2021-4-28. 'Ni eta Gu. Zazpigarren uhina', bere zazpigarren olerki liburua, plazaratu zuen Pako Aristik.
2019-4-28. Añares Rioja ISB taldea saskibaloiko emakumeen Espainiako maila gorenera igotzeko atarian gelditu zen, Kanariar Uharteetan jokatutako igoera faseko hiru partidetatik bi galduta.
2019-4-28. EAJk irabazi zituen Espainiako Kongresurako hauteskundeak Azpeitian.
2011-4-28. Bezperan Estatuaren Abokatuak egin bezala, Espainiako Fiskaltzak ere Bilduren maiatzaren 22rako udal eta foru hauteskundeetarako zerrenda guztiak inpugnatu zituen Auzitegi Gorenean, baita Azpeitikoa ere.
2010-4-28. Imanol Muru Uria kazetariaren 'Loiolako Hegiak' liburuari Zilarrezko Euskadi Saria eman zioten.
2002-4-28. Nuarbe Sokatira Taldearen 25. urteurrena ospatzeko Nuarbetarren Eguna antolatu zuten, hantxe. Ekitaldi guztien artean bi izan ziren bereziki aipagarrienak; taldearen museo berriaren inaugurazioa eta eguerdian egin zuten herri bazkari jendetsua.
2001-4-28. Hau da! Kultur Elkarteak Euskal Herri Eguna antolatu zuen, eta horrela egin zuen aurkezpena.
1983-4-28. Pablo VI.aren hirigintzarako proiektua onartu zuten, lehen fasean.
1924-4-28. Urola trenaren geltokirako errepidearen enkantea ontzat hartu zuten. Gregorio Segurola arduratu zen.
1924-4-28. Lazaretoa egiteko baldintzak onartu zituzten, eta enkantean jartzea erabaki zuten.
1913-4-28. Urrestillako garbitokirako ura zeraman bustinezko hodieria kendu eta bere ordez burdin hodieria jartzea ordaintzea erabaki zuten.
1890-4-28. Udal frontoian burdin eta frontis gainean burdinsarea jarri zuen Juan Joxe Iriarteri lana ordaindu zioten.
1890-4-28. Elosiaga auzoko Joxe Mari Iturbe maisu berriak, beste maisuei bezala urtean 60 pezetako laguntza emateko eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
1812-4-28. Hilaren 25 gauean Sarobeberri baserrian aurkitutako utzitako haurraren berri Probintziako Kontseiluari ematea erabaki zuten, hark agindu zezan haurraren destinoa. Izan ere, herriak jada osatuta zeukan tokatzen zitzaion kupoa: hamazazpi haur unean.
1812-4-28. Iraupen Juntak hilaren 17an idatzitako gutunean agindu zuen Frantziako tropak zeuden herriek egin beharko zutela tropen hornikuntza, maiatzaren lehen egunetik uztailaren 31ra bitartean. Agindua, aktan idatzirik uztea erabaki zuten.
1786-4-28. Herriak sukaldeetarako eginiko egur banaketan gertatutako eztabaidak nolatan sortu ziren jakitea eskatu zioten alkateari, behar ziren neurriak hartzeko ondoren.
1786-4-28. Egoki ikusi zen parroki atariko obrak jarraitzea, baina aurrez derrigorrezkoa zela elizaren beharrei erantzutea. Horrela, lehenik elizaren diru alderdia aztertzea erabaki zuten, behar horiek erantzun eta gelditzen denaren berri jakiteko.
1727-4-28. Joxe de Ripa maisuak Antonio Balzategik parrokirako egindako organoa ikusi zuen, eta horri buruzko txostenaren berri eman zuten.
1697-4-28. Txokolatea egiten zutenei deitu eta esan zieten inork ezin zuela saldu libra bakoitza zortzi erreal baino gehiago kobratuz, bestela aldi bakoitzean 50 errealeko isuna edukiko zutelako.
1697-4-28. Txerriei buruz herriak zeukan ordenantza gogoan izanik -aurreko urteko urriaren 2an zabaldu zuen berak. elizaren bidez-, herri barruan txerriak edukitzeko debekua zegoen, baimenik gabe behintzat. Izan ere, esaten zen kontuan izan behar zela txerriak etxean hazteak nolako kalteak sortzen zituen. Baina azkenaldian kexak zeuden herritarren aldetik eta zerrenda bat egitea erabaki zuten, txerriak hazteko toki egokiak nortzuk zituzten jakiteko.
1641-4-28. Herriaren diru kontuen berri eman zuten: 20.000 errealetik gorako zorrak zituen unean, probintziari ordaindu beharrekoa atzeraturik eta beste obligazio batzuk medio. Ondoren, neurriak hartu behar zirela jakinarazi zuten.
1565-4-28. Iruñeko bisitariak parrokiko bisita liburua Azkoitira eraman zuen eta, ez zuenez liburua itzultzen, soldata ordaindu gabe utzi eta mandoa kendu zioten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago