2013-10-5. Bailarako jubilatuen lehen eguna ospatu zuten herrian, botiken berrordainketaren eta murrizketen kontrako aldarrikapenekin.
2013-10-5. Joseba Albizuk mendiko bizikletako Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen, Oiartzunen.
2007-10-5. Lasao auzotik Aizarna eta Errezil aldera doan errepidean lur-jausia izan zen, Altuna y Uria enpresak duen hondakindegiak eraginda.
2005-10-5. Andoni Aranaga txirrindulariak Euskaltel-Euskadi taldearekin bi urterako kontratua sinatu zuen.
1914-10-5. Urrestillara eta Nuarbera oinezko baten bidez posta zerbitzua egiteko oinarriak onartu zituzten.
1891-10-5. Irakurri eta ondo aztertu ondoren onartu zituen Udalak ordenantza berriak, agintarien aginduz idazkariak prestatu zituenak.
1857-10-5. Espainiako erregearen aurrean gestioak egitea erabaki zuten, herriaren eskuetara pasatu zuten Santo Domingo komentuak enparantza nagusi aldera zeukan aurreko aldea lurrera botatzeko.
1824-10-5. Hemezortzi mikeletez osatutako taldea herrian jartzeko eskatu zuen Diputazioak, eta horretarako arautegia prestatu zuela zioen, gutunarekin batera bidali zuena. Horrela erabaki zuten Azkoitian ospatutako Batzar Nagusien aldetik, batez ere bakea zaindu, gaizkileek atxilotu eta polizia lanak egitea.
1782-10-5. Frantzisko Ibero maisuak emandako iritzia ontzat harturik, Frantzisko Iturberekin eskritura sinatzea erabaki zuten, parrokiko aldare nagusiko Andre Mariaren nitxoan obrak egiteko.
1782-10-5. Maladarrategi etxearen jabe Joxe Ezeizak bere etxearen izena aldatzeko eskatu zuen, handik aurrera Mardura deitzeko. Udalak onartu egin zuen.
1736-10-5. Manilako Erret Audientziko entzule Joseph Inazio Arzadun herritarrak 1735eko uztailaren 14an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Zioen iritsi zela bertara, bere postua harturik zuela, eta herriaren esanetara jartzen zela. Udalaren aldetik eskerrak ematea erabaki zuten.
1714-10-5. Iraileko Andre Mariaren ondorengo eguneko zortziak bitartean garoa ebakitzea debekatu zuten, kalteak sortzen zirelako horrela ez egitean.
1698-10-5. Herriak 58 baratza zituen, herritarrei errenta baten truke eskainitakoak. Haietako hemezortzi Eskuztan, hamar Madalena inguruan, bost Iturrialdapan, bi Urbin, eta bana Txaribar, Iturburu eta Abitain inguruetan.
1685-10-5. Izarraitzen egiten ari ziren izoztegian zeuden harginek adierazi zuten amaitzear zutela lana. Esteban Alzaga erregidoreari agindu zioten lanak ikusteko, Joan Apaeztegi eta Tomas Laiarizti maisuekin batera.
1596-10-5. Herriko zapatariek oinetako onak egin zitzaten -bi josturakin ongi josiak-, garbi jakin zen, haiei galdetzean, gehien egiten zituztenak beste era batekoak zirela, eta adierazi zieten agindutakoak bezalakoak prestatu beharko zituztela handik aurrera.
1588-10-5. Juan Otxoa Urangak alkateari herrian ziren emakume publikoen aurka neurriak hartzeko eskatu zion, eta honek erantzun zuen prest zela horrela egiteko, baina lekukoak izatean.
1577-10-5. Eskribauari agindu zioten Erarrizagako arrantzaleari, San Joan eta Miguel Oñaz eta Joan Martinez Odriari -herrira etorriak ziren bertan bizitzera, horretarako euren ofizioak utzita-, ikusita ibaian arrantzan jarduten zutela, adieraztea euren ofizioetan lana egiteko, ogibidetzat arrantza hartu gabe, eta sare debekatuak ez erabiltzeko. Bostehun maraiko isuna eta bi eguneko kartzela jaso zezaketela jakinarazi behar zieten.
1577-10-5. Joan Goitiari Abitain inguruko lur zati bat erosi zion herriak, 25 dukat ordainduta, parrokiko elizatik eta sakristiatik ateratzen zituzten zaborrak jasotzeko.
1569-10-5. Alcalako (Espainia) Unibertsitatean zegoen Lartaun doktoreari idaztea erabaki zuten, herrian zen Gramatika katedrarako irakasle bat bidaltzeko eskatuz.
1511-10-5. Juana erreginak pribilejio bat sinatu zuen, herrian Frantziskanetako lekaimeekin zer gertatzen zen galdetuz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago