2020-5-22. Autobus batean Patxi Ruiz presoaren aldeko pintaketak egin zituzten ezezagunek.
2014-5-22. 'Benan, mendia arnas' dokumentala estreinatu zen, Mendi Astearen baitan. Xumar Altzugaraik eta Estitxu Fernandezek egin zuten ikus-entzunezkoa.
2011-5-22. Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak, gehiengo osoarekin. 4.333 botorekin, 11 zinegotzi lortu zituen Bilduk; EAJk 2.219 boto eta 5 zinegotzi; eta Hamaikabatek 483 boto eta zinegotzi bat. Aralarrek, PSE-EE eta PPk ez zuten ordezkaritzarik lortu Azpeitiko Udalean.
2011-5-22. Jose Felix Zubizarreta azpeitiarra Iban Resano nafarrari nagusitu zitzaion, herriko zezen-plazan jokatu zuten aizkora apustuan.
1996-5-22. Ikastola berriaren aldeko manifestazioa egin zuten mila bat herritarrek.
1978-5-22. Neska eta mutikoen haur eskola martxan jartzeko baimena eman zioten Jesusen Bihotzaren Ikastetxeko Gurasoen Elkarteari.
1973-5-22. Herriko saihesbidea inauguratu zuten.
1940-5-22. Enparantza Nagusian kioskoaren azpian ezkutuko komunak egitea enkantean jarri zuten.
1922-5-22. Joxe Etxezarretak plebizitua egitea proposatu zuen, aurretik erabakita egon arren, trenaren geltokiak non izan behar zuen erabakitzeko. Baina aho batez erabaki zuten horrelakorik ez egitea.
1882-5-22. Gasteiztik irten eta Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia bitarteko trenbide batek sor zezakeen abantailaren berri ematen ahalegindu zen alkatea, herritar askoren eskaria jaso ondoren. Geldirik egotea kaltegarria zenez, bilera deitzea proposatu zuen. Herrietako udalak ez ezik, herritar berezienak deitu zituen. Proposamena ontzat hartu zuten, eta aipaturiko herrietako alkateei berehala idaztea erabaki zuten.
1871-5-22. Pedro Inazio Odriak baldintzak eta aurrekontua prestatu zituen San Agustingo patioan haur eskola egiteko. Enkantean jartzea erabaki zuten.
1853-5-22. Parlamentari Batzordeak 1850eko irailaren 30ean eginiko hamasei artikulutako galderak erantzun zituen herriak.
1853-5-22. Eliz kaleko 11., 13. eta 15. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egiteko Joxe Mari Azpiroz perituak osatutako baldintzak onartu zituzten.
1847-5-22. Herriko lurraldean eta Joxe Antonio Olazabalenean zen ur sulfurosoan egunero jendetza handia biltzen zela adierazi zuten Berrasoeta baserrian bizi zirenek. Berrasoeta egurrezko zubi zaharretik pasatu behar zuten horretarako eta, zubia arriskuan zegoenez, indartzeko eskaera zuzendu zuten. Zubiaren egoera ezagutzeko eta, agian ondoren neurriak hartzeko, batzordea izendatu zuten.
1739-5-22. Parrokiko 'Bataio' kaperako obra jarraitzeko probintziak emandako diru laguntzaren berri jakinarazi zuten. Aurrera jarraitzea onartu zuten.
1739-5-22. Nafarroako Erresumara herriak bidalitako ordezkariari bere lana ordaindu zioten. Kexak azaldu zizkioten toki batzuetako ardoen berri jakitera eginiko bidaien ondoren ardo kaskarra ekarri zutelako.
1735-5-22. Denbora baino lehen otea ebaki zutelako preso zeuden baserritar batzuk, alkateak hartuta. Haren tenientea izan zen lan horretan lehenetarikoa hasi zena. Hari 30 errealeko isuna ezartzea erabaki zuten.
1680-5-22. Mendian saltzeko laugarren almodenan erosle bakar bat agertu zen, zortziko zazpi mila erreal eskainiz. Herriari gutxi iruditu zitzaion, ordainketa handiak zituelako egiteko. Beraz, udalbatzar bat egitea erabaki zuten ondorengo egunen baten, bertara joaten ez zenari 500 maraiko isuna ezarriz.
1599-5-22. Herriko bi alkateak kanpoan ziren eta, tenientea gutxi iruditzen zenez, beste alkate bat izendatu zuten: Bixente Egibar.
1567-5-22. Iruñeko apezpikuak bisitaldi pastorala egin zuen Urrestillara.
1566-5-22. Errebaleko biztanleek auzia jarri zuten, herritik kanpo salmentak egitea debekatzen zuelako herriak. Udalak Valladolidera (Espainia) ordezkari bat bidaltzea erabaki zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago