2020-12-20. Oihana Orbegozok irabazi zuen, Amaia Aldairekin bikotea osatuta, Binakako Emakume Master Cup Laboral Kutxa esku pilota txapelketa, Naroa Agirre eta Patri Espinar 22-15 mendean hartuta. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu zuten finala.
2020-12-20. 'Schubert nunca trabajó en Justicia' liburua kaleratu zuen Miren Alcedok.
2017-12-20. Ederti dekorazio dendak irabazi zuen VI. Erakusleiho Lehiaketa.
2017-12-20. Ignaziotar Lurraldea turismo sustapenerako eta dinamizaziorako proiektuak Europako lekuen bikaintasuna saritzen duen EDEN sarietako bat lortu zuen.
2014-12-20. Ion Etxeberriak, Koteto Ezkurrarekin bikotea osatuz, hirugarren aldiz irabazi zuen Binakako Erremonte Txapelketa. Ezkurra II.a eta San Miguel 40-35 gainditu zituzten finalean, Galarretan.
2014-12-20. Kadete nesken Gerdau ISB saskibaloi taldeak jaso zuen 2014ko Azpeitiko Kirolaria saria.
2002-12-20. Joseba Albizuk Scanavino-La Verve talde profesionalarekin sinatu zuen bi denboraldirako. Pozik zen Albizu, urriaren hasieran talderik aurkitzen ez zuela-eta txirrindularitza uztekotan baitzegoen.
1992-12-20. Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa jokatu zuten Azpeitian. Juan Barberena izan zen garaile.
1987-12-20. Urola trenaren aldeko manifestazio handia izan zen Azpeitian. EAJk eta PSOEk ez zuten parte hartu protesta ekitaldian.
1962-12-20. Zabor bilketa zerbitzua hobetzeko herriak kamioi bat erostea erabaki zuen aho batez.
1928-12-20. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, eskerrak ematea erabaki zuten Ildefontso Gurrutxaga alkatearen tenienteari eta Modesto Madariaga apaizari. Izan ere, bi horiek udal artxiboan zeuden agiri zaharrak irakurtzen ahalegindu ziren azken uztailaren 11n Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak emandako ordena errealaren aurka egiteko datuak aurkitzeko.
1920-12-20. Juan Agirre eta beste herritar batzuek idi demak jokatzeko debekua bertan behera utzi zedin Diputazioan gestioak egiteko eskatu zioten Udalari. Herritar horiek eta Udalak elkarrekin eginiko idatzi bat Diputaziora bidaltzea erabaki zuten.
1852-12-20. Loiolara bueltatu berri ziren jesulagunek San Inazioren zilarrezko irudia santutegira itzultzeko erregutu zioten herriari. Udalak hala egitea erabaki zuen, baina irudiaren jabe herria izaten jarraituz. Irudiaren itzultzea hilaren 26an egitea erabaki zuten.
1849-12-20. Politiko nagusiaren eta Fernando Etxeberria arkitektuaren gutuna irakurri zuten San Agustin komentuko obrez. Baita komentuaren jabetza Udalari ematen zion ordena erreala ere. Proiektua onartzea eta obrak egitea erabaki zuten, inolako zergarik ezarri gabe herritarrei.
1814-12-20. Probintziari jakinarazi zioten herrian utzitako bi haur zirela eta, horiek hazteko emakumerik aurkitu ez zenez, neurriak hartzeko ere eskatu zioten.
1806-12-20. Herritar bereziekin bilduta, alkatea eta erretorearen artean idatzitako gutunen berri eman zuten, Andre Maria Sortzez Garbiaren egunean erretoreak mesa nagusian ez zuelako alkatearen eskaintzarik jaso nahi izan. Erretoreari pulpitutik barkamena eskatzea exijitu zioten, alkateari egindako irainagatik.
1734-12-20. Herri Batzar nagusia egin zuten enparantzan, goizeko bederatzietatik hamarrak bitartean, deialdiak zabaldu ondoren bi parrokietatik. Probintziak erregeari eskainitako laurehun soldadutatik herriari tokatzen zitzaizkion hemezortzi, zozketa bidez aukeratzeko egin zuten batzarra -Donostiara eta Hondarribira ere joan beharko zuten soldaduek-. Agintariak, eta hitza eta botoa zuten herritarrak ez ezik, bertan zeuden zozketan sartzen ziren gazteak, eta erabaki zuten zozketan irteten ez zuten euretako bakoitzak ezkutu laurden bat ematea hemezortzi soldaduz osatutako taldearentzat. Zozketa egin zuten ondoren, lehen sei hilabeteko txanda egitera joango zirenak osatuz horrela; Donostian egon beharko zuten 1735eko urtarrilaren 1ean. Bigarren txanda osatzeko zozketa, beste baterako uztea onartu zuten.
1730-12-20. Frantzisko Inazio Aldalur sarjentu nagusiak kanpoan erositako txakolina herrian saltzeko baimena eman zuen. Ordura arte herrian egindakoa baino ezin zen saldu. Beraz, handik aurrera arau berri hori kontuan izatea erabaki zuten.
1681-12-20. Erreginak Loiola patronatu errealekoa zela adierazi zion herriari gutun baten bidez.
1647-12-20. Valentzian (Herrialde Katalanak) eta inguruko herrietan izurritea zela-eta guardiak egitea erabaki zuten Bustinzuriko gurutzean, Enparan zubian eta Madalenako ermitan. Horrez gain, eskribauari herritarren zerrenda egiteko eskatu zioten. Ospitaleko zaindariei eta ostatu nagusiei ere kanpotarrik ez hartzeko eskatu zieten. Urrestillan eta Nuarben ere neurriak hartzeko agindu zieten Julian Roteta eta Inazio Gaztanondori.
1564-12-20. Pedro Goiazi Elolaren kaperarako beiradura batzuk erosteko eskatu zioten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago