2016-11-26. 'Laura esaten zioten' liburua aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean. Leire Ibarguren azpeitiarrak idatzi zuen Miren Odriozolaren biografia jasotzen duen lana.
2016-11-26. Iñaki Bergara 'Pio' eta Kontxu Odriozola zendu berriei eskainitako omenaldiarekin bukatu ziren Soreasun XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak.
2013-11-26. Jon Contreras 22 urteko azpeitiar gaztea hilik topatu zuten Urola ibaian, Lasao inguruan, bi egun desagertuta eman eta gero.
2010-11-26. 2011ko Kilometroen aurkezpena egin zuten, Izarraitz pilotalekuan.
2009-11-26. Inaxio Uria zenaren omenez Olazko Amaren monolitoa jarri zuten hura ETAk hil zuen tokian, Loiolan.
1989-11-26. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa jokatu zuten Izarraitz pilotalekuan eta, batez ere, Xabier Euzkitze herritarrak, Andoni Egañak eta Jon Enbeitak eman zuten mailarik handiena.
1976-11-26. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak erabilgarri publikotzat deklaratu zuen Basazabal etxea.
1975-11-26. Enparan kaleko Basazabal etxea hondamenean zegoela deklaratzeko prestatutako espedientea aztertu zuten berriro. Bixente Gibert arkitektuak txostena egin zuen: unean etxeak zeukan egoera hondamen osoan zegoela esan zuen, eta horma nagusia edo aurreko aldea erortzeko zorian zela. Bixente Orbe arkitektuak ere gauza bera esan zuen; hau da, aurreko horma noiznahi eror zitekeela. Joakin Montero hirugarren arkitektuak, hainbestekorik agertu gabe, etxearen alderdi batzuk gaizki zeudela zioen. Gogoan izan behar da Udalak, etxeari zutik heldu nahirik, gestioak egin zituela jabearen, gobernadore zibilaren eta Diputazioaren aurrean, baina ez zuen behar bezalako erantzunik izan. Hori guztia zela-eta, Udalak Basazabal hondamen osoan zela deklaratzea erabaki zuen, nahiz eta ezezko botoa eman zuen Agustin Prat zinegotziak.
1945-11-26. Hilaren 5ean Udalak hartutako erabakiari buruz alkateak jakinarazi zuen Gregorio Hombrados Oñatibia margolariari olioan Joxe Alzuru alkate zenaren erretratua egiteko eskatu ziola, alkatetza bulegoan zintzilikatzeko, eta herriak 750 pezeta ordainduko zituela. Udalak ontzat hartu zuen alkatearen gestioa.
1945-11-26. Eskuztako ermitarako herriaren aldetik erositako Kalbario bidea, Olazko Andre Mariaren ermitan jartzea erabaki zuten.
1866-11-26. Kontuan izanik idatzita zegoela parrokiko hilerrirako arautegia, herritarrei argitaratzea eta salgai jarri zutela jakinaraztea erabaki zuten. Inork hilobi partikularrak egitea nahi izanez gero, lurra erosteko denbora eman zioten.
1826-11-26. Herri barruko etxeetan zen lastoa eta belarrari buruz azterketa egitea agindu zioten batzordeak adierazi zuen oso gutxi zegoela eta toki egokietan banaturik, gainera -tximinietatik urruti-. Horretaz gain, zioen sendi bakoitzak farola zeukala, gauez euren artean arriskurik gabe ibiltzeko.
1750-11-26. Diputazioak idatzitako gutun baten arabera, herritar hargin batzuek desertatu egin zuten, Ferrolgo (Galizia) portuko lanak alde batera utzirik. Herriko alkatearen aldetik berehala atxilotu egin beharko zirela esan zen, Donostiara bidali eta intendente nagusiaren zigorra jaso zezaten. Antonio eta Inazio Larraza anaiak eta Frantzisko Tomas Loidi ziren haiek. Kontuan izanik Antonio Larraza herriratua zela, gutun batekin Donostiara bidaltzea erabaki zuten, eta horrela adierazi zioten Diputazioari.
1562-11-26. Juan Arizmendi parrokiko sakristauari herriak eskatu zion Elolako kaperauak ematen zituen mezak kontuan izateko, eta larunbatean agintariei guztiaren berri agertzeko.
1497-11-26. Herri barruan eta kanpoan bizi zirenen artean akordioa sinatu zuten. Alde batetik, Navas Porras lizentziatu izendatu zuten eta, bestetik, Pedro Perez Zabala batxilerra ordezkaritzarako.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago