2011-5-4. Hutsik geratu zen 2011ko Joxe Takolo Beka, proiekturik ez zelako aurkeztu.
2010-5-4. Loiolako Herri Irratiaren egoitza itxi zuten.
2007-5-4. Turismoari bideratutako bulegoa zabaldu zuten Loiolan.
2003-5-4. Habea Azpeitiko ezkertiarren eta abertzaleen plataformaren udal hauteskundeetarako hautes zerrenda baliogabetu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Batasuna ilegalizatuarekin lotura izatea egotzi zion.
1990-5-4. Loiolako hiribidean prestaturik zegoen karpan, Loiola'91 Batzordeak antolatutako Marioneta Jaialdia hasi zen.
1986-5-4. Urola trenak Donostiara bitarteko bidaia egin zuen, inauguratu zeneko 60. urtemuga betetzean, Gipuzkoako Trenaren Lagunak Taldeak antolaturik.
1972-5-4. Plaza Txikian zuen etxearen lehen solairuko etxebizitzan Jubilatuen Txoko bat egokitzeko erabaki zuten erretoreari adieraztea Udala prest zegoela, aho batez. Horretarako, bertan bizi zenak eginiko kontratuari uko egin behar zion. Etxebizitza horretan zegoen Nikanor Bereziartua zenaren sendiarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, akordiora iritsi nahirik.
1828-5-4. Herrian zegoen larru fabrika bati buruz Gipuzkoako Diputazioak idatzitako gutunari erantzun zion Udalak, honela: "Urteak lantzen dituen larruak 3.000ra iristen dira, hiru erakoak, zekor, ahuntz eta ardia, guztiak herrirako gelditzen direla...".
1814-5-4. Fernando VII.ak Espainiako Konstituzioa deklaratu zuen, eta aurrez emandako dekretuak eta ekintzak ezerezean gelditu ziren.
1812-5-4. Posta zerbitzua berrezartzeko, Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten. Ibiltaria ostegun goizean hemendik irtengo zela esan zioten, bertako balixa jaso eta Urretxura bidean jarraitzeko. Gero, bi herrietako balixekin itzuliko zen, aurrez egiten zen bezala. Berdin egin zezaten eskatu zieten, beraien ibiltariarekin igandeetan Azpeitira bidaltzen zuten balixa jasotzera. Ekarritako postarekin herritik ateratzen ziren egun berean itzuli behar zutela agintzea onartu zuten.
1788-5-4. Herriko basoetan jasotzen zen ganaduarentzako hosto berdearen banaketa azken urteetan nola egin zen adierazi zuten. Hosto berdea muga gabe jasotzeko basoen zatiketa egindakoan, zati bakoitza hartzen zuenari bertan sor zitezkeen kalteak ordaintzea derrigorrezkoa egingo zitzaiola kontuan eduki behar zela erabaki zuten. Udazkenera bitartean jaso zezakeen hostoa muga gabe, eta emandako zatia eurentzat izango zen ondorengo urteetan ere, udazkenetik udaberrira bertan gerta zitezkeen kalteei aurre egiten bazieten behintzat, eta herriaren mendi zaindariek kalteak egin zituztenak aurkitzen ez bazituzten.
1762-5-4. Probintziak emandako dekretuari erantzunez, soldaduen zozketa egin zuten eta konpainiaren ofizialak izendatu. Konpainia honela osatu zen: 48 soldadu, kapitaina, tenientea, alferiza eta sarjentua. Zerbait gertatuta ere, beste sei soldadu gehiago aukeratu zituzten.
1712-5-4. Ganaduak zituzten biztanleek herriaren basoetara eraman behar zituzten larrera, eta hori Urrestilako parrokiaren bidez adieraztea erabaki zuten. Baina euren bidetik zuzendu behar zituzten lur horietara, inoren baratza, soro eta zelaietan kalterik egin gabe. Bestela, zigorra ezarriko zieten ganaduen jabeei.
1712-5-4. Enparantzan zegoen herriaren dorrean konponketa lanak egitea erabaki zuten, aurrez maisuen iritziak jasota.
1668-5-4. Barrenportalen edo herriaren beheko sarrera inguruan zen bolatokiaren ingurua egokitzeko, alkateari 60 dukat ematea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago