Eguna: 7-8

  • 2012-7-8. Jose Mari Orbegozo dantzaria omendu zuten Azpeitia Dantzan ekimenaren baitan.
  • 2008-7-8. Ekaingo kobazuloa Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok.
  • 1923-7-8. Union Azpeitiana taldeak Aranako futbol zelaia inauguratu zuen.
  • 1912-7-8. Diputazioak Gasteizko apezpikuaren idatzi bat bidali zuen, aita santu Pio X.ak San Inazio eguna, uztailaren 31, probintzian jaitzat izendatzeko eginiko eskaera onartu zuela adierazteko. Udalak erabaki zuen aita santuari telegrama bidaltzea eskerrak emanez.
  • 1823-7-8. Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen herrietan osatutako miliziei armak erabiltzen erakusteko eta behar ziren armak eta munizioak erosteko derrigorrezkoa zitzaiola lau egunen barruan 18 urtetik 40ra bitartekoen zerrendak ezagutzea, baita zenbat konpainia ziren ere. Agindua beteta konpainiak honela osatzea erabaki zuten: bigarren konpainia zerrendan sartu gabe gelditutako kaletarrekin eta Izarraizpe auzokoekin osatu zen, guztira 90 lagun; hirugarren konpainia Loiola eta Oñaz auzoetakoekin, guztira 95 lagun; laugarren konpainia Elosiaga eta Odria auzoetakoekin, 88 lagun; bosgarren konpainia Aratzerreka eta Urrestilla kaleko etxeetan bizi zirenekin, 77 lagun; seigarren konpainia Eizagirremendia azukoekin, 66 lagun; Lehen konpainia aurrez osatua zen, 90 lagunekin.
  • 1821-7-8. Politiko Nagusiari artxibari eta mendietako inspektore postua ezerezean uzteko erabakia ontzat hartzeko eskatu zioten, herriak zituen artxibaria eta mendietako inspektorea alferrikakoak baitziren.
  • 1814-7-8. Herritar batzuek egin zuten kexa aztertu zuten. Herritar horiek hilaren 6an eta 7an ardiak zaintzen ziren ume batzuk soldaduek beldurtu zituztela eta umeak ihes egitean soldaduek lau arkume bereganatu zituztela adierazi zuten. Herrian ziren soldaduen buru zen jeneralari idatzi baten bidez gertatutakoaren berri agertu zioten, neurriak hartzeko eskatzeko.
  • 1798-7-8. San Inazio festetan, Loiolan ospatuko ziren elizkizunez bertan ziren Urdaxko Premostraten-seen buruarekin eginiko gestioen berri adierazi zuten.
  • 1747-7-8. Zumaiako Batzar Nagusietan hartutako erabakia betetzeko ehun laguneko konpainia antolatu zuten, lehen deialdirako prest izateko. Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuten, datorren ostegunean, goizeko bederatzietarako.
  • 1740-7-8. Utzitako bi neskatxa Iruñeko Ospitale Nagusira eramateak sortu zituen gastuen berri eman zuten.
  • 1689-7-8. Zenbait pertsonek ibai eta erreketan tresna debekatuak erabiliz arrantzarako edo ibaira karea botatzen zutelako kalteak egiten zituzten herriko ordenantzen aurka. Izendatuta ziren isunak kobratzea erabaki zuten, inolako aitzakiarik gabe. Era berean, murgilean arrantza egiten zuenari 500 maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela ezartzea ere onartu zuten.
  • 1689-7-8. Izarraizko izoztegia eta erretena ikusten hiru egun egin zituen Domingo Longa harginari egindako lana ordaindu zioten.
  • 1688-7-8. Parrokiko organoan egin zituen konponketa lanak ordaindu zizkioten Joseph Etxeberria oñatiar organo-egileari.
  • 1671-7-8. San Inazio bigarren egunez Loiolara joaten ziren prozesioan eta, ohikoa zen bezala, ehun mosketariz osatutako taldea joatea erabaki zuten. Herriak bakoitzari bolbora eta metxa eman zien.
  • 1592-7-8. Valladolid hirian (Espainia) ziren Salbador Zuola eta Bartolome Arbidek idatzi zuten, esanez Castro Urdialesko (Espainia) Mateo Francos jauna Elolaren katedraren irakasle bezala herriratuko litzakeela.
  • 1407-7-8. Herriaren eskaerari erantzunez lurraldekoei herriz kanpo ogia eta ardoa saltzeko debekua onartu zuen erregeak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan