2018-3-9. Josu Urbieta 'Pou' azpeitiarra Poitiers-Vivonneko presondegitik (Frantzia) Mont de Marsangora (Frantzia) aldatu zutela jakinarazi zuen Etxerat elkarteak.
1960-3-9. 'Circulo del Movimiento' deiturikoa instalatzeko, 35.000 pezetako diru laguntza eman zuen Udalak.
1951-3-9. 'Acción Catolica' deituriko gaztediaren buruari Udalak erantzun zion pozgarria egiten zitzaiola jakitea dantza talde bat osatu zela, eta orduan diru laguntzarik emateko aukerarik ez bazuen ere -aurrekontuan kontuan izan ez zelako-, laguntza luzatuko zuela dantzari taldeak parte hartzen zuen jaialdietan.
1931-3-9. Euskaltzaleak Elkarteko lehendakari Galo Barrenaren eskaerari erantzunez, herriko ikastetxeei zera eskatzea erabaki zuten: ikastetxeetako ikasleei euskara irakurri eta idazteko ikasgaiak emateko.
1903-3-9. Egin zuen eskaerari erantzunez, Felix Ortiz y San Pelayo herritar izendatzea erabaki zuten, Udal Legearen 16. artikulua gogoan izanik.
1903-3-9. Alkatearen mozioa ontzat hartuta, udaletxeko elektrika argia gehitzea erabaki zuten.
1900-3-9. Apustuetarako enparantza nagusian jarri ohi zen itxuraren lurreko zuloak egokitzea erabaki zuten.
1891-3-9. Batzorde bat izendatu zuten San Inazio jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzeko.
1885-3-9. Baimena eman zioten Joxe Antonio Legorburu, Vista Alegre deitutako frontoia egiten ari zen elkarteko buruari, obrak egiten ari zen bitartean kaleko espaloia erabili ahal izateko, materialak inguratzeko.
1881-3-9. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra' jaio zen Nuarbe auzoan.
1876-3-9. 1873ko abuztuaren 13an gauzain postuan ziren berak lehengo lanean jartzea erabaki zuten, orduan zirenak kenduta.
1854-3-9. Sugasti etxeak eginiko ordulari bat estreinatu zuten Loiolan.
1846-3-9. Politiko Nagusiaren gutunarekin batera Barne Ministerioko idazkariordeak bidalitako gutun baten berri eman zuten. Zera zioen: Espainiako erreginak bazekiela Urrestillako biztanleek Azpeitiko Udalarengandik bereiztu eta herri bihurtu nahi zutela, eta agintzen zuela inguruko herrien iritziak jakin behar zituela erantzuna emateko. Urrestillak, orain bezala herriarekin bat eginik jarrai zezan ahalegin guztiak egitea erabaki zuten.
1824-3-9. Domingo Espinosak Espainiako erregearentzat prestatutako idatziaren berri eman zuten; beste gauza batzuen artean zera esaten zen: "Independentzia deituriko gerratean herriak egin behar izan dituen gastu izugarriak eta etsaiak eginiko eskaerei erantzunez herritarrei ezarritako zerga handiak ordaindu ondoren, ezerezean gelditu behar izan du, beharrei erantzuteko ezinbestekoak zituen ondasun iturriak saltzera iritsiz, lurraldeak saldu beharrean, sendagileari bere lana ordaindu ezinean geldituz, eta ardoari lau maraiko zerga jarri beharrean aurkituz, behar-beharreko gastuei aurre egiteko, 5.000tik 6.000ra bitarteko biztanlegoa duen herrian...''. Ontzat hartu zuen herriak idatzia, hondamendian aurkitzen zela ikusita, batez ere bereak ziren basoak saltzean -urteetan zehar izan baitzituen dirua lortzeko iturri berezi, olagizonei ikatza egiteko emanez-.
1785-3-9. Herrian eta Urrestillan ogia egiten zuten emakumeei 17 ontza eta librako ogiak zer preziotan saldu beharko zituzten agintzea erabaki zuten, beste agindu bat eman bitartean.
1675-3-9. Bernabe Aranburu Santo Domingo komentuan eta enparantza apaindu nahirik herriak eginiko arkuak botatzen hastean, komenigarria den edo ez aztertzea erabaki zuten.
1647-3-9. Bederatzi urterako kontratua eginik zuen Joseph Iturralde txistularia ihes eginda zen herritik, eta Udalak atxilotu eta herriko kartzelara ekartzea erabaki zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago