2017-12-1. Oier Alkorta eta Eneko Martija azpeitiarrek 22 urtez azpikoen Gipuzkoako gomazko pala finala irabazi zuten.
2017-12-1. 'Goldsmithen ikaslea' eleberria kaleratu zuen Joxean Agirrek.
2017-12-1. Pello Elorzak idatzitako 'Aberria bihotzean: Azpeitiko EAJren ehun urtetik gorako ibilia' liburua aurkeztu zuten Batzokian, herriko jeltzaleen 110. urteurrenaren ospakizunen barruan.
2016-12-1. Bi urte eta erdian landutakoaren eta hausnartutakoaren ondorioak Sanagustinen jendaurrean azalduta amaitu zuen ibilbidea Azpeitiko Bizikidetza Foroak.
2016-12-1. Azketako iturrian Jesusen Bihotzaren tokian jarritako lauburua kendu zuten.
2010-12-1. Azpeitiko Udaleko Ingurumen sailak Eusko Jaurlaritzaren 'Udalsarea saria' jaso zuen.
1862-12-1. Santo Domingo komentua zeneko lur eraikigarriak tasatu ostean, errematean saltzeko baldintzak aurkeztu zituzten. Erremate hori hil bereko 14an -igandean- hamaika eta erdietan egitea erabaki zuten, bertan adierazitako salneurriak oinarri hartuta.
1862-12-1. Azpeitiko agintariek Donostiako Udalari idaztea erabaki zuten, Baionatik edo Donibane Lohizunetik garia nola ekarri jakiteko. Baina Donostiako agintariek ere zalantza bera zuten. Hala ere, iritsi zen halako batean garia Donostiara eta handik Azpeitira ekarri zuten anega bakoitzeko 30 erreal ordainduta. Baina urriaren 1ean anega bakoitzeko, pare bat erreal gehiago ordainduta bazen ere, lurraldeko garia erostea erabaki zuen Udalak, bertako garia Donostiatik ekarritakoa baino hobea zelako.
1835-12-1. Egun horretan eginiko txostenean jakinarazi zuten herriko zazpi garraiatzailek urte bereko azaroaren 15ean, Azpeititik Espainiako erregeak alde egin zuen egunean, herritik Bergarara arte erregearen garraiatze lanak eurek egin behar izan zituztela, Elgoibarrera iritsi eta txanda egiteko inor ez zelako agertu. Hori zela-eta, Elgoibarko alkateari idaztea erabaki zuten, hortik Bergarara egindako garraiatze lana ordain zezan eskatuz edota, hori ezean, halako egoeretan handik aurrera nola jokatu behar zen erabakitzeko.
1719-12-1. Bailaran garia urri zela ikusita, Gaztelako (Espainia) presidenteari idatzi baten bidez baimena eskatzea erabaki zuten, Andaluziatik (Espainia) 1.550-2.000 anega inguru ekartzeko.
1719-12-1. Egun horretan egindako batzarrean, Juan Lizarraga, Juan Guillen, Juan Larraza eta Martin Perusurgin mandazain nafarrak batetik, eta, bestetik, Diego Larrazaren ordez haren anaia Antonio Larraza, Azpeitiko Joseph Olarra eta Pedro Irezabal mandazainak agertu ziren. Guztiek adostasuna azaldu zuten, aurreko urtean egin bezala eta diru ordain beraren truke Azpeitiko ardo hornikuntza egiteko. Hots, urte osoko ardo nafarra, gorria eta txakolinaren hornikuntza egitearen truke zilarrezko zortzi zituen berrehun errealen ordain saria.
1673-12-1. Juan Apaeztegiri parrokiko koruko burdinazko hesia egiteko agindu zioten, hurrengo urteko apirilaren 1ean Azpeitian bertan ospatuko zuten Gipuzkoako Batzar Nagusirako. Lanok aurrera eramateko parrokien bidez jakitera eman zuten agintariak eta herritar ezagunak eskean ariko zirelako herrian zein baserrietan koruko burdinazko hesia egiteko.
1673-12-1. Alkateak adierazi zuen Matias Zuazola Floreaga eta Loiolak eta Inazio Urkieta erretoreak, herriko auziak jarraitzeko izendatutakoak, berari eskatu ziotela Diago Agirre apaizarekin batera Iruñera agertzeko, apezpikuaren aurrean herriaren aldetik agertu beharreko gauzak jakinarazteko eta, beraz, herritik kanpo zen bitarterako bere ordezko alkatea izendatzea eskatu zuen. Gaia eztabaidatu ondoren eta aho batez, Jazinto Egurza erregidorea aukeratu zuten alkaterako.
1651-12-1. Domingo Kortaberriak eta Inazio Agirrek Arrasaten egindako Batzar Nagusian hartutako erabakiaren berri eman zuten: urtean behin eta eguberri bigarren egunez probintziko herri eta bailara guztietan arma erakusketa egitea, biztanle bakoitzak bere arma erakusgai jarriz. Agindua parrokien bidez zabaltzea erabaki zuten eta gisa horretan jakin zuen herritar bakoitzak bere betebehar berriaren berri.
1564-12-1. Elolaren kaperarako hamar dukaten axuleiuak erostea erabaki zuten Sevillan (Espainia).
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago