Eguna: 11-30

  • 2017-11-30. Zestoako Eromen Produkzioaken 'Hysteria' lanak jaso zuen XXXV. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2017-11-30. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Azpeitiko Udalak Gure Esku Dagori emandako diru laguntzaren aurkako helegitea jarri zuela jakinarazi zuten.
  • 2016-11-30. Lapatx zabortegiak ateak itxi zituen, ireki eta 28 urtera.
  • 2004-11-30. Udalaren eta Azpeitiko gazteen arteko lehen bilera irekia egin zuten. Aurrerantzean astero egingo zituzten bileren funtzionamenduaz hitz egin zuten, besteak beste.
  • 2002-11-30. Antonio Oteizaren 'Burdina lantzen' eskultura inauguratu zuten Landetako biribilgunean.
  • 1959-11-30. Luis Lopetegi 'Agerre I.a'-k 194 kilo zituen Aizarnabalgo harri famatua hamabi segundotan altxatu zuen.
  • 1947-11-30. Santos Iriarte 'Errekartetxo'-k 166,5 kilo zituen Amezketako 'Albizuri-andi' harria jasotzea lortu zuen. Hilabete lehenago hamar lagun ahalegindu ziren gauza berean, inork lortu gabe.
  • 1946-11-30. Joxe Leon Karetxeri Garmendipe zelaia egiteko lurraldea erostea erabaki zuten. 125.000 pezeta ordaindu zizkioten.
  • 1931-11-30. Gestora Batzordeak langabezi zerga berezia sortzea proposatu zuen. Deitura bereko egun bat ere antolatzea eskatu zuen, lanik gabe zirenentzat diru bilketa egiteko. Eta, batez ere, Udalaren aldetik lana eskaintzea eskatu zuen. Alkateak esan zuen derrigorrezkoa egiten zitzaiola herriari bere gain hartzea langabeziaren arazoa eta egokia zela Diputazioari baimena eskatzea zer bat sortzeko. Aho batez onartu zuten alkatearen proposamena.
  • 1885-11-30. Herriaren aldetik Durangon zegoen Frantziako tropari 1808an eginiko hornikuntza kobratu nahirik, herriak idatzitako gutunari Bizkaiko Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuten: ez zituela ordainduko 86.309,28 erreal, ez zutelako inolako agiririk aurkitzen hornikuntza egin zela adierazten zuenik.
  • 1885-11-30. E. Schill erlojulariak, herriaren aldetik erosi eta Benito Ieregik udaletxean jarritako ordulariari buruz iritzia eman zuen, aurrez aurkitutako akatsak zuzendurik zituela esanez. Udalak ordulariaren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1868-11-30. Bi gutun irakurri zituzten. Bata, Nikolas Ledesmarena: parrokiko organoa ikusteko Tolosako organista Felipe Gorriti proposatzen zuen. Beste gutuna, Aldalur herriko organistarena: bere iritzia eman gabe gelditzea nahiago zuela adierazi zuen. Udalak Izeta eta Etxaniz erregidoreak izendatzea erabaki zuen Aldalurrekin hitz egiteko.
  • 1868-11-30. Kontuan izanda herritarrentzat mesedegarria izango zela Inazio Muguruzak Madalena errebalean burdina landuko zuen fabrika zabaltzea, Udalak aurrez herritarren artean eginiko diru bilketa 30.000 errealera altxatzea erabaki zuen eta beste 10.000 erreal gehiago ematea elizaren dirutik, baldin eta hori gabe behar nagusiei erantzuteko eran gelditzen bazen. Joxe Domingo Larraar, Manuel Aranburu eta udal idazkariak osatutako batzordea izendatu zuten guztia aurrera eramateko.
  • 1857-11-30. Aurreko egunean Diputazioak bidalitako gutun baten berri eman zuten, erreginak haur bat izan zuela esanez. Udala poztu egin zen Asturiasko (Espainia) printzea jaiotzean, eta elizkizunak eta jaialdiak antolatzea erabaki zuen abenduaren 6an, aurrez parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
  • 1857-11-30. Diputazioak herriko Miserikordian Laguntza Etxea sortzeko egindako proposamenaren berri eman zuten.
  • 1782-11-30. Miserikordiaren estatutuei buruzko albisteak eman zituen Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealak, eta bertako juntak 1778ko apirilaren 25ean estatutu edo ordenantzak osatu zituela zioen. Kontseilura bidali zituen urte bereko uztailaren 13an eta, azaroaren 7an emandako dekretuaren bidez, onartuak izan ziren.
  • 1704-11-30. Lorentzo Elizalderi Elizalde baserria zati handi batean erre egin zitzaiola-eta, berritze lanak egiteko egurra eskatu zuen. Udalak erdia ordaintzea erabaki zuen eta beste erdia ezerezean ematea.
  • 1588-11-30. Juan Antxieta irudigilea hil zen, Iruñean.
  • 1551-11-30. Txakolinaren hornikuntza enkantean jarri zuten, Getariakoa edo bere lurraldekoa izan beharko zuena. Bi etxetan pitxar bakoitza hamalau maraitan salduko zuten abuztuko Andre Mariaren egunera bitartean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan