2011-9-16. CSN Brasilgo enpresak bertan behera utzi zuen Alfonso Gallardo Taldeari hainbat enpresa -tartean Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao- erosteko zuen akordioa.
2010-9-16. Greba mugagabea hasi zuten Corrugados Lasaoko langileek, lan hitzarmena negoziatzea eskatzeko.
2008-9-16. Guillermo Garatxana mendizale azpeitiarra hil zen Mont Blancen (Frantzia).
2005-9-16. Aitor Zubillaga eta Alex Arrieta kirolariei oroigarri bana eman zien Azpeitiko Udalak, udaran lortutako garaipenengatik. Arrietak hiru domina irabazi zituen uztailaren 30tik 31ra, Bartzelonan, Espainiako Igeriketa Txapelketan. Zubillagak plater-tiroko Mundu Txapelketa irabazi zuen irail hasieran taldeka, Madrilen.
1989-9-16. Juan Karlos Arruti 'Paterra' espetxeratu zuten, ETAko kide zelakoan.
1940-9-16. Espainiako Gerran hildako herritarrei eskainitako monumentuaren proiektua egin zuen Martzelo Gibert arkitektuari Zentsura zuzendaritzak idatzitako ofizioaren berri jakin zuen Udalak, eta proiektua ontzat hartu.
1940-9-16. Ganaduak beste norbaiten lurretan ibiltzea zigorturik zegoen, eta egunez harrapatzen zen buruko 30 maraiko isuna ezartzen zioten jabeari; gauez, berriz, isun bikoitza. Eginiko kalteak ordaindu egin beharko zituzten, gainera.
1901-9-16. Aztiriak proposatu zuen bigarren mailako heziketa ikastetxea ezerezean uztea, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten proposamena ontzat hartzea.
1885-9-16. Felix Barrenak Urrestillako garbitokiari buruz aurkeztutako aurrekontua aztertu zuten, eta obrari hasiera ematea erabaki, baldintzak prestatu ondoren errematean jarririk.
1861-9-16. Parrokiko apaizek albistea pasatu zuten, Santo Domingo komentuko elizan aurkitutako hezurrak hilerrira eraman zituztela eta, agindua beterik, hileta elizkizunak egin zituztela esanez.
1855-9-16. Garai hartan herrian zen gaixotasunak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea.
1747-9-16. Domingo Etxeparerekin eskritura sinatu zuten herriko teilaria sei urterako maiztertzan hartzean, Santu Guztien egunetik aurrera, eta urtean 26 dukat ordainduz. Etxepareren lana herriak agindutako prezioetan egin eta saltzera derrigortzen zuten.
1742-9-16. Parrokiko erretaula nagusiaren urreztatzea amaitu zutela ospatzeko antolatutako jaialdian eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten. Ekitaldi hauek egin zituzten: elizkizuna, meza nagusiarekin eta 'Te Deum' kantatuz; suziriak; enparantzaren argitzea bezperako gauean; arratsaldez Plaza Txikian zezenkoak; eta abar.
1695-9-16. Herriko basoak zaintzen jarduten zuten Joseph Janquek eta Lukas Arsuagak eta txostena aurkeztu zuten, herriko baso eta mendietan aurkitu zituzten ganaduen berri emanez. Fidelari eskatu zioten ganaduen jabeen aurka auzia jartzeko, eta alkateak ondoren zigorra ezar zezala, eginiko kalteak ordaintzen ez baziren.
1678-9-16. Jakinean izanik herriaren aginduei muzin eginez eta Santo Domingo komentuko priorearen eskaerari erantzunez harria ateratzen zutela Komuntzo ingurutik, eta era horretan iturriko ura zikintzen zela erabat, batzordea izendatu zuten gertatzen zena aztertzeko. Batzordea hauek osatu zuten: Inazio Beltran Oiarzabal, Frantzisko Latenta eta Tomas Leiarizti maisu harginak.
1657-9-16. Herri Batzar nagusian alkateak esan zuen San Agustin komentuko prioreak eraikin berria egitea proposatu zuela, unean zena zantar zegoelako, eta gaiari buruz erabakiren bat hartzeko egin zuela deialdia. Herriak eginiko eskritura irakurri eta gero, agintariei erabaki bat hartzeko ahalmena eman zieten, komentuari buruz eginda zeuden agiri guztiak aztertu ondoren.
1528-9-16. Udalbatzarrean adierazi zuten probintziak ordaintzen zuela borreroa herrira ekarri eta bi emakume lapur jotzea.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago