2016-11-8. Artzubiko plazari Balentina Agirre Elorza izena ematea onartu zuen udalbatzak aho batez. Azpeitiko kale izendegiko lehen emakume izena izan zen, horrenbestez, emagin azpeitiar zenarena.
2000-11-8. Xabier Aldayk 'Bazterrekoak' liburua aurkeztu zuen.
1914-11-8. Parrokiko eliza kontsakratu zuen Nissako apezpiku Laureano Veres jesuitak.
1882-11-8. Poliziaren batzordeak prestatutako herri ordenantzak irakurri eta onartu zituzten, eta Gobernu Zibilera bidaltzea erabaki zuten, honek ere onar zitzan.
1880-11-8. Gaspar Bereziartuak, beste herritar batzuekin batera, gurdiak zarata atera gabe ibiltzeko debekua Udalak ezerezean utzi zezala eskatu zuen. Izan ere, haien ustez, herri barruan ez ezik, istripuak izateko arrisku handia zegoen noiznahi, gurdiaren azpian sartu eta ardatza olioztatzea. Diputazioa jakinean jartzea erabaki zuten, berak gaiari buruz zerikusia zuela-eta.
1869-11-8. Herriko ordezkariak Madrilen urriaren 13an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Herriko Miserikordiarako Karitateko Alaben zuzendariarekin eginiko kontratuaren kopia bidali zuen. Ontzat hartu zuen Udalak eta, hari eskerrak emanez, eginiko gastuen zerrenda adieraztea eskatu zion.
1811-11-8. Une hartan herrian 500 soldaduz osatutako talde mugikorra zegoen eta gauean beste 1.500 soldadu bertara etortzekoak ziren. Haien hornikuntza egiteko beharrekoa zen gariari buruz hitz egin zuten, eta gutun baten bidez apaizei eta herritar bereziei hauxe eskatzea erabaki zuten: anega bakoitza 80 erreal ordainduko zietela herriaren aldetik.
1752-11-8. Gortean probintziaren ordezkari Joakin Altunari ahalmena ematea erabaki zuten azken urriaren 22an Herri Batzar nagusian; hau da, herriko agintari aukeraketa Eguberri hirugarren egunean egiteko baimena, Gaztelako Kontseilu Errealean eskatzeko.
1737-11-8. Santu Guztien egunean izandako uholdeek ordu artean ezagutu gabeko kalteak egin zituztela esan zuten. Lurraldeko bide gehienak hautsi ziren, eta ahal zen azkarren konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1737-11-8. Herriaren elur hornikuntza egile Frantzisko Antonio Zigaranek esan zuen azken egunetako euriteek -eta, batez ere, Santu Guztien egunekoak-, lur-jausiak sortu zituztela toki askotan, erabat apurtu zirela bideak. Horrela, Izarraizko izoztegirako bidea erabat itxita utzi zuten, eta lehen gurdian herriratzen zuten elurra; bizkarrean ekarri beharrean zegoen Zigaran, eta langileak aurkitu behar izan zituen horretarako. Neurriak hartzea eskatu zion Udalari, eta honek ahal zen azkarren bazen ere bide bakar batzuk egokitzea erabaki zuen.
1697-11-8. Frantzisko Aizarnazabalek eta Antonio Iruretak, gainontzeko apaizen izenean, bataio pontea zen tokiak benetan itxura txarra zuela esan zuten eta leku bat egokiagoa merezi zuela. Agintariak jabeturik ziren aurrez. Eskerrak ematea erabaki zuten orduan.
1692-11-8. Herriak parrokiko aldareari buruz Pedro Arostegiren iritzia jasotzea erabaki zuen, bera egiten ari zen Joan Apaeztegi maisuaren eskaerari erantzunez.
1647-11-8. Katalina Lerizi haur utzi bat hazteko eman zioten, baina herrian zabaldu zen hark ez zuela nahiko esne izango horretarako. Hala, Martin Atxaran erregidoreari agindu zioten, Maia sendagilearekin bat eginik, egia zen edo ez jakitea, ondoren behar ziren neurriak hartzeko herriaren aldetik.
1647-11-8. Herriko fidelak adierazi zuen Enparango zubiaren aldeko herriko sarrera gainean zegoen Andre Mariaren margotutako koadroa erori zutela eta bera zintzilikaturik zegoen tokia txukundu beharra zegoela. Andre Mariaren beste koadro bat jartzea erabaki zuten, tokia behar bezala egokitu ondoren.
1584-11-8. Kontuan izanik enparantzak herriari nortasuna ematen ziola eta probintziko berezienetako bat zuela Azpeitikoak herriaren harresiaren kanpoa, lohitsua eta zikina, egokitzea eta garbitzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago