratu zuten herrian.
  • 1951-2-7. Abitain iturburua zen lurraldea erostea erabaki zuen herriak.
  • 1935-2-7. Luminor zinema aretoko zuzendari Ziriako Eliasi urtean 450 pezetako zerga ezarri zioten.
  • 1929-2-7. Bezperan Maria Cristina Espainiako erregina hil zela-eta, Azpeitiko Udalak erregeari telegrama bat bidaltzea erabaki zuen. Besterik gabe amaitu zen batzarra.
  • 1906-2-7. Erretoreak eta apaizak parrokiaren inguruan ganaduen hiltegirik ez egiteko egindako eskaera erantzunda gelditu zen.
  • 1906-2-7. Otsailaren 26ko Nekazari Lehiaketaren egitaraua onartu zuten.
  • 1898-2-7. Frontoi berri bat egiteko eskaria egin zuten herritar batzuek. Udalak erantzuna ematea erabaki zuen.
  • 1881-2-7. Harzubitik Enparan etxera bitarteko bidean karaitza bota eta konpontzea erabaki zuten.
  • 1853-2-7. Elizgizonek Sebastian donearen enparantzatxoan zuten Txarratalgoa izeneko etxea botatzeko asmoa adierazi zuten.
  • 1850-2-7. Karnabal iganderako, astelehenerako eta astearterako, Enparantza Nagusian, tabernariei laguntza eskatuz, hesiak jartzea erabaki zuten. Igandean eta asteartean pare bat zezenko ibiliko ziren eta astelehenean, berriz, bat edo bi bigantxa.
  • 1700-2-7. Lazaro Lainzerak egin zuen parrokiko eskailera ikusteko, Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1673-2-7. Simon Astuinek lau urterako eta orduantxe hasita postari lana egiteko proposamena egin zuen. Gasteiztik herritarrentzako ziren karta guztiak ekarriko zituen larunbatean eta Gasteizera eramango zituen herritarrek idazten zituztenak. Herriak urtean 450 erreal ordainduko zizkion, 300 erreal aurreratuz lanean hasten zen unean. Proposamena onartu eta harekin eskritura egitea erabaki zuten.
  • 1576-2-7. Antzi baserrira bizitzera aldatu eta Juan Martinez Zandategik erregidore kargua utzi zuen herriko udaletxean.
  • 1576-2-7. Herrian bizi ziren kanpoko emakumeen berri eman zuten, eta haiei buruz neurri batzuk hartu zituzten ondoren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan