2021-5-28. Jakin fundazioak eta Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak antolatuta, 'Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola' nazio jardunaldia egin zuten Sanagustin kulturgunean.
2013-5-28. Udalak Mahai Soziala eratu zuen, gizarte beharren inguruan lanean dabiltzan taldeekin eta eragileekin batera.
1976-5-28. Udalak ezerezean utzi zuen Basazabal etxeari buruz aurrez hartutako erabakia. Aurrez, etxea botatzeko agindua eman zioten jabeari.
1972-5-28. Hamar arroako zilindro berriarekin neurtu ziren Mendizabal I.a eta Usategieta I.a, hamar minutuko hiru ekitalditan. Lehenenak 182 jasoaldi egin zituen eta bigarrenak 168.
1912-5-28. Joxe Gurrutxaga 'Txokolo' jaio zen, danborraria.
1906-5-28. San Millango markesari parrokiko sakristia eta Santa Ana enparantzatxoko 2. zenbakia zuen etxearen arteko lurraldea erostea erabaki zuten, ganadu hiltegia egiteko. Etxabe arkitektuari planoak eta aurrekontuak egiteko eskatzea onartu zuten.
1894-5-28. Herritik trena ahalik eta azkarren pasa zedin, gestioak egiteko batzordea izendatu zuten. Alkateak, Juan Klemente, Juan Joxe Elorza eta Joxe Mari Muguzuzak osatu zuten batzordea.
1891-5-28. Krixpin Beobide frantziskotar fraidea eta euskal idazlea hil zen, Tolosan.
1866-5-28. San Miguel baserriko maizterrarekin hitz egin zutela adierazi zuten horretarako izendatuek. Aurreko urtean bezala, urte hartan ere etxearen zati bat gaixo bidaiariak jasotzeko utz zezan edo bakardadean egon beharreko gaixoak egon zitezen eskatu zioten. Herriak bere aldetik egokitze lanak egin zituen, eta herriaren aldetik 640 erreal ordaindu zizkioten.
1835-5-28. Zabala Antxieta, Zabala Elizalde, Agirrezabalaga, Arrieta eta Lapeira atxilotu zituen Fernan komandanteak, berak eskatutakoa nahiko atzerapenez eman ziotelako.
1798-5-28. Oilolarreko bidearen konponketa auzolanean egiteko, arduradun bat izendatu zuen Udalak. Soldata ordainduko zioten ofizial batek eta egunean laurden bat eta libra bat ogia agindu zieten harginek osatuko zuten taldea.
1771-5-28. Kantauri Erregimendura eta erregearen zerbitzura joango ziren soldadu herritarren zerrenda egin zuten, 11 lagunez osatua.
1760-5-28. Martin Arzadun eta Domingo Bergaretxe zurginekin eta Juan Balzategi eta Mateo Zinkunegi mihiztatzaileekin eskritura sinatu zuten, Inazio Iberok eginiko itxuran San Miguel eta San Rafael irudiak parrokian jartzeko apalak egiteko.
1713-5-28. San Agustin komentuan lanean ziren Gregorio Aranburu eta Aszensio Larraar maisuei urtean 25 dobloi ordaintzeko akordioa sinatu zuten.
1666-5-28. Beduara joaten ziren mandazainei Zestoan pasatzean inolako oinarririk gabe ordainketa batzuk egitea eskatzen zietela jakitean, herriko erregidore bat bertaratzea erabaki zuten, gertatzen zenaren berri jakiteko.
1593-5-28. Biztanle guztiei San Juan egunean beraien alkabuzekin agertzeko deialdia egitea erabaki zuten, tiro lehiaketa batean parte hartzeko. Onenarentzat saria jarri zuten.
1578-5-28. Pedro Oiarzabal ezkondu zen eta zituen ondasunen artean bi esklabu agertu ziren. Haietako bat 'Isabel' deituriko neskatxa zen, eta haren balioa ehun dukatik gorakoa zela adierazi zuten. Baliteke Oiarzabalek bi esklabu horiek Sevillatik (Espainia) herriratzea, garaian merkataritza hiria baitzen dudarik gabe, eta azpeitiar asko hurbiltzen zen tokia.
1558-5-28. Kontribuziorik ordaintzen ez zuenari herriko baratzarik ez ematea erabaki zuten, eta hogei egunen barruan baratzak zituzten guztiek Udalari jakinarazi beharko ziotela aginduz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago