2021-1-5. COVID-19aren izurritea tarteko, Errege Magoen ohiko kabalkadarik ez zen izan.
2020-1-5. Lagun Onak futbol klubak 'Izen eta izan' ipuina aurkeztu zuen, Garmendipen.
2016-1-5. Laxaro Azkunek idatzi du eta Azpeitiko Udalak argitaratutako 'Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean' liburua aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean.
1998-1-5. Laguntza akordioa sinatu zuten Udalaren eta Cidemco enpresaren artean.
1936-1-5. Joxe Aranburu 'Keixeta' aizkolari urrestildarrari omenaldia eskaini zioten Azpeitian.
1914-1-5. Margarita Urrestillak utzi egin zuen Olazko eskolako maisutza, eta haren ordezko Alberta Alberdi izendatu zuten.
1903-1-5. Azoka plaza iparraldetik ixten ari zen Joxe Antonio Juaristi, eta hari agintariek bermea erabat osatzea ezinbestekoa zela gogoraraztea erabaki zuten.
1857-1-5. Buztinzuri errebala harriztatzea enkantean jarri zuten.
1801-1-5. Herrian ziren bi udaltzainek herriko etxean bizitzea erabaki zuten, batez ere bertako kartzelan ziren presoak hobeto zaindu zitzaten.
1774-1-5. Urte osoan zehar Urrestillan behar zen erretzeko koipearen hornikuntza egiteko, eskritura sinatu zuen Azpeitiko Udalak Juan Basilio Bauchonekin.
1747-1-5. Parrokian bataiatu zuten Bizente Enparan, Joseph Joakin Enparan eta Mariana Xabiera Orberen semea. Hamazazpi urte zituela sartu zen flotan, eta 1792an Panamara iritsi ondoren, bertako gobernadore izan zen. Geroago, berriz, Venezuelan Nueva Andaluciako gobernadore. Venezuelako Kapitain Jeneral izendatu zuten 1809an, eta Simon Bolivar jaunaren lagun benetakoa izatera iritsi zen, hango independentziaren borrokan izugarrizko protagonista izanik. 1810. urteko apirilaren 19an azpeitiarrak eta bertako gobernuak izan zuten jokaera gogoratuz, 1960an posta zigilu batzuk atera zituen, Juan Lovera margolariak eginiko lan bat jasorik.
1730-1-5. Behartsu hil zen Lukas Arsuaga udaltzainaren elizkizunak ordaintzeko, 120 erreal ematea erabaki zuen herriak.
1730-1-5. Bernardo Eizagirre pregonariari eginiko janzkia ordaintzeko, 272 erreal eman zituen herriak.
1689-1-5. Inazio Basazabal eta Zurbanorekin konponketa egin zuen Udalak, torila edo zezentokia egin zezaten.
1689-1-5. Amue eta Soreasuko presatan ibaiko hondarra ateratzeko baimena eman zioten Loiolako erretore Frantzisko Aleson aitari, ikastetxeko eta elizako obrak egiteko.
1674-1-5. Parrokiko Roke donearen aldarean behar zen Aingeru Goardakoaren irudia egiteko, Inazio Beltran Oiarzabali limosna bilketa egitea agindu zioten.
1652-1-5. Sebastian Lete udaltzainak, herriko dorrean bizi zenez, herriko ordularia zaintzen bera ardura zitekeela-eta eskaera egin zuen. Agintariek baiezkoa eman zioten, egun horretatik hasiz, aurrez Martin Concejok jasotzen zuen soldata berarekin.
1652-1-5. Parrokiko elizarako aulkiak eginak zituen Juan Apaeztegi maisuak, eta elizari haiek ordaintzeko eskatzea erabaki zuten.
1652-1-5. Alkateak jakinarazi zuen -aurrez herriak erabakita bezala eta erregeak probintziari eginiko eskariari erantzunez- Bartzelonarako lau soldadu bidali zituela, 50 dukat ordaindu ondoren.
1568-1-5. Ikusirik nahiko modu egokian iristen zela garia herrira, ogiaren prezioa jaistea erabaki zuten agintariek.
1558-1-5. Herriak Tomas Zandategi izendatu zuen maisutzarako.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago