Eguna: 4-1

  • 2017-4-1. Joseph Kiptumek eta Desi Jisak irabazi zuten XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.
  • 2009-4-1. Joxe Lizaso bertsolaria hil zen, 82 urterekin.
  • 2003-4-1. Baite Euskara Elkarteak Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri zuen.
  • 1996-4-1. Oinezkoentzat herriko kale batzuk egokitzeko plana martxan jarri zuten.
  • 1912-4-1. Agustin-errekako urak Abeta urtegira ekartzeko enkantea ontzat hartu zuten.
  • 1901-4-1. Martin Altuna kontratistak Azoka plaza estalia egitearen eskaeraren berri eman zuten. Amu baserritik obrak egingo zituzten tokira trenbide estu bat jartzeko baimena eskatu zuen, eta aipaturiko baserritik Amuko zubira bitartean, obrak amaitzean, bidea lehen bezala utziko zuela agindu zuen. Herriak baiezkoa eman zion.
  • 1872-4-1. Alkateak zera adierazi zuen: nola jaso zuen Agustin Jauregi erretoreordearen gutun bat asteazken santuan, esanez gehiegizkoa zela sagrarioko giltza alkateari eskaintzeko Ostegun Santu eguneko ohitura; ondoren, eskatzen zuen ez zedila alkatea igo giltza jasotzera, beste urteetan bezala, erabakita baitzuen eskaintzarik ez egitea. Alkatearen erantzuna izan zen betidanik ezagutzen zen ohitura jarraitzea eta, herritarren sentimenduak zauritu gabe, ohiko tokira igotzea giltza jasotzera, baldin eta Jauregik berak pulpitutik eta herriaren aurrean adierazten ez bazuen urteetan ezagututako ohitura elizaren aldetik debekaturik zegoela. Aho batez ontzat hartu zuen Udalak alkatearen jokaera.
  • 1866-4-1. Herriko lehen gauzainak kaleratu ziren.
  • 1823-4-1. Aurrez ezerezean utzitako Urrestillako Udala berrezarri zuten.
  • 1820-4-1. Politiko nagusiarengandik agindu bat baino gehiago jaso ondoren, herritar berezienekin udalbatzar bat egitea erabaki zuten, konstituzio berriari zin egin eta ezagutzera emateko.
  • 1816-4-1. Gaztelako erregeak Jesusen Lagundiaren berrezarkuntza sinatu zuen Loiolako Ikastegian.
  • 1777-4-1. Gaztelako Kontseilu Nagusiak, herriaren eskaerari erantzunez, probisio errealaren berri eman eta lurraldeko ikatza herritik kanpo saltzea baimendu zuen, baldin eta herrian eroslerik ez bazen.
  • 1764-4-1. Ganaduen hiltegi berria eta haragi hornitzailearen etxebizitza enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1698-4-1. Izarraitzen izandako sute baten ondoren, Geronimo Alberdi, erruduntzat harturik, hamasei egunean herriko kartzelan egon zen, eta ustekabeko gertakizun bat izan zelako askatzeko eskatzen zuen erreguaren berri eman zuten.
  • 1683-4-1. Bixente Ferrerekin kontratua egin zuten, lau urtean pregonari eta danborrari zerbitzua eskaintzeko. Urtean 30 dukat ordainduko zizkioten, eta bi urtetik behin alkandora, oinetakoak, galtzerdiak eta abar emango.
  • 1675-4-1. Bederatzi urtean herriko kaleak ongi edukitzeko kontratua egin zuten Frantzisko Etxaniz maisuarekin.
  • 1675-4-1. Gaspar Fernandez Vallesekin haragi hornikuntzarako tratua egin zuten. Hark idiak erabiltzeko soka ekarriko zuela eta San Inazio jaietarako lurraldeko bi zezen emango zituela agindu zuenean egin zuten tratua.
  • 1560-4-1. Parrokiaren aurrean Juan Loiolak zuen lur saila erostea erabaki zuten, Elolaren Gramatika erakusteko eskola eta katedratikoaren etxebizitza egiteko.
  • 1557-4-1. Herriaren sarrera nagusiko armarria egiteko Domingo Rezabal maisuarekin egin zuten eskritura.
  • 1557-4-1. Enkantean jarri zuten Amuko zubia egitea.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan