2019-3-22. Haur parke berria ireki zuten Iraurgi Ikastetxearen Betharrameko eraikineko jolastokian.
2015-3-22. 19. Korrika herritik igaro zen.
2014-3-22. Marka berria ezarri zuen Alex Opotiptipek keniarrak XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian.
2012-3-22. Kupela taldeak 'Gailurra ikutuz' diskoa aurkeztu zuen.
1991-3-22. Gipuzkoako Batzar Nagusiak, aho batez, Loiolako Inazio deunaren jaiotzako etxea Jesusen Lagundiaren eskuetan jarri zuten.
1984-3-22. Pasaian Espainiako Poliziak Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' Komando Autonomo Antikapitalistako kideak hil zituen, tiroz.
1961-3-22. Azpeitiko herritar batzuen eskaerari erantzunez, albisteak ematen zituen bandoak euskaraz eta gaztelaniaz egitea erabaki zuten. Euskaraz bakarrik egiten zirenez, biztanle batzuk ulertu ezinik gelditzen ziren.
1928-3-22. Loiola hiribidean hotel bat egiteko Leon Egigurenen eskaera ikusi ondoren, eta Martzelo Guibertek eginiko planoak zituela, herriko inspektoreari hari buruz bere iritzia eman zezan eskatzea erabaki zuten.
1858-3-22. Juan Amezua organo egileak Nafarroako Erratzu herritik idatzitako gutuna irakurri zuten, adieraziz agindutako egunerako ezin zuela parrokiko organoa amaitu, uste baino lan handiagoa zuelako. Barkamena eskatu zuen, eta diru laguntza erregutu. Herriak haserrea agertzea erabaki zuen, ez zuelako organoa bukatzeko egun berri bat izendatu.
1823-3-22. Diputazioak idatzitakoaren berri hurrengo egunean eta meza nagusian pulpitotik irakurtzea erabaki zuten. Gainera, euskaraz ulertzera emanez jendeari, eta erantsiz ondorengo egunean 20 urtetik 25 urte bitarteko gazte guztiek goizeko hamarretarako udaletxean egon beharko zutela.
1788-3-22. Parroki atarirako harria atera eta lantzeko harginek egindako proposamenen ondorioz Frantzisko Ibero maisuari ematea erabaki zuten. Bestalde, lan horiek egiteko, zenbait gauza edukitzeko toki egokia derrigorrezkoa zela ikusirik, Manuel Erkiziari Zuola etxearen ukuilua eskatzea erabaki zuten.
1747-3-22. Alkateak jakinarazi zuen aurreko gauean utzitako haur bat aurkitu zela parrokiko erretorearen etxeko eskaileran, papertxo baten idatzita zuela bataiatua zegoela eta Joxepa zuela izena. Herriak ohiko limosna eskainiz Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuen.
1747-3-22. Izarraizko izoztegirako egindako eskailera eta lera ordaindu zituzten.
1743-3-22. Parrokian San Inazioren aldarea egiteko apezpikuak emandako baimenaren berri adierazi zuten.
1697-3-22. Kanpoko sagarrarekin eginiko sagardoa saltzeko zutenen artean txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zuten, gogoan izanik herriko sagarrarekin eginikoa nahi zutenean jar zezaketela salgai haren jabeek.
1669-3-22. Kexak jaso zituenez, herriak Inazio Zubimendi eta haren emazteari txakolina herriratu eta saltzea debekatzea erabaki zuen.
1669-3-22. Pedro Beltran Oiarzabal errejidoreari ikatza egiten Aratz aldean ibili zirenek egin zituzten kalteak neurtzea agindu zioten.
1648-3-22. Olazko ermitan eginiko batzar berezian, Espainiako erregeari Kataluniako kanpainarako 200 soldaduz osatutako taldea eskaintzea erabaki zela esan zuten; haien soldata, gehienbat, probintziak ordaindu zuen. Herriak biztanleen artean 3.000 erreal banatzea eta ahal zen azkarren kobraketa egitea erabaki zuen.
1636-3-22. Albisteak iritsi ziren, mugan frantziarrak ugaritzen ari zirela, eta Diputazioak herriko biztanleek prest izatea eskatu zuen. Azpeitiko agintariek biztanle guztiei hil honen 24rako deitzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago