Eguna: 7-14

  • 2017-7-14. Basazabal jauregia birgaitzeko proiektua 200.000 eurorekin laguntzea hitzartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko Udalarekin.
  • 2012-7-14. Labaka, Otaegi eta Aizpuru III.-nak erremonte profesionalean debutatu zuten.
  • 2001-7-14. Kanpoko igerilekua zabaldu zuten.
  • 1986-7-14. Zerbitzua emateari utzi zion Urolako trenak.
  • 1902-7-14. Azoka plaza estalia inauguratu zuten.
  • 1856-7-14. Joxe Mari Azpirozek prestatutako baldintzetan eta aurrez deialdia zabalduta, enkantean jartzea erabaki zuten parrokiko hilerria zabaltzeko obrak.
  • 1846-7-14. Burruntzali iturri txikia garbitoki zaharreko materialak erabiliz konpontzea erabaki zuten, egoera txarrean baitzen.
  • 1769-7-14. Parrokiko atariko obrak egiteko hamabost mila erreal Miguel Alzagak aurreratu zituen, baita beste hainbeste Joxe Antonio, Agustin eta Silbestre Amenabarrek ere. Eskritura egitea erabaki zuten.
  • 1769-7-14. Tolosan ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak agindu zuen hil honen 31rako Diputazioara ezerezean uztea nahi ziren ermiten zerrenda eta haien ondasunen berri bidaltzeko. Udaltzainei agindu zieten lan hori egitea, xehetasunak jasota.
  • 1669-7-14. Parrokiko hiru kanpai eta herri dorrekoa funditzea erabaki zuten.
  • 1667-7-14. Antonio Erkizia izendatu zuen Udalak herriko hamabi soldaduri Hernanira laguntzeko. Hara hilaren 16an irten eta egun berean iritsiko ziren.
  • 1667-7-14. Herriaren lur zati batzuk soro bezala erabiltzeko baimena eman zieten Olaberriko Domingo Aramendiri, Araazko Inazio Eizagirreri, Largarateko Martin Etxezarretari, Eizmendiko Antonio Eizmendiri, Laaarko Bernardo Zuloagari eta Pagaolako Joxe Gurrutxagari.
  • 1651-7-14. Alkateak gogorazi zuen ohiko feria ospatuko zela, herriko patroiaren eguna hurbil baitzen. Mesede handirik sortzen ez bazuten ere herritarren txanponak eskuratzera kanpotar merkatariak etorriko zirela ere jakinarazi zuen. Herriak erabaki zuen kanpotar merkatariei zerga ezartzea egun horietarako, eta ordaintzea nahi ez zuenari ez uztea bere postua herrian izatea.
  • 1583-7-14. Akemendi lizentziatuak eta Amador Atxaranek Landeta idazkariaren ondoretasunaren berri eman zuten, haren arreba Sebastianarekin hitz egin ondoren, honek ondasunak bederatzi mila dukat ingurukoak zirela jakinarazi baitzien. Arrebak beretzako hartuko zuen, zerbait kenduta; gelditzen ziren ondasunak herriaren onerako eta agustindar fraideen monastegirako utziko zituela agindu zuen. Baina parrokian hilobiraturik ziren bere anaia idazkariaren hezurrak monastegian hilobiratzea eskatu zuen, baita Madrilen hil zen osaba Juan Martinez Lasaorenak ere. Bestalde, bere gorpua eta Valentziatik (Herrialde Katalanak) itzultzekoa zen osaba Pedro de Herediarenak ere hiltzean hor hilobiratzea eskatu zuen. Udala jabetu zen herri monastegia egitea ekintza paregabea izan zitekeela, eta eskerrak ematea erabaki zuen Sebastiana Landetari. Monastegiko fraideei hamar urtean zehar mila dukat ematea ontzat hartu zuten, baita Elolak sortutako Gramatika katedra eskaintzea ere. Azken horregatik urtean beste 50.000 marai ordainduko zizkieten fraideei. Gainera, inolako ordainketarik egin gabe Udalak harria ateratzeko lurraldean zituen harrobiak eta behar zen egurra ebakitzeko basoak eskaini zituen.
  • 1571-7-14. Udala, parrokiko erretorea, etxezaina eta patroia bildu ziren parrokiko sakristi berrian egin nahi zuten kaperaz hitz egiteko. Bileran kapera berriak Zurbaboren kaperako hormarekin bat eginda joan beharko zuela erabaki zuten, baita kaperari kalterik ez zitzaiola egingo ere. Beste aldean, Elola kaperarekin bat eginda, Martin Agirrek zeukan lur zatia hartzea erabaki zuten, sakristia handitzeko.
  • 1565-7-14. Juan Perez Altunari agindu zioten enparantzara ura botatzen zuen bere etxeko arraska ixteko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan