2015-10-30. Miren Gorrotxategik Agustin Zubikarai beka irabazi zuen, '33 ezkil' idatzi asmo zuen eleberri proiektuarekin.
1993-10-30. Gaztetxearen alde manifestazioa egin zuten. Udalak ixteko erabakia hartu zuen.
1977-10-30. Herri Zale batzordearen proposamenez, 'Txokolo' txistulariak omendu zituzten.
1972-10-30. Azkoitiko Udalak urte horretako ekainaren 28an hartutako erabakiaren berri eman zuten: kirol instalazio bat egiteko bi herrien artean mankomunitatea sortzea. Bien artean eginiko proiektua aurrera eramatean laguntza egokiak lor zitezkeela kontuan izanik, Felix Azkue zinegotzia izendatu zuten Azpeitiko udal ordezkari bezala eta beharrezko ziren estatutuak osatzeko.
1968-10-30. Jesuitinen buruak Enparan kaleko 20. zenbakiko eraikina lurrera botatzeko baimena eskatu zuen, eta Udalak baiezkoa ematea erabaki zuen.
1949-10-30. Lino Aldalur eta Pedro Albeniz zortzi mila metrotan neurtu ziren. Lehenak ehun metroko abantaila zeukan eta berak irabazi zuen. Haren denbora: 23.47.2,5.
1944-10-30. Eskuztako zelaiko kaperan Joxe Alzuru alkate zenaren izena iraunaraztea erabaki zuten, eta horretarako euskaraz eta gazteleraz inskripzioa jarri zuten.
1933-10-30. Ziriako Agirre alkateordeak deitutako batzarrean, berak adierazi zuen Euskal Estatutuari buruz azaroaren 5ean egin nahi zuten plebizitua atzeratzeko gestioak egiten ari zirela Madrilen. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteari gestio horiek egin izana protestatuz telegrama bidaltzea onartu zuten.
1871-10-30. Pedro Joxe Uranga gozogilearen neskameari aurkitutako kontrabandoaren berri eman zuten, eta herriaren aldetik neurriak hartu zituzten.
1741-10-30. Sagardoak saltzeko zozketa egin zuten. Herriko sagarrarekin eginikoak 23 upel ziren, erdizka betetakoak zazpi, eta upel bat besterik ez zen kanpoko sagarrarekin eginikoa.
1729-10-30. Nafarroako ardoaren urtebeterako hornikuntza egiteko eskritura sinatu zuten Juan Lizarraga, Martin Peruzurgin, Juan Guillen, Baltasar Gorritxo eta Miguel Lizarraga nafarrekin eta herriko Domingo Goenagarekin, guztiak bat eginik eta hutsunerik gabe herriaren beharrak bete zitzaten.
1671-10-30. Herriko lurretan zuhaitz haztegiak zituztenei hil horretan guztiak atera eta ezer gabe utz zitzatela agintzea erabaki zuten. Hala egiten ez zuenari mila maraiko isuna ezarriko zioten.
1648-10-30. Lehen igandean agintarien baimenik gabe burdin gurpilak zituzten gurdiak ibiltzea debekatuta zegoela parrokien bidez adieraztea erabaki zuten.
1643-10-30. Herriak plaza publikoan zuen dorreaz denbora luzez hitz egin ondoren, herriko sarrera nagusian, Mateo Zabaliak emandako itxura eta altueran, herria apain zezakeela-eta berria egiteko beharrezkoak ziren obrak egitea erabaki zuten, goialdean kanpaia jarriz, eta plaza aldetik eta errebaletik ikus zitekeen ordulari bat ipiniz.
1638-10-30. Juan Bautista Agirrek 85 soldaduri herrian ostatua nolatan eman zien adierazi zuen.
1617-10-30. Pedro Gerranzurik egindako testamentuan agintzen zen bezala, berak sortutako kapera Martin Agirreren eskuetara pasatu zuten.
1597-10-30. Parrokiaren izenean kapera egiteko tokia saldu zioten Frantzisko Igarzaren alargun Madalena Saez de Goiazi; hain zuzen, Ibarluze eta Marian Gerrenzurik zeuzkatenen artekoa. Horretarako 172 dukat ordaindu zituen eta sei urtean egitea adostu. Astean lau meza errezatuko zituzten bertan.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago